ATZEKOZ AURRERA

Ilusioa ospitalean ere banatu da

Euskal Herriko etxe askotara iritsi dira Errege magoak bart iluntzean, eta, opariekin batera, ilusioa banatu dute. Bilboko Basurtuko ospitalera ere joan dira, eta haur gaixoekin egon dira.

Gaspar eta Meltxor, atzo, Bilboko Basurtuko ospitaleko haurrei opariak banatzen. Baltasar geletatik kanpo geratu zen, katarroa zuelako. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Ohean etzanda eta ezinegonez zegoen atzo eguerdian Hegoi Herrero. Errege egunaren bezpera zen, eta Basurtuko ospitaleko San Pelaio eraikineko gela batean zegoen. Ohean etzanda ere ezin zen egon. «Badatoz Errege magoak! Badatoz!», esaten zion alboan zuen Jose Herrero aitari. Gabon kantuak abesten ari zen musika taldearen doinuak entzuten zituen ospitaleko korridoreetan barrena, baina oraindik urrun zeuden. Eta urduritasuna areagotu egin zitzaion. Iristear zeudelako, baina oraindik ez zirelako ailegatzen. Iritsi ziren, azkenean, hiru Erregeak haren gelara, eta besarkada bana ematera altxatu zen. Ohean ezin etzanda geratu. Oparia jaso, eta azkar sendatzeko esanda joan ziren Erregeak, eta haurra, pozik. Puzzle bat eta ipuin liburu bat jaso zituen, eta horiekin jolasten igaro zuen atzoko eguna.

«Haurrei sekulako animoa ematen diete gisa honetako bisitek, eta primeran datorkie», zioen Jose Herrerok. Semeari halako ilusioa egin zion bisitak, ospitalean zegoela ahantzarazi baitzion momentu batez. «Eta hori da gertatu dakiekeen gauzarik handiena», zioen. Bilboko Basurtuko ospitalean zeuden gainerako haurrei ere antzera gertatu zitzaien. Ikusi besterik ez zegoen haien poz aurpegia, Erregeek eraikineko gela bakoitzera egin zituzten sartu-irtenen ondoren: ezin zuten ilusioa aurpegitik kendu. «Gelara sartu garen bakoitzean, haurrek txundituta begiratzen gintuzten», zioen Meltxor Erregeak. Opariak berak baino, ilusio handiagoa egiten zien Erregeen eskutik jasotzeak.

Eta Erregeak haurrak bezain gustura zebiltzan korridoreetan aurrera eta atzera. Baltasar izan ezik: katarroarekin iritsi zen Bilbora, eta, horren eraginez, geletan zeuden haurrak atetik agurtu behar izan zituen. Hala ere, gustura zebilen: «Hemen dagoen ilusioa ikusita, garbi geratzen da magia oraindik existitzen dela». Gelen kanpotik izanda ere, magia banatu zuen hark ere.

Ospitaleko txangoa goizean egin zuten hiru Erregeek, arratsaldeko kabalgataren aurretik. «Hemen dauden haurrak ezin dira arratsaldean kabalgatara joan, eta, horregatik, beharrezkoa da haiei ilusioa ekartzea», zioen Baltasarrek. Eta gustura zegoen, gainera, Bilbon zebiltzalako. «Hona natorren guztietan bakailaoa pil-pil eran eta txipiroiak bere tintan eskatzen ditut; oso gustuko ditut». Jatun ona dela erakutsi zuen horrela Baltasar Erregeak: «Gauean egin behar dugun lan guztirako indarra hartu behar dugu».

Baina Errege magoak Euskal Herriko herri, hiri eta etxe askotara iritsi ziren atzo. Ugariak izan ziren batean eta bestean ongietorria egiteko antolatu ziren kabalgatak. «Gauean lan asko daukagu; beraz, arratsaldea aprobetxatu beharra daukagu haurrekin egoteko», zioen Meltxorrek.

Oparientzako gomendioak

Opariak banatzeko lanetan gau osoan aritu dira erregeak eta haien laguntzaileak. Ilusioa eta poza etxez etxe banatu dituzte, baina aldez aurretik gomendio ugari ere eman zituen Gasparrek: «Gehiago egin behar dugu olgetan familiarekin, eta, gailu teknologikoak ongi dauden arren, nola erabili ikasi behar da lehenengo». Alegia, pantailei hainbeste ez begiratzeko esan zien Errege magoak haurrei. Areago, jostailuekin aritzerakoan inguruko lagunekin eta senideekin aritzeko esan zieten. Horrela ariko dira gaur asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.