ATZEKOZ AURRERA. Ruben Pascual. Atleta

«Aurrera so egiten dut beti; inoiz ez atzera»

Korrika egitea da Pascualen pasioa. Urritasun psikikoa du, eta azaldu du entrenatzen jarraituko duela orain arte lortutako emaitzak hobetzeko. «Munduko txapelketan inportanteena hura gozatzea da».

IÑIGO URIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
Burlata
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Logelara joan, eta txapelketetan irabazitako dominak ekarri ditu Ruben Pascualek (Burlata, Nafarroa, 1991). Banan-banan erakutsi ditu, harro, eta non eta noiz irabazi zituen azaldu. Urritasun psikikoa du, eta korrika egitea da gehien maite duena. Urrian munduko txapelketan aritu zen, Australian, eta taldekako sailkapenean urrezko domina lortu zuten.

Zer moduz Australian?

Oso ongi; inoiz ez nintzen han egon, eta primerako esperientzia izan da.

Txapelketan, zer moduz?

Oso ongi. Munduko hamaikagarrena geratu nintzen 100 metroko lasterketan, eta hamalaugarrena 200 metrokoan; hortaz, bi markak hobetu nituen. Beraz, oso-oso ongi.

Aurten zer tokatuko zaizu?

Otsailean eta maiatzean Espainiako abiadura txapelketa izanen dut, eta ekainean, markei eutsiz gero, aukera izanen dut Errusiara joateko, Europako txapelketara. Aukerak badaude, baina ikusiko dugu.

Zer ekarri duzu Australiatik?

Taldeko domina eta koala batekin egin nuen argazkia [erakutsi du].

Nola baloratzen dituzu zure emaitzak eta lorpenak?

Oso ongi eta kontent sentitzen naiz lortu dudana ikusirik. Emaitzak gainditu nahi ditut; hobetu nahi dut ahalik eta gehien, eta aurrera egin.

Horretarako, zenbat entrenatzen zara?

Astean bost egunez aritzen naiz ordu eta erdiz, eta larunbat goizetan ere entrenamendua izaten dut. Diziplina behar da, eta konstante izatea gustatu behar zaizu.

Zer erronka dituzu epe motzean?

Orain entrenatzen jarraituko dut, eta emaitza onak lortzea espero dut. Ezinen dut Tokiora joan, soilik bi lagun joaten direlako, eta soilik 400 metroko lasterketa egiten delako. Niri oso gogorra egiten zait 400 metrokoa.

Nahiago dituzu 100 metrokoa eta 200 metrokoa?

Bi horiek dira hobekien egiten ditudanak, abiadura frogak direlako, erresistentzia ariketak. 400 metrokoa ez da hain esplosiboa; ez da hain agudo atera behar, urrats luzeak eginez baizik, eta 200 metrora ailegatzean estutu. Gainera, beste entrenamendu mota bat da; beraz, oraingoz ez dugu aukera hori aintzat hartzen.

Nola hasi zinen atletismoan?

12 urterekin. Kirol hau izugarri maite nuen. Beti korrika egin nahi nuen; hori nuen buruan: korrika, korrika eta korrika.

Bilakaera hori nolakoa izan da?

Gutxikakoa. Hasieran distantzia luzeak eginez, gauza diferenteak probatuz, eta honaino ailegatu arte. Espainiako txapeldun izan nahi nuen, eta lortu dut [2016tik 2019ra].

Kirolak zer ematen dizu?

Korrika egiten dudanean. oso kontent sentitzen naiz. Ateratzear nagoenean urduri sentitzen naiz, baina une batez joaten da urduritasuna. Txapelketa batean nagoenean. erabat kontzentratzen naiz horretan; ez dut besteengan pentsatzen, eta egin beharreko horretan dut burua. Beti nirean pentsatzen dut: aurrera so egiten dut beti; inoiz ez atzera.

Eta bukaeran, nola sentitzen zara?

Oso nekaturik bukatzen dut, baina lehiatzea beti merezi du. Irabaziz gero, ongi, baina, ez badut irabazten, txapelduna zoriontzen dut.

Erreferente ere izan zaitezke beste batzuentzat. Zer aholku emanen zenieke?

Pertsona horiei esaten diet munduko txapelketa batera joaten badira inportanteena hura gozatzea dela. Irabazi duzula? Askoz ere hobeki. Ez duzula irabazi? Aizu, baina han egon zara, eta gozatu duzu.

Kirola alde batera utzita, El Molino zentro okupazionalean egiten duzu lan. Nolakoa da zure egunerokoa han?

Egunero joaten naiz hara, eta denetarik egitea tokatzen zaigu, fabriketatik eskatzen digutena: torlojuak eta bestelako gauzak. Lanera gogo handiz joaten naiz, eta lankideekin primeran moldatzen naiz. Gainera, sukaldaritza tailerrak eta autoak garbitzekoak egiten ditugu; baratze bat dugu; xaboia egiten dugu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.