TXAPELA BURUAN. Ane Garro. Herbehereetan bizi den leitzarra

«Leidenen ekimen handia dute lanerako eta ikasteko»

Garro urtebetez atzerrian ikastera joan da Herbehereetara. Ordutegira ohitzea kostatu bazaio ere, ongi moldatzen da. Hala ere, Euskal Herriko mendien ordezkorik ez du topatu oraindik.

BERRIA.
amaia igartua aristondo
2020ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Fisikako graduko azken urtea Leidenen (Herbehereak) ikasten ari da Ane Garro (Leitza, Nafarroa, 1998). Abuztuan heldu zen hara, eta, orain, etxera itzultzekotan da, koronabirusa dela-eta bertan behera utzi dituztelako unibertsitateko eskola presentzialak. Hainbeste hilabeteren ondoren, badu bueltatzeko gogoa.

Zergatik ari zara bizitzen Leidenen?

Beti izan dut kanpoan urtebetez ikasteko gogoa. Iaz joatea pentsatu nuen, baina irakasgaiak baliozkotzeko arazoak egon ziren. Argi neukan Europan segitu nahi nuela, eta, hizkuntzagatik, ingelesez jarraitu nahi nuelako, Herbehereak aukeratu nituen, eta ez Alemania edo Italia. Leidenera etortzea erabaki nuen unibertsitate ona delako eta ez delako hiri jendetsua, herri itxura gehiago baitu.

Nola irudikatzen zenituen Herbehereak tokira bertara heldu baino lehen?

Graduko neska bat aurreko urtean joan zen, eta berarekin hitz egin nuen hona etorri baino lehen. Oso gustura egon zen. Esan zidan leku lasaia zela, jende asko ibiltzen zela bizikletan, dena berdea zela... Esandako guztia bete da.

Hizkuntzarekin zer moduz?

Egia esan, ez dut nire partetik asko jarri nederlandera ikasteko. Oinarrizko gauzak dakizkit: eskerrik asko, egun on... holakoak. Baina hemen denek hitz egiten dute ingelesez. Kalean, supermerkatuetan eta unibertsitatean dena ingelesez egiten dutenez, ez dut nederlandera ikasteko behar hori izan.

Zer desberdintasun antzeman dituzu Euskal Herriarekin?

Kanal mordoa dagoela, horrek harritu ninduen, baita hemengo etxeek ere. Beheko partea, guretzat ataria dena, haientzako etxebizitza da, leihoak daude behe-behetik hasita. Kaletik ikus daitezke jendearen egongelak, sukaldeak... Ez dituzte beraien eguneroko bizitzak ezkutatzen, ez dute erakusteko lotsarik. Etxean gertatzen dena kalera ateratzea bezala da.

Zer moduz moldatu zara horko bizitzara?

Orokorrean, ongi. Hasieran, ordutegi aldaketa gaizki eramaten nuen. Hemen seiak aldera afaltzen dute, eta bazkaria pare bat ogitarteko dira. Ordu erdi hartzen dute bazkalordurako, eta gero berriro lanera, ez dute bazkalondo luzerik egiten. Bestalde, lanerako eta ikasteko ekimen handia dute, nire klasekideetan antzeman dut hori.

Zeren falta sumatzen duzu?

Hemen ere euri asko egiten du, eta dena berdea da, hortan antz handia dute. Baina asko sumatzen dut Euskal Herriko mendien falta.

Zelan daramazu koronabirusaren pandemia?

Oraingoz, ez dakit zer gertatuko den, baina iruditzen zait nahiko berandu hasi direla neurriak hartzen. Hemen diote ekonomia gelditu ez dadin, ahalik eta gehiena atzeratu dutela erabaki horiek hartzeko momentua.

Nola eragin dizu akademikoki?

Herbehereetan oraindik kalera irten gaitezke, baina unibertsitatea itxita dago martxoaren 16tik, eta eskola presentzialak bertan behera gelditu dira datorren ikasturtera arte. Hemendik ikasturte bukaerara Internet bidez izango ditugu bai klaseak bai azterketak ere. Euskal Herrian konfinamendua bukatzen denean, hara itzuliko naiz segur aski, dena online egingo dugunez etxetik ikas baitezaket.

Aldi baterako zaude Herbehereetan. Etorkizunean zeure burua atzerrian ikusten duzu?

Oraingoz, etxera bueltatu nahi dut. Gradua bukatutakoan, masterra Madrilen edo hor inguruan egingo dut, nik uste, baina etxetik gertuago, gutxienez. Lehen, kanpora irteteko irrikan nengoen, baina behin hemen egonda, konturatu naiz denboraldi batez etxera bueltatu nahi dudala, han oso ongi bizi gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.