Albistea entzun

MAITE DUT MAITE... URGULL MENDIA. Miren Arrieta. Aktorea

«Donostiaren bihotza da Urgull mendia»

Donostiako Urgull mendia maitea du Miren Arrieta aktoreak. Umetan egunero igotzen zen, Orixe ikastolara joateko eta lagunekin txoko ezkutuetan jolasteko. Egun, Polborin tabernan aritzen da poteoan.
JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Elkoroberezibar Beloki -

2020ko abuztuak 28 - Donostia

Donostiako Santa Maria eliza pareko eskailerak igo, Gaztelubide kaleko aldapa zeharkatu, eta Apaizen pasealekutik murgiltzen da Miren Arrieta aktorea (Donostia, 1998) Urgull mendian, hara doan guztietan. Goitik behera ezagutzen du haurtzaroko jolastokia izandako mendia, eta oso kuttuna du.

Zergatik da Urgull mendia zure leku kuttuna?

Ni Parte Zaharrekoa naiz, eta Orixe ikastolara joan nintzen. Horregatik, txiki-txikitatik, ikastolara joateko mendian eman behar genituen lehen pausoak. Natura eskoletan hona etortzen ginen irakasleekin, zuhaitzak ikastera eta animaliak aztertzera. Txikitan, asko igotzen ginen hona jolastera, eta txoko guztiak ezagutzen genituen: Urgull goitik behera ezagutzen genuen.

Eta, gaur egun, etortzeko ohitura duzu?

Gaur egun, lagunak Polborinera etortzen gara, poteoan ibiltzera. Donostia guztia ikusten da hemendik, eta, nire ustez, Donostiaren bihotza da Urgull mendia.

Urgull menditik Donostia beste modu batean ikusten da?

Donostiaren postala ikusten duzu agian. Turistak horregatik etortzen dira asko hona, Donostia beste ikuspuntu batetik ikusten duzulako. Urgull mendian konturatzen gara zein hiri politean bizi garen.

Naturzaletasuna sorrarazi dizu haurtzaroko jolastokiak?

Bai, txikitatik izan dut lotura handia naturarekin eta itsasoarekin. Baina Urgull, mendi bat baino gehiago, erliebea duen parke bat da. Hala ere, nahiko basatia da.

Urgull izenak «harrotasuna» esan nahi du Gaskoiniako hizkuntzan. Zertaz zaude zu harro?

Harro nago neure buruaz, nahi izan dudan lanbidea aukeratzeko ausardia izan dudalako. Umetako fantasia zen aktore izatea, baina ikastolan unibertsitateko ikasketak egitera animatzen gintuzten. Marketina ikasten hasi nintzen Madrilen, eta, justu, Go!azen-en hartu ninduten. Ez dakit zortea edo kasualitatea izan den, baina ikasketak utzi nituen, eta txikitatik egin nahi izan dudanaren aldeko apustua egin nuen. Oso lanbide zaila da, baina, oraingoz, lana edukitzeko zortea izan dut.

Zer eman dizu Go!azen-ek?

Go!azen-ek ausardia eman dit, esateko: «Saiatuko naiz». 18 urterekin hasi nintzen, eta oso ondo pasatzen genuen. Pila bat ikasi dut, eta ate asko ireki dizkit. Oso esperientzia ona izan zen: lehen aukera haiek eman zidaten.

Urgull menditik Miramar jauregia ikusten da. Soinujolearen semea filmean, eraikin hori Obabako Alaska hotela izan zen. Hotelaren jabearen alaba Teresa gorpuztu zenuen. Nolako esperientzia izan zen film horretan azaltzea?

Ez zeukan zerikusirik Go!azen-ekin, eta niretzat kristoren erronka izan zen. Hasieran, oso urduri nengoen, baina Teresa beti eramango dut bihotzean, grabaketa hori niretzat oso berezia izan zelako. Barne mundu handia dauka Teresak. Gainera, zinema asko gustatzen zaidala jakin nuen Soinujolearen semea-n, eta aurrerago film gehiago egitea gustatuko litzaidake.

Nola prestatu zenuen Teresaren pertsonaia?

Bakoitzak bere dinamikak lantzen ditu. Nik uste dut garrantzitsuena dela ulertzea nolakoa den kontatu nahi den istorioa, eta zuk horren barruan zer rol daukazun, hau da, puzzlearen zein zati zaren. Asko entseatu genuen, eta David gorpuzten zuen Cristian Merchan oso laguna nuen.

16 urterekin, portuan aritu nintzen lanean zerbitzari moduan, Cristianekin batera. Orduan baneukan aktore izateko fantasia buruan, eta hark animatu ninduen Binahi antzerki eskolan hastera. Cristianekin jatetxean lan egin nuelako egin nuen lan Go!azen-en. Eta, gero, Soinujolearen semea-n lankideak izan ginen. Oso erosoa izan zen: batera egin genuen lan aurretik, baina beste esparru batean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Argazkiak badauka benetakoaren zigilua, eta hitzek ez»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Argazkilaritza dokumentalean sinisten du Morelesek: «Informazioa edukitzea kontzientzia edukitzea da, eta horrek ekitera eramaten zaitu». 'Urtzearen aztarna' paratu du Donostian, klima aldaketaz ohartarazteko.

 ©JON URBE / ARGAZKI PRESS

Basogintza eredu berri baterantz

Unai Etxenausia

Ez dago «baso perfektua» sortzeko errezeta magikorik, aldakorra baita Euskal Herriko paisaia. Errez kooperatibako kideak eredu berri bat ari dira lantzen eta proposatzen: baso bakoitzak espezie autoktonoak eta genetika ezberdinekoak izan behar dituela diote, «baso irregularrak» bihur daitezen.
Kotoi markak Irizarren autobusetako ehuna erabiliz sortutako jantziak. ©GORKA RUBIO/ FOKU

Moda egiteko beste modu bat

Amaia Jimenez Larrea

'Ekomoda' erakusketa jarri dute Ezkioko Igartubeiti baserri-museoan, maiatz hasierara arte. Autobusetan erabili gabeko ehunekin egindako jantziak daude ikusgai.
Naizen elkartearen aurkezpen eguneko argazkia, Donostiako Antzoki Zaharrean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Naizendarren festa

Ane Insausti Barandiaran

Naizen elkarteak Bigarren Hezkuntzarako sortutako ikus-entzunezkoak eta kamiseta berriaren diseinua aurkeztuko ditu gaur, urteroko festan

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...