ATZEKOZ AURRERA. Pello Zabala Bengoetxea. Frantziskotarra eta idazlea

«Arantzazuk natura du bigarren basilika»

'Natura labur mintzo' liburua aurkeztu du, 2000. urtean kaleratutako 'Naturaren mintzoa'-ren bertsio «kimatua». Herri jakituriaren eta zientziaren arteko nahasketa bat da, euskara aberatsean kontatua.

jakes goikoetxea
Donostia
2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Sandaliak oinetan, kirol jantzia soinean eta eztul amorragarria lagun azaldu da Pello Zabala (Amezketa, Gipuzkoa, 1943). Natura labur mintzo. Egunez egun, sasoien gurpilean liburua du besapean (Alberdania). Natura, eguraldi, meteorologia, ohitura, esaera zahar, hiztegi aberats, erreferentzia erlijioso... dosi bat eskaintzen du egunez egun. Bengoetxea abizena jartzeko eskatu du, Pernando Amezketarrarengandik jasoa baitu.

Garai batean egunean sei eta zazpi eguraldi iragarpen egitetik, bakarrera?

Euskadi Irratian bakarrik egiten dut, larunbatetan, 09:30ak aldera. Baserritarrei azaltzen diet aste guztirako espero dena. Beste inon ez da halakorik esaten. Gehiago begiratzen diot haiei komeni zaienari, naturako giroari, eta gustura entzuten dute. Jakin nahi dute, asteko lana antolatzen laguntzeko.

Liburu honen jatorrizko bertsioa duela 19 urte aurkeztu zenuen, sasoi bertsuan eta leku berean, Donostiako udal liburutegiko sotoan. Denbora geratu egin da?

Pixka bat zahartu naiz.

2000. urteko Durangoko Azokan gehien salduetako bat izan zen. Aurten, kostako da.

Bai, ez dut uste 2000koa errepikatuko denik.

Azken mohikanoaren gisan sentitzen zara, Arantzazuko azken fraideetako bat izanda?

22-23 gaude orain, eta 80 urtetik gorakoak dira 17. Pentsa. Gaur egun ez dago boladan fraide bizitza egitea; kristautasuna eta fedea bizitzeko moduak asko zabaldu dira. Dakiguna da ez zaigula etorriko ondorenik.

Eta zer gertatuko da Arantzazurekin? Zerbait pentsatu edo erabaki al duzue?

Zenbat daude San Migel Aralarkoan? Inor ez. Apaiza Lekunberritik igotzen da. Gauza naturaltzat ikusten dugu. Jainkoari bota behar al diogu errua? Beste modu batera hartu behar dugu. Hego Amerikan, emakumeak hasi dira elizako aldareko lanak egiten. Eztabaida da ea emakumeak apaiz izan daitezkeen edo ez. Beharrak urratsak eragingo ditu, eta buruak irekiko dira. Arantzazuk ez du jende asko behar.

Naturaren mintzoari arreta jartzen eta horren berri ematen duten bakanetakoa al zara?

Arantzazuk daukan abantaila hori da. Jende askok jartzen du arreta basilikan, baina Arantzazuk bi basilika dauzka, elizakoa bata eta handik kanpokoa bestea, natura.

Kaletarrek mendia eta natura kontsumitu egiten al dituzte? Kaleko joerak eta presak ere mendira eramaten al dituzte, naturan arretarik jarri gabe?

Gaur egun, jendea askoz ere gusturago ikusten dut mendian. Arreta handiagoa jartzen dute zuhaitzetan, koloreetan, argazkiak ateratzen dizkiete xehetasunei... Eta pentsatzen duzu horiek ere zerbait irakurtzen dutela. Beharbada, eskoletan ere natura gehiago azaltzen zaie, eta kontzientzia handiagoa dute.

Deigarria da zuk duela 19 urte esatea ofizio petrala zela eguraldi iragarlearena. Hala ere, zure ibilbidearen oinarria izan da. Ofizioa gurutze ere izan al da?

Ez. Ez da kontu erabat ziurra: gauza bat esan eta bestea gertatu daiteke. Txantxarako aukera ere ematen du. Baina jendeak zenbat estimatzen duen...

Liburuaren bertsio berria egin beharko bazenu, klima aldaketak isla izango al luke?

Bai. Klima aldaketa gehiago da zer bero leku utzi ditugun toki guztietan: erregaiak, zenbat kilometro koadro errepide, haien beroa, hiriak, kaleak, teilatuak... Hori guztia nola libratuko den... auskalo. Erakusten digu argi ibili behar dugula.

Gaur egun, hitz gutxi batzuk erabiltzen dira eguraldi mota guztiak azaltzeko. Liburuan, ordea, sekulako hitz bilduma dago. Hiztegi bat egin al daiteke horiekin guztiekin eta beste batzuekin?

Bai. Hala ere, lehen ez ziren hitz horietako asko ezagutzen, eta kulturak zabaldu egin ditu pixkana-pixkana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.