ATZEKOZ AURRERA. Sonia Megias. NAK jaialdiko konpositore gonbidatua

«Nekaturik nago musika akademikoari etengabe begiratzeaz»

Txistu pieza bat idatzi du lehen aldiz, baina Megias ohituta dago tradiziozko musika tresnekin aritzera: «Instrumentu tradizionalak seriotzat har ditzaten borroka bat dago, eta maite dut hor aritzea».

MIGUEL ANGEL INVARATO.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Atzera so aurrera egiten du Sonia Megies konpositoreak (Almansa, Espainia, 1982). Musika esperimentala sortzen du, baina erroetara jotzen du maiz inspirazio bila. NAK Nafarroako Musika Garaikideko Jaialdiko musikagile gonbidatua da aurten, eta larunbatean izanen da Kriám Namá bere obraren estreinaldi absolutua, Iruñeko Baluarten.

Zer prestatu duzu larunbaterako?

Ars nova-rekin lotutako obra bat eskatu zidaten, garaikidearekin nahastuta. Dua de Pel nire taldea, hiru txistulari eta biolontxelo bat ariko gara. Deepak Chopraren mantra batzuetan inspiratu naiz, eta oparotasunaren erritu moduko bat da. Eskasia, kexa eta izu garaietan, argi pixka bat beharrezkoa da. Gaztela-Mantxakoak gara, kantu nahiko folklorikoa egiten dugu, eta ederra izanen da gure folkloreak nahastea.

Gaztela-Mantxakoa izanik, ohituta zaude txistuarekin?

Txistu pieza bat idazten dudan lehenbiziko aldia da. Zortea izan dut, Aitor Urkizak zehatz-mehatz azaldu baitit nola funtzionatzen duen. Herri musikaren alorrean aditua nuen, baina ez partiturarekin eta, esan dezagun, musika kultuagoan.

Zer moduz moldatu zara txistuarekin?

Ongi, eroso sentitu naiz. Sustrai tradizionala duten instrumentuentzat idaztea asko maite dut; adibidez, bandurria pieza asko egin ditut. Borroka bat dago musika tresna seriotzat har ditzaten; beraz, borroka horretan parte hartzea maite dut.

Txistuak ongi islatzen du (R)evolución (Iraultza eta eboluzioa) NAK jaialdiko aurtengo mezua?

Baietz uste dut, instrumentu tradizionalak etengabe borrokatzen baitira aurrez pentsatu gabeko mugetaraino garatzeko.

Obra honek tradizioa eta garaikidea uztartzen ditu, beraz?

Bai, nik egiten dudan musika nahiko esperimentala baita. Folkloreen eta tokien nahasketa hau oso aberatsa da. Gainera, bideoak ere badaude. Esperientzia bat izanen da.

Musika garaikidea egiteko beharrezkoa da atzera begiratzea?

Niri ezinbestekoa iruditzen zait musika antzinakoenari so egitea. Egile garaikideek gaizki egiten dugun gauza bat da soilik musika akademikoari begiratzea: historiako egile handienek sortutakoa, baita XX. mendekoek ere. Nekaturik nago akademikoari etengabe begiratzeaz, eta obra hau ez da akademikoa izanen. Nahiko estimulatzailea eta askotarikoa izanen da.

Konposizioa zertarako baliatzen duzu zuk?

Artista gisa adieraztea da nire helburua. Asko gustatzen zait estreinaldiaren unean pentsatzea: nola jarriko garen, bideoak... Estreinaldia baita obra bat benetan jaiotzen den unea. Gero, obra aditu behar dut nondik nora jo nahi duen jakiteko. Interesgarria da: obrak berak eskatzen dizkizu gauzak. Bestalde, obra berriro jotzean, kontuan hartu behar da, beti, zein testuingurutan estreinatu den.

Eszenaratzea, bideoa... Obra hau ez da soilik aditzeko?

Ikusi ere egin behar da. Egia esan, begiak itxita aditu liteke, oso introspektiboa baita. Martin Etxauri bideo artistak interes handia agertu du obraren kontzeptuarekiko, eta saiatuko da ideia bakoitza bideoen bidez indartzen. Ederra izanen da.

Diziplinak nahastea maite duzu?

Zoratu egiten nau. Diziplina bakarrarena oso motz geratzen da dagoeneko. Nik uste dut arte guziak gauza bera direla, batez ere denboran zehar garatzen direnak: bideoa, eszenaratzea... Elkartzen dituzunean, mezua askoz hobe iristen zaio publikoari.

Dua de Pel taldearekin tradiziozko instrumentuak erabiltzen dituzue. Zer mezu eman nahi duzue?

Neofolklore moduko bat egiten saiatzen gara. Jendeari gustatzen zaio, tradiziozko musika balitz bezala hartzen duelako, baina, berez, dena da berria, orain sortua. Antzinako musika dela dirudi, baina ez da. Eva Guillamon poeta arduratzen da letrez, eta oso sakonak dira. Norberaren erroetan bilatzera garamatza: kulturan, familian...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.