TXAPELA BURUAN. Aiora Garcia. Danimarkan bizi den lazkaotarra

«Gauza txikiak baloratzen ikasten duzu Danimarkan»

Ikastera joan da Aiora Garcia Danimarkara. Hara joan den bigarren aldia da; izan ere, liluratuta utzi zuen herrialdeak. Sumatzen du Euskal Herriaren falta, baina ez du argi masterra amaitzean itzuliko den.

BERRIA.
Nagore Arin.
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Urte bat eta bi hilabete egin ditu Aiora Garciak (Lazkao, Gipuzkoa, 1997) Danimarkan. Erasmus egitera joan zen lehen aldiz, eta master bat egitera itzuli zen iaz. Gustura dago, eta ez du baztertzen masterra eginostean han lan bat bilatzea.

Argi zenuen Euskal Herritik kanpo egin nahi zenuela masterra?

Erabakigarria izan zen ikasketen azken urtea kanpoan egitea. Beste ikuspuntu eta irakaskuntza metodo batzuk ikusi nituen; munduko leku askotako jendea ezagutu nuen. Aukera bat izan zitekeela pentsatu nuen. Ez zen erabaki erraza izan.

Zergatik Danimarka?

Hor egin nuen Erasmus programa, eta asko gustatu zitzaidan herrialde gisa. Masterra egiteko aukeren bila,Danimarka aproposa zela ohartu nintzen; lagunak nituen han, eta unibertsitatea ere ezagutzen nuen. Nire alorreko programa asko topatu nituen: nazioarteko salerosketa eta marketina uztartzen dituen master bat, tartean.

Zer tokitan zaude orain?

Fionia uharteko hiriburuan nago: Odensen. Ipuin batetik ateratakoa dirudien hiri bat da: alde zaharreko etxe txiki eta koloretsuek paisaia ederra osatzen dute. Hiri bat da, baina herri txiki bat ematen du.

Zer esango zenuke Danimarkarieta daniarrei buruz?

Hygge gisa definituko nuke, eta gauza txikien zoriontasuna esan nahi du: gauza txikiak baloratzen ikasten duzu Danimarkan. Asko gustatzen zait dagoen askatasuna. Lagunekin erlazionatzeko moduak ere harritu egin ninduen: etxean egiten dute denbora gehiena.

Irudi hori zenuen joan aurretik?

Herrialde lasai baten irudia nuen; bizikletarekin lotura estua duena. Daniarren inguruan, lotsatiak eta lasaiak direla uste nuen, baina ondo pasatzen dakitela ikusi dut.

Ekonomikoki, nola bizi da gazte bat Danimarkan?

Bizi kalitate ona duen herrialde bat da, baina ez da berdina bertakoentzat eta kanpokoentzat. Bertakoek ekonomikoki laguntza asko dituzte ikasleak badira. Gainera, ikasketak doakoak dira. Kanpotarra izanda, zailtasun gehiago dituzu ekonomia aldetik. Bizi kalitatea ona izanda ere, Danimarkan diru asko behar da bizitzeko: oso garestia da dena.

Goiz iluntzen du han, ezta?

Neguak oso ilunak dira, eta irailetik aurrera asko nabaritzen da iristear dagoela… Eragin handia du: gauez bizi zarela esan daiteke, eta ez da erraza egiten, luzea egiten da. Oro har, lagunekin etxe barruan egiten da dena. Konstantea izan behar duzu errutinarekin, iluntasunak zure jarreran eraginik ez izateko. Udan guztiz kontrakoa da: ez dago ia gaurik. Eguzki izpi bat ateratzen denean, kalera joaten gara guztiok, eta jendea alaiago dago. Bi herrialde dirudite sasoiaren arabera.

Zer moduz danierarekin?

Idazkera nahiko erraza den arren, hitz egitea eta ulertzea oso zaila da;nahiko desberdina da idazten den hori ahoskatzeko modua.

Hartu duzu ikasteko tarterik?

Bai, nire kontura ikasten ari naiz. Asko laguntzen du bertako lagunak izateak; beren artean danieraz hitz egiten dute. Elkarrizketa orokorrak jarraitzeko eta hitz egiteko gai naiz, baina oraindik asko dut ikasteko.

Bidaiatu duzu?

Bai, asko, Danimarka barruan batez ere. Bestalde, Suedian, Norvegian eta Islandian egon naiz. Laponia izan da, agian, bereziena: izugarri gustatu zitzaidan sumien kultura.

Etxearen falta sumatzen duzu?

Sarritan izaten dut herrimina, batez ere kuadrillakoek planak Whatsapp bidez egiten dituztenean edo data berezietan familiaren falta sumatzen duzunean.

Zer plan masterraren osterako?

Ez dut argi... Ikasketak amaitzean, langabeziaren diru laguntza jaso daiteke urtebetez, lana aurkitu arte,eta ez dut baztertzen denbora batez hemen lan egitea. Azkenean, nire parte bihurtu da Danimarka.

Koronabirusa ere iritsi da horra...

Ez da asko nabaritu. Herrialdeak oso azkar hartu zituen neurriak. Kalera irten eta lagunekin egoteko askatasuna izan dugu: arauak eta prebentzio neurriak betez, betiere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.