Albistea entzun

Sakelakoa haurrei noiz?

Guraso askorentzat, buruhauste iturri handi bat da sakelako telefonoarena. Noiz eman haurrari bere gailu propioa? Eta nola arautu erabilera? Adituek ez dute adinik zehazten, eta haurrarekin hitz egiteko gomendatzen dute.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko azaroak 19

Oso ohikoa da 7 eta 13 urte arteko gaztetxoek gurasoei egiten dieten eskaera: «Telefono propioa nahi dut, nire lagun askok badaukate dagoeneko bat». Gurasoetako baten —edo bien— sakelakoa erabili izan dute ordura arte, baina eurena bakarrik izango dena nahi dute momentu batetik aurrera. Haurrak, gainera, gero eta gazteago direnean hasten dira gailua eskatzen, eta, horregatik, gurasoen artean gero eta agerikoagoa da kezka: noiz erosi seme-alabari lehenengo gailua? Zein da adin egokiena? Zeren arabera hartu behar da erabaki hori? Zertarako erabiliko dute sakelakoa? Bata bestearen atzetik pilatzen dira galderak. Adituek, baina, ez daukate erantzun zehatzik gurasoen zalantzentzat: diotenez, seme-alabaren arabera erabaki beharko litzateke noiz eta nola eman telefonoa. Adin konkreturik eman gabe.

Maria Zabalak teknologia egoki erabiltzearen inguruko hitzaldiak eta gomendioak ematen dizkie gurasoei, eta, dioenez, mezu argi bat eman ohi du: «Garrantzitsua da jakitea haurra nolakoa den, eta horren arabera aurreikustea telefonoa nola erabiliko duen. Adibidez, kontzentratzea kostatzen bazaio, telefonoarekin haurrak aisialdi iturri bat izango du eskura une oro, eta lagunekin harremanetan egongo da; haurra lotsatia bada, akaso telefonoa ez zaio hain erabilgarria egingo, ez baititu bere gauzak partekatuko lagunekin; edo teknologiaz aparteko jarduerak gustatzen bazaizkio —marraztea edo irakurtzea—, telefonoa ez zaio hain erakargarria egingo». Horregatik, telefono propioa noiz eduki erabakitzeko, adinak baino pisu handiagoa beharko lukete haurraren heldutasunak edo teknologiari emango dion erabilerak.

Bere izaeraren arabera desberdin erabiliko baitu haurrak sakelakoa. Hori dela eta, teknologien erabileraren inguruan hitz egiteko beharra ere azpimarratu du Zabalak: «Haurrarekin elkarrizketa asko eduki behar ditu gurasoak». Izan ere, telefono propioa eskuratzen duen momentuan, haurrak harreman autonomoagoa lortuko du munduarekin, eta, horregatik, gurasoek pentsatu behar dute haurrak sakelakoa nola erabiltzea nahi duten. «Egitea gustatuko ez litzaiekeenaz baino gehiago, haurrek telefonoarekin zer egitea nahiko luketen erabaki behar dute gurasoek; eta horrek hitz egiteko eskatzen du».

Telefonoa erosi aurretik, gainera, ikusi behar da nolako harremana izan duen haurrak teknologiarekin aurrez, aholkulariak dioenez. «Sakelako propioa eduki aurretik haurrak teknologia erabiltzearen inguruko arau batzuk ezarrita badauzka, telefonoa daukanean ez du araurik gabe eta nahi bezala erabiliko». Horregatik, Zabalak ohartarazi du sakelako propioa eduki aurretik hasi beharko litzatekeela lanketa.

Alde horretatik, gurasoentzako deia egin du Jone Zalduegi Emoki elkarteko kideak. Besteak beste, teknologiak era osasuntsuan erabiltzeko aholkuak eta baliabide didaktikoak eskaintzen dituzte Emokin, eta gurasoek haurren eredu izan behar dutela gogorarazi du aholkulariak: «Haurrentzat zerbait nahi baldin badugu, ezer baino lehen gurasoek euren portaerak aztertu behar dituzte». Hau da, gailu teknologikoak gutxiago erabiltzeko esaten bazaie haurrei, horrek ez du ezertarako balioko eredu eman behar duten gurasoak une oro sakelakoari begira baldin badaude. Esaten dena norberak egin behar du.

Eredu izateaz gain, telefonoan haurrekin batera aritzeko gomendioa ere egin du Zabalak: «Telebista batera ikusten den bezala, komenigarria izan daiteke sakelako propioa eduki aurretik telefonoa haurrekin batera erabiltzea». Zer egiten duten jakiteaz aparte, ikus dezatela badakitela zer aplikazio eta bideo gustatzen zaizkien haurrei. «Era horretan, haurrek ikusten dute gustatzen zaizkien aplikazioak ezagutzen dituzula, eta interesa daukazula». Era horretan, sakelako propioa daukatenean, haurrek errazago esango diete gurasoei zertarako erabiltzen duten telefonoa. «Une oro esaten badiezu haurrei ez duzula ezer ulertzen beren aplikazioei buruz, eta ea zer egiten dabilen, azkenerako ez dute ezer kontatuko». Azken batean, sakelakoak harremanen parte izan daitezen aholkatzen du. «Hori da gaur egungo errealitatea, eta ezin zaio bizkarrik eman».

Sakelakoaren kontrola

Haurrak sakelakoa eskura daukanean, gurasoek horien inguruko kontrola egin beharko lukete? Horra guraso askori burura etortzen zaien hurrengo galdera. Eta horrentzako erantzun zehatzagoa dauka Zabalak: «Autonomia pixkanaka eman behar zaio haurrari». Eta alderaketa egin du ondoren: nerabeak gauez kalera irteten hasten direnean etxera zer ordutan itzuli zehazten denean bezala, uste du autonomia digitala apurka eman behar zaiela haurrei.

Horretarako, Zabalak eta Zalduegik gauza bat argi utzi dute lehen pauso gisa: sakelako telefonoak ez du opari bat izan behar. «Oparitzat jasotzen baldin badu, zaila izango da ulertaraztea telefonoaren erabakiak ez dagozkiola berari bakarrik; izan ere, sakelakoa oparituta ere, gailu horrek ez du ezertarako balio Interneterako sarbiderik ez baldin badauka, eta sarerako konexioa gurasoek ordaintzen diote». Hori ulertu beharra dauka haurrak, Zabalaren iritziz. «Jakin beharra daukate bizitza teknologikoa gurasoen bidez eskuratzen dutela». Horregatik, hileroko paga ematen denean bezala, sakelako telefonoaren datuekin ere berdin egiteko gomendioa egiten du Zabalak. «Datu mugagabeak ematen bazaizkio haurrari, ez du ikasiko teknologiaren erabilera kudeatzen; aldiz, datu kopuru jakin bat baldin badauka, eta horiek agortzean gehiago ematen ez badizkiozu, datu horiek behar den bezala banatzen ikasiko du». Orduan hasiko da haurra bere bizitza teknologikoa kudeatzen ikasten.

Bide horrez gain, badago modu gehiago ere haurrak egiten duen erabilera kontrolatzeko. Autonomia apurka emateko tresnak. «Merkatuan badaude milaka produktu eta aplikazio haurrek egiten duten sakelakoaren erabilera kontrolatzeko, eta horiek ere badira erronka», Zalduegiren hitzetan. Zenbat denboran erabiltzen duten kontrolatzen dutenak daude, edo aplikazioak instalatzeko gurasoen baimena eskatzen duten gailuak, eta horiek lirateke haurrari autonomia progresiboa emateko gailuak. «Kontua ez da erabateko kontrola izatea haurrak egiten duen guztian, baina autonomia hori apurka lortzen joanda egokiagoa da; bideko zalantzak hobeto kudeatu ahal izango dira».

Argi utzi behar baita, adituen arabera, teknologia erabiltzearen inguruko lehen arauak gurasoek ematen dituztela. Baina bide horretan gurasoek duten autoritatea barneratzeko, telefonoa haurrak direnean emanda emaitza hobeak lor daitezkeela uste du Zabalak. Izan ere, haurrek 12 urte dituztenean arau horiek hobeto barneratzen dituzte, 17 urte dituztenean baino: «Horregatik, gurasoek beldur oro uxatu behar dute, eta onartu euren seme-alabek sakelakoa edukiko dutela. Hobe oraindik euren autoritatea zalantzan jartzen ez den une batean ematea».

Baina zer gertatzen da haurraren ingurune sozialeko kide gehienek sakelako telefonoa daukatenean? Taldeak eragin dezake erabaki horretan? Zalduegik dioenez, gurasoek askotan uste dute sakelako telefonoa eman ezean lagun taldetik baztertuta geratuko direla seme-alabak: «Hori guztiarekin gertatzen da, eta erronka nagusia da norberak bere mugak ezartzea bere haurrari». Zabalak beste alderaketa bat egin du: «Udalekuetara noiz eta zenbat denboraz joango diren erabakitzea gurasoen eta haurren arteko elkarrizketa baten ondorio izaten den bezala, kasu honetan ere berdin izan beharko luke». Baina erabakiak ez luke presio sozial baten menpe egon beharko, nahiz eta presio hori egon badagoen, Zalduegik dioenez: «Ez dut uste telefonoa eskatzeko aitzakia bat denik; baina, hitz eginez gero, gurasoek azaldu ahal izango diote haurrari zergatik erabaki duten telefonoa beranduago ematea».

Telefonoarekin, kontratua

Adituek behin eta berriro errepikatu dute ideia hori: gurasoek haurrekin hitz egin behar dutela telefonoa noiz jasoko duten zehazteko, eta nola erabili erabakitzeko. Alde horretatik, telefonoak nola erabili zehazten duten kontratu eredu ugari daude Interneten, eta Zalduegik dio horiek lagungarri izan daitezkeela: «Horien bidez ikusi dezakete haurrek zer egin dezaketen sakelakoarekin, eta zer ez, baina sinatutako hori errealitatera eraman beharra dago, eta hori eguneroko borroka bat da». Hau da, telefonoen inguruko kudeaketa ez da kontratua sinatzearekin batera amaitzen; hasiera bat besterik ez da, aholkulariaren esanetan. «Egunerokoan adi egon beharra dago, erabakitakoaren mugak noraino iristen diren ikusteko». Eta hor berriz ere elkarrizketak pisu handia hartzen du haurren bizitza digitala kudeatzeko garaian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Gorobel mendilerroan hasi, eta Hiru Erregeen Mahaian amaituko da Urmuga. Hemeretzi egunez, 380 kilometroko mendi zeharkaldia egingo dute. ©URMUGA

Urmuga 2021 artikulu bilduma

Berria

Egitasmoak mendia eta musika uztartuko ditu bigarrenez. Uztailaren 13tik 31ra arte, ibilbideak Euskal Herri osoa zeharkatuko du, 19 etapatan. BERRIAk egunero argitaratuko ditu Urmugarekin lotutako iritzi artikuluak.

Barkoxeko karrika zolan egin dute hirugarren barrikada, maskaralariei batzarri egiteko. Dantzariek ere abilezia erakutsi dute. ©AINIZE MADARIAGA

Barkoxeko hartza loti handia da

Ainize Madariaga

Maskaradak abiatu dituzte Barkoxeko herritarrek. Hiru barrikadetatik landa egin dute plaza jokoa, umorez beterik, oso gogotsu. Eskiulan dute datorren igandeko hitzordurat.

Ezkerretik hasi eta laugarren hilobian datza Eduardo Osa Santibañez, Ibarrako hilerrian. ©ZALDI ERO

«Guardia zibilak berbertatik sartu zion tiroa Etxebarrietari»

Miel A. Elustondo

Graham Greenek gidoia idatzi, eta zinemagintzaren historiara iragan den filma egin zuen Carol Reedek 1949an: 'Hirugarren gizona'. Orson Welles, Joseph Cotten, Alida Valli... 1968an ere Tolosako Bentaundin Txabi Etxebarrieta hil zutenean, bazen 'hirugarren gizon' bat, guztiaren lekuko isil-gorde. Ibarran ehortzirik dautza haren hezurrak. Haren egia, aldiz, haizea bezain libre dabil.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Lander Muñagorri Garmendia

Informazio osagarria