ATZEKOZ AURRERA. Pablo Ramos. After Cage musika jaialdiko zuzendari artistikoa

«Sorkuntzarako inspiratzen gaitu Oteizaren lanak»

Jorge Oteizaren figura oinarri hartuta, After Cage musika jaialdia egiten ari dira Iruñean. 1972. urtean hirian izandako «espiritu abangoardista» berreskuratu nahi dute ekitaldiarekin.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Kazetaria da Pablo Ramos (Iruñea, 1958). Gaztetan murgildu zen folklorearen munduan; hasieran, dantzaren bidez. Musika garaikidean interesatu zen ondoren, eta After Cage musika jaialdi esperimentaleko zuzendaria da egun. Bortzgarren aldia du aurten jaialdiak. Urriaren 9an egin zuten lehen kontzertua, eta 16an eta 23an egingo dituzte bertze bi emanaldiak.

Irratiko kazetaria zara, baita After Cage musika jaialdiko zuzendari artistikoa ere. Nola uztartzen dituzu bi lanak?

Zaila da. Zorionez, nahikoa erraztasun ematen didate. Irratian hagitz ulerkorrak dira. 7.2 kolektiboko jende itzelaren laguntza ere badut.Lantalde hagitz ona dut, eta irratian ere anitz laguntzen didate.

Nolako harremana duzu musikarekin?

Musika dena da niretzat. Folklorearen mundutik nator. Ortzadar dantza taldean hasi nintzen. Gero, operaren eta musika garaikidearen mundura egin nuen jauzi. Musika mota guztiak gustatzen zaizkit, denek hunkitzen naute, denek asaldatzen naute. Zergatik? Musikak anitz transmititzen duelako. Musikak emozioa transmititzen du, eta emozioa beharrezkoa da bizitzeko.

Nola otu zitzaizuen Iruñean musika esperimentaleko jaialdi bat antolatzen hastea?

1972an egindako topaketa batzuetan, orduko artisten abangoardia bildu zen Iruñean. Duela urte batzuk, jende talde bat batu ginen, fenomeno hari jarraipena eman nahian. Pilar Fontalbarekin Europan musika garaikideak zeukan indarra ikusia nuen, eta uste genuen okerra zela Europan horrelako indarrez dagoena hemen itzalita egotea. Ezin genuen sinetsi 1972. urtean hainbertzeko mugimendua egotea eta gero ezer gelditu ez izana. Berriro musika hau aditzera emateko beharra zegoen.

Bortzgarren aldia duzue aurtengoa. Nola iritsi zarete Iruñea bezalako hiri kontserbadore batean jaialdi erreferente izatera?

Nahiko kontserbadorea da, bai. Ahalegin handia egin dugu, baina laguntza ere izan dugu. Gaiarre antzokia izan da gure alde apustu egin duen lehena. Gaiarreren laguntzaz gain, leku anitzetan ere ibili gara. Gainera, guk egiten dugunak beti du umore puntu bat.

Zer-nolako ikuskizunak egiten dituzue?

Esperimentu oso arraroak egin ditugu. Zaldi bat sartu dugu Gaiarren musika elektronikoa jotzen ari ziren bitartean. Hasieran, jendeak uste dezake erotuta gaudela, baina ez; hau musika esperimentala da, hona iritsi nahi genuen; Iruñean halakoa egin zen 1972an.

Urtero gai berezi bati heltzen diozue. Aurten Jorge Oteizaren lanean oinarritu zarete. Zer izan da Oteiza zuretzat?

Oteiza oso esanguratsua izan da niretzat. Oteiza bertze irla bat da. Hagitz arraroa zen Orion [Gipuzkoa] jaiotako gizon bat, etxe ondoan frontoia zeukana eta bizitzarako bertze perspektiba bat, bat-batean artista hain berezia izatea. Izan ere, bertze gauza bat izan zitekeen, baina ez zen izan. Pentsatzailea eta sortzailea izan zen. Oteizaren figura ikusi, eta argumentu pila bat etorri zitzaizkigun, sortzeko. Opera bat ere egin dugu Oteizaren figuran oinarrituta; datorren urtean estreinatuko dugu, jaialdian.

Eta, jaialdi gisa, zer inspiratzen dizue Oteizaren figurak?

Sorkuntzarako inspiratzen gaitu Oteizaren lanak. Garai batean zeresan handia eman zuen artista izanzen bere garaiko artisten artean. Utopia iradokitzen digu, hutsarekin lan egin ahal izatea, isiltasunarekin, harrespilarekin, metafisikarekin, klarion laborategiarekin. Hori guztia musikara ekartzeko aukera ematen digu Oteizak,gauza askoren inspirazio iturri delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.