ATZEKOZ AURRERA. Carlos Paez. Kolonbiako aktibista

«Gobernuak berak urratzen ditu gehien giza eskubideak»

Paez giza eskubideen aldeko aktibista da, eta heriotza mehatxu ugari jaso ditu, urteetan egin duen borrokagatik. Kolonbiako Gobernuaren inpunitatea salatu du, baina, hala ere, ez du handik alde egin nahi.

Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Bakerako Lankidetza Batzarraren eskutik egon ziren atzo Gasteizen Milena Flores, Genaro de Jesus eta Carlos Paez aktibista kolonbiarrak. Hego Amerikan, giza eskubideen aldeko zenbait mugimendutako partaide dira, eta haien bizipenez eta Kolonbiako egoera politikoaz jardun zuten. Carlos Paez (Uraba, Kolonbia, 1975) lurraren aldeko Tierra y Paz erakundearen sortzaileetako bat da, eta Madrilgo Udalaren Giza Eskubideen Defentsariakprogramarekin, hiru hilabete egin ditu Espainian.

Zeren alde egiten du Tierra y Paz erakundeak?

1990eko hamarkadan, talde paramilitarrek Urabako nekazariei lurrak kendu zizkieten; tartean, nire aitari. Sarraski handiak egin zituzten urte horietan. Horri erantzuteko sortu genuen erakundea 2004an. Gerora, ordea, ikusi genuen nekazari ugariren arazoa zela, eta lurrak berreskuratzearen aldeko mugimendua bihurtu dugu.

Nola garatu da gatazka urteotan?

1995ean sartu ziren gure lurretan, eta nekazariak kanporatzen hasi ziren. 2005ean bake ituna sinatu zuten, eta 9/75 legea onartu zen: nekazarioi gure lurretara bueltatzeko «baimena» ematen digu. Paramilitarrek armak utzi zituzten, eta guk uste genuen orduan lurrak haienak eta haien senideenak zirela. Alabaina, lurrak enpresari handienak ziren ordurako: banana edo palma ekoizleenak, abeltzainenak... Gaur egun, gure eremuan eraikitzen ari dira Hego Amerikako proiektu handienak. Larriena da enpresari horiek politikarekin harreman estua dutela, ministroak edo alderdi nagusietako kideak baitira. Beraz, inpunitate politikoa dute.

Orduan, gobernua ez da zuen alde lerratzen, ezta?

Nik are gehiago esango nuke: gobernuak berak urratzen ditu gehien giza eskubideak. Oro har, funtsezko eskubideen aldeko mugimendu oro zapaltzen du: bai lurrak berreskuratzearen aldekoak, bai hezkuntza edo osasun eskubideen alde daudenak.

Mehatxu ugari jaso dituzu zuk. Zein dago horien atzean?

Gure ustez, enpresa horien jabeak dira. Erakundea sortu genuenetik 21 kide hil dituzte, eta argi dago haiek direla erantzuleak. Izan ere, Kolonbian, egunean mugimendu sozialetako bi kide hiltzen dituzte, eta gehienak lurrak berreskuratzearen aldeko kideak dira.

Legeak zer dio zuen eskubideez?

Batetik, lehen aipatu dudan legea dago: 9/75. Eta bada beste lege bat, 2011n onartu zena: 14/48. Horren arabera, gobernuan lurrak gutxinaka nekazariei bueltatuko zitzaizkiela bermatuko zen, baina egun, ez dituzte agindutako lurren %5 ere bueltatu. Zergatik? Bada, berme horren arduraduna, adibidez, lege horren kontrakoa zelako.

Orokorrean, zein da egoera Kolonbian?

Gobernua erabat kapitalista da, eta mugimendu sozial oro bortizki zapaltzen du. Bakeari dagokionez, esan daiteke, bake akordioa ez zela komunitatearentzako sinatu, baizik eta multinazionalen interesengatik. Argi ikus daiteke hori meatzaritzan: 2017an, hiru enpresa zeuden, eta orain, 37 daude.

Eta azkenaldian Hego Amerikan gertatzen ari direnak?

Arazo bertsua da. Venezuela, Txile eta Kolonbiako arazoek lotura zuzena dute AEBen edo Europako herrialdeen interesekin.

Hiru hilabetez egon zara Madrilen. Eta orain?

Balio izan dit Kolonbiako gatazkak ezagutarazteko, baina bueltatzeko garaia da, eta berriz lanean jartzekoa. Espero dut Espainiako erakundeen babesa izango dugula han.

Beldurrik ba al duzu?

Ez dakit zer gertatuko den. Baina argi daukat: parte hartu dudan programa hau asilo gisa eskaini izan balidate, ez nukeen onartuko. Han egon nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.