Jaiak. San Joan jaiak Barrikan

Musikari gazteen txanda Barrikan

Gaur emango diete hasiera Barrikako jaiei, txupinazo eta pregoiarekin.Artisautza azokak eta sukalki txapelketak osatuko dute asteburua

Barrika On Air banda eta DJ lehiaketako irabazleek Goserekin batera joko dute larunbat gauean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
2015eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Sanjoanak heltzear daude, eta, horrekin batera, Euskal Herriko hamaika herri eta auzotako jaiak, baita Barrikakoak ere. Jai batzordeak ahalegin berezia egin du aurten, eta hainbat berritasun sartu dituzte programan; besteak beste, jai hasierako kalejira eta Barrika On Air musika talde eta DJen lehiaketa. Irabazleak bihar joko du Gose taldearekin udaletxeko plazako agertokian.

Gaur hasiko dira jaiak, pregoiarekin eta txupinazoarekin. Aurretik, kalejira bat egingo dute pilotalekutik udaletxeko plazara, Txopolis fanfarrearekin batera. Lehen urtea da kalejira hori egiten dutena. «Barrikan, ez daude kuadrilla antolatuak; beraz, kalejira honekin lortu nahi dugu jendea animatzea», adierazi du Olaia Mitxelena jai batzordeko kideak.

Bi gune nagusi daude Barrikako jaietan: tabernak eta udaletxeko plaza. Azken horretan egingo dituzte kontzertuak, eta jai batzordeak bi txosna prestatu ditu. Bata, ogitartekoekin, eta bestea, edariekin.

Jaietako egun handia San Joan eguna da. Hala ere, aurten asteazkena denez, Mitxelenak uste du jende askok ezin izango duela parte hartu. Hala ere, San Joan egunaren ondotik, igandea da Mitxelenarentzat egunik onena. Kasero eguna izaten da Barrikan. Egun horretan, nekazaritza eta artisautza azoka antolatzen dute. «Jende asko biltzen da azokan». Horrekin batera sukalki txapelketa egiten dute: «Herrian, talde batzuek urtez urte parte hartzen dute. Horiez gain, eskualdeko sukalki txapelketetan parte hartzeko ohitura duten hainbat talde ere etorri ohi dira». Eguna girotzeko, bertsolariak, ADI metodoaren klase irekia eta The Black Sisters musika taldea egongo dira.

Umeak protagonista

Umeentzako egitarau zabala prestatu dute Barrikan. Bihar goizean, familien arteko joko ginkana egingo dute. Gurasoekin batera jokatu ostean, Barrikako umeek aukera izango dute bitsa jaian eta ur puzgarriekin jolasteko. «Bitsa jaiak arrakasta izaten du. Inguruko herrietan ez dago, eta ume pila bat etortzen dira». Eguerdi aldera, eta goseari aurre egiteko, tortilla txapelketa antolatu dute. Apuntatzea librea baldin bada ere, guraso askok euren seme-alabekin batera ematen dute izena. Arratsaldea familien disko dantzaren doinuek girotuko dute, eta, pixka bat beranduago, pailazoek Tomaxen abenturak kontatuko dituzte.

Jaietan ohikoak dira dantza eta jana. Hala ere, kirolari ere tartea egin diote jai programan Barrikan. Herriko tenis taldeak gaurko antolatu du gaueko II. paddle txapelketa. Izen ematea egunean bertan egin daiteke, eta parte hartzaile guztientzat egongo dira sariak.

Horrez gain, igande eguerdian jokatuko dituzte haur eta kadete mailako tenis txapelketak. Hala ere, Barrikan ez dira bakarrik tenisean aritzen. Bihar goizean, futbol zaleek bat egingo dute Barrikako futbol zelaian, han jokatuko baitute futbol 7 txapelketa. Igande arratsaldean, berriz, herri kirolen erakustaldia egingo dute.

Gaur hasi eta asteazkeneraino, beraz, lagun guztientzako ekitaldiz beteko dituzte Barrikako kaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.