ATZEKOZ AURRERA

Galiziako kresalaren zaporea

Itsaskien Azoka antolatu dute Hernaniko Galarreta pilotalekuko aparkalekuan, eta ekainaren 16ra arte egongo da bertan. Euskal Herrian antolatu duten zazpigarren aldia da aurtengoa.

Bisitariek hainbat itsaski mota dituzten erretiluak aukeratu ditzakete jateko. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Hernani
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Kresal usaina Galarretako aparkalekuraino(Hernani, Gipuzkoa) ailegatzen da. Karpa zuri-urdin handi bat dago aparkalekuaren erdian, eta, horren sarreran, MarisGalicia irakur daiteke txangurru baten irudia duen kartelean. Musika aditzen da: galizieraz kantatzen dute kutsu folklorikoa duen abesti batean. Karpara sartzean, are biziagoa da kresal usaina, itsaskiak kozinatzen ari baitira barruan. Marisgaliciak Itsaski Azoka antolatu du, eta ekainaren 16ra arte egongo da Hernanin. Euskal Herrian antolatu duen zazpigarren aldia da aurtengoa, baina lehenengo aldiz jarri dute karpa Galarretan; orain arte, Anoetan (Gipuzkoa) eta Donostian antolatu izan dute.

Manuel Gomez azokako koordinatzailea azken orduko xehetasunak fintzen ari da, karpan aurrera eta atzera. Bisitariei ematen dizkien gomendioak aipatu ditu: «Nik beti esaten diet zer jan erabaki aurretik azokan buelta bat emateko, zer produktu dauden ikusteko eta horren arabera erabakitzeko zer jango duten». Oro har, esan du Euskal Herrian jende andana hurbiltzen dela azokara, eta «oso pozik» daudela izaten duen harrerarekin: «Askok otsailean galdetu zidaten aurten noiz etorriko ginen!». Produkturik arrakastatsuena zein den galdetzean, bi aldiz pentsatu behar izan du: «Esango nuke itsaskiak plantxan dela jendeak atsegin handienez jaten duena. Zaila izaten da momentuan bertan plantxan egiten diren itsaskiak aurkitzea. Gainera, sei plantxa handi ditugu horretarako, eta bezeroek aukeratu dezake zein itsaski jan nahi duen». Izan ere, hiru arrainontzi handi daude sukaldearen aurrean.

Jose Mari Lizarbe da azokako produktuak dastatzera joan den bisitarietako bat. Adierazi du lehen aldiz joan dela azokara: «Jakin-mina nuen, eta horregatik etorri naiz. Behin baino gehiagotan irakurri dut azoka honen inguruan egunkarian». Barrez azaldu du «lehen eguna dela aprobetxatuz» joan dela bazkaltzera, eta aurretik egona dela antzeko azoketan. Lanpernak jatea erabaki du, eta ardo zuria aukeratu du janaria bultzatzeko: «Oso ederra dago dena».

Lizarbek aukeratu duena azokak eskaintzen duen aukera bat baino ez da. Hainbat postu daude, eta bakoitzak produktu bat prestatzen du: itsaskiekin egindako arroza, enpanadak, egunean bertan egindako artisau ogia, eta, nola ez, Galizian eta Euskal Herrian horren ezaguna den olagarroa.

Etxeko sekretuak, sekretu

«Ez du inongo sekreturik. Garrantzitsuena da olagarroa kalitate onekoa izatea, eta behar bezala egostea: ez gehiegi, ezta gutxiegi ere». Hala esan du Alberto Rivera sukaldariak. O Carballiño (Galizia) herrikoa da, eta azaldu du haren familia betidanik aritu dela olagarroa kozinatzen: «Ni familiako bosgarren belaunaldikoa naiz». Esan du asko aldatu direla familian olagarroa egiteko ohiturak: «Nire aitona-amonek kontatzen ziguten lehen ez zutela edukiontzirik, eta olagarroa zapian edota txapelan biltzen zutela». Osagaiak ere aldatu dira, Riveraren hitzetan: «Gaur egun, patata eta piperrautsarekin jaten da olagarroa, baina, tradizionalki, gatza baino ez zitzaion botatzen».

Itsaskien Azoka hiru astez egongo da Hernanin, eta asteburuan jende asko etortzea espero dute antolatzaileek: «Gaur, egia esan, uste baino jende gehiago etorri da bazkaltzera. Halere, asteburutan etortzen da jende gehien; familia asko hurbiltzen dira, seme-alabekin», azaldu du Gomezek. Itsaskiak familiako kide guztien gustukoak direla esan du koordinatzaileak: «Txikiek ere oso gustura jaten dituzte lanpernak!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.