ATZEKOZ AURRERA. Teresa Lanceta. Artista

«Akatsa onartu behar da lana eraldatzeko»

Astero trenez igarotzen zen 36ko gerran Ebroko gudua gertatu zen ingurutik, eta etxekoei entzundako istorioekin lotu zuen hura. 'Ebro ibaiaren igarotzea' proiektua sortu du tapizekin, memoria ariketa bat.

Andoni Imaz.
2018ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Memoriaren materialtasunaz hausnartzen duen Uraren memoriak erakusketa ikusgai egon da udatik Donostiako Kristinaeneko Ingurumen Baliabideen Etxean, eta igandean kenduko dute. Bertan, bost tapizekin osatutako lan bat dauka Teresa Lanceta artistak (Bartzelona, 1951), iragana eta oraina nahasiz: Ebro ibaiaren igarotzea.

Trenez egindako bidaietatik sortu zen erakusketako lana, ezta?

Alacanten [Herrialde Katalanak] bizi naiz, eta Bartzelonan egiten dut lan; beraz, astero trenez joaten nintzen batetik bestera. Trena igarotzen den inguru horretakoa dut familia, eta txikitan kontatzen zizkidaten istorioak etorri zitzaizkidan gogora. Halako batean, irakurri nuen toki horretatik bertatik pasatu zela 1938an Parisko Komuna batailoia, Errepublikaren aldeko nazioarteko brigadistena. Igaro zirenean, ia denak hil zituzten. Trenetik pentsatzen nuen: «Arroz soro horien azpian hildako asko daude».

Bost tapiz daude: guduak iraun zuen hilabete bakoitzeko, bat.

Lau hilabete iraun zuen, berez, baina bost ukitu zituen [uztailaren 25etik azaroaren 16ra]. Amonak ogia biltzeko erabiltzen zuen oihal bat nuen gogoan. Asko gustatzen zitzaidan, eta hura kopiatu nahian hasi nintzen.

Testuekin osatu duzu tapizekin egindako lana?

Neure buruarekin hartu nuen konpromisoa trenean nindoanean zerbait idazteko, eta entzundako istorioak kontatzen hasi nintzen. Trenarekin eta nire orduko bizitzarekin nahastu nituen. Ez zen erabat kontzientea izan, baina beste gauza batzuekin lotzen hasi nintzen.

Zer gauzarekin?

36ko gerra galdu egin zen, eta beste gauza asko ere galdu ziren. Ni lanean ari nintzela, Espainiako errege Juan Carlos I.aren alaba epaitu zuten, Valentzian politikariak ustelkeriagatik erortzen hasi ziren... Eta pentsatzen nuen: «Noski, gerra oraindik galduta dago». Esaten da Espainiako trantsizioa desastrea izan zela; desastrea da betikoek irabazi zutela.

Iraganaren berrinterpretazio bat proposatzen duzu?

Ez da berrinterpretazioa; iragana gu ere bagara. Behin lanean nengoela konturatu nintzen guztiaz; ez naiz batere kontzeptuala, ez nuen ex profeso egin. Lanean hasten naizenean sortzen da ideia, kontzeptua eta hori dena, ez lehenago.

Memoriaren materializazioarena prozesu kontzientea da, ordea.

Egin ahala zen kontzientea. Orduan ikusi nuen oraina iraganaren zati dela, eta iragana orainaren zati. Hein handi batean, klase borrokaz ere ari nintzen, eta gaur egun ere hala da, baina borrokarik gabe. Klaseak oraindik labanaz ebakitzen dira. Denok dakigu zer gertatzen den, eta lana da hori argitara ateratzeko modua.

Memoriak indartu behar dira historiaren aurrean?

Memoriez ari garenean, gure gurasoez ari gara, aitona-amonez, gu egin gaituen horretaz. Orain memoria historikoa kritikatzen duten horiek dira memoria pribilegiatu bezain interesatua dutenak.

Memoria urarekin lotzen du erakusketak. Likidoa da?

Izugarri gustatu zait hori. Gaur egun, likidoaren kontu horrek oso fama txarra dauka, baina ez zait bidezkoa iruditzen. Gazteei botatzen diegu guztiaren errua. Memoria, berez, interesatua da, justiziari baino gehiago gure interesei begiratzen diegulako. Alde horretatik, uste dut erakusketak nire lana hobetu eta handitu egiten duela.

Esan izan duzu ehuntzean eta bizitzan ez dagoela atzera bueltarik.

Uste dut akatsekin bizi behar dugula, gure bizitzaren parte dira. Okertu naizenetan, lana desegin beharrean, akatsa onartu eta beste norabait bideratu dut. Akatsa ehunaren zati positibo bilakatzen da hala. Eta gauza bera gertatzen da bizitzan. Baina akatsak onartu behar dira eraldatzeko, ez akatsak direlako, beste guztiaren gain eragiten dutelako baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.