Haizetara jaialdia. Zornotza

Txapeldunen arteko lehia Zornotzan

Bihar hasiko da Haizetara, kaleko musika taldeen jaialdiaren hamargarren aldia.Aurreko txapeldun guztiek parte hartuko dute

Haizetara jaialdia urtez urte egiten dute Zornotzan, San Juan bezperako aurreko asteburuan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2015eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Musikaz beteko dira Zornotzako kaleak asteburuan, Haizetara kaleko musika taldeen jaialdiaren hamargarren aldia egingo baitute. Hori ospatzeko, eskaintza berezia prestatu dute antolatzaileek. «Hamargarren urteurrena denez, aurreko urteetan epaimahaiaren lehen saria irabazi duten taldeak gonbidatu ditugu», azaldu du Luis Javier Ugarte Ametx erakunde autonomoko kultura dinamizatzaileak. Beraz, txapeldunen arteko musika lehia bizia izango da Zornotzan.

Jaialdia ofizialki bihar hasiko bada ere, lehenengo emanaldia gaur bertan izango da. Andra Mari plazako agertokian joko du La Fanfare Petard taldeak, 20:30ean. Talde horrek irabazi zuen 2009ko Haizetara, eta horregatik gonbidatu dute aurten. Baina La Fanfare Petard-ek ikuskizuna aldatu du, eta iada ez da kaleko musika taldea. «Agertoki gainean eta soinu tresnak ezarrita jotzen dute. Musika elektronikoarekin nahasketak egiten dituzte orain», dio Ugartek. Aldaketak horiek direla eta, ezin dute lehian parte hartu, baina modu batean edo bestean taldea Zornotzan egotea nahi zuten antolatzaileek.

Beraz, jaialdia bihar arratsaldean hasiko da. Zuhaitza parkean aurkeztuko dituzte jaialdian parte hartuko duten bederatzi taldeak. Behin aurkezpenak bukatuta, musika taldeek Zornotzako kaleak hartuko dituzte.

Musikariak alde batetik bestera mugituko dira. Baina jaialdian lau gune berezi egongo dira: Gernika,Zubiondo eta Arraibi plazak, eta Zelaieta parkea. Gune horietan eskaintza gastronomikoa prestatu du antolakuntzak. «Bazkaltzeko eta afaltzeko tokia egongo da. Herritarrek gozatzen duten jaia da hau, eta zornotzarrak kalera ateratzea nahi dugu». Musikariak alde batera eta bestera ibiliko badira ere, saio gehienak gune horietan hasi edo bukatuko dituzte. Jaialdia igande eguerdian bukatuko da sari banaketarekin.

Epaimahaiaren garrantzia

Haizetara jaialdia giro alaian egiten bada ere, lehiaketa da. Aurten, gainera, aldi berezia izanik, sariak handitu dituzte. Irabazleak 12.000 euro eskuratuko ditu. Erabaki hori epaimahaiak hartuko du. Jose Miguel Lopez Radio3eko esatari beteranoa izango da epaimahaiko presidentea aurten. «Beti saiatu gara musika munduko pertsona ezagun bat jartzen epaimahaiko buru. Aurreko urtetan izan ditugu, hala nola Kepa Junkera, Roberto Moso edota musika jaialdi ezagunetako zuzendariak». Zornotza eta inguruko bizilagunak dira epaimahaiko gainerako kideak: «musikariak, antolatzaileak eta ikuskizunaren munduko jendea». Urtez urte,epaimahaiko kideak aldatu dituzte, urtero mahaiko kideen gustuak ezberdinak izan daitezen.

Sari nagusiaz gain, musikari onenaren saria ere emango du epaimahaiak. Gehien nabarmentzen den musikariak 1.500 euroeta Intercable enpresaren babesa jasoko ditu.

Epaimahaiaren rola garrantzitsua bada ere, herritarrek ere euren iritzia emateko aukera izango dute jaialdian. Larunbat gauean jasoko ditu antolakuntzak entzuleen bozak. Aldeko gehien jasotzen dituenak irabaziko ditu herri sariaren 5.000 euroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.