Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Eraztun batekin hasi zen dena

Maddi Aiestaranek irabazi du BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa. Nepalera egindako fikziozko bidaia baten kronika egin du. Alpeetako zeharkaldi bat irabazi du, Cervino ingurukoa.
Felipe Uriarte Mendiak eta Herriak elkarteko kidea, Maddi Aiestaran irabazlea eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, egunkariaren egoitzan.
Felipe Uriarte Mendiak eta Herriak elkarteko kidea, Maddi Aiestaran irabazlea eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, egunkariaren egoitzan. J. C. RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Telleria Sarriegi -

2021eko urtarrilak 16

Kontatutakoa kontatu du, nolabait. Eta ondo kontatu ere, errealitatearen eta fikzioaren muga askotan lauso horretan ibili baita dilindan Maddi Aiestaran (Beasain, Gipuzkoa, 2001), eta, harekin batera, irakurlea bera dilinda berean, lausoaren zalantzan. Nire motxilatik izeneko kronikak irabazi du aurten BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa. Nepalera egindako bidaia baten kronika da. Eta esan zitekeen egin gabeko bidaia baten kronika dela, baina esan liteke bidaiatzeko modu asko daudela ere. Bidaia erreal baten fikziozko kronika dela dio egileak. Aste honetan bertan jaso du saria, BERRIAren Andoaingo (Gipuzkoa) egoitzan. Felipe Uriarte Mendiak eta Herriak elkarteko kideak eta Martxelo Otamendi egunkariko zuzendariak eman diote txartela: Alpeetan, Cervino inguruan, zeharkaldi bat egiteko aukera.

Eta eraztun batekin hasi zen dena. Aiestaranek berak azaldu du: « Badut hurbileko lagun bat, kontatu izan didana beti nola izan ziren behin bere gurasoak Nepalen. Eta lagun horrek badu amak handik ekarritako eraztun bat, eta esan liteke eraztun horretatik abiatutako istorioa dela».

Eraztunetik abiatuta, hain zuzen, bere hurbileko lagun bati idatzi eta kontatzen dio bidaia Aiestaranek. Xehetasun oro du zainduta:«Behin istorio erreal horretatik abiatua, fikziora jotzea erraza egin zait. Aipatzen ditut hango xehetasunak: arroz mota jakin bat, tokien izenak... kutsu errealago hori emateko».

Irabazleak, bera inoiz egon gabeko toki batera eramaten du irakurlea, maisuki. Baliatu ditu horretarako aipatutako lagunaren gurasoek utzitako argazkiak eta emandako argibideak, Annapurna mendiaren inguruetan balego bezala «sentitzeko» eta bere burua «kokatzeko». Onartu du, horregatik, nahi lukeela egin ariketa bat aurrerago: «Uste dut ni neroni ere nahiko erraz joan naizela inoiz zapaldu ez ditudan lurretara. Noizbait nahi nuke konparatu kronika hau nik bizitako zerbaitekin».

Kronikaren amaiera deskubritzeko asmorik gabe —ikusgai dago BERRIAren webguneko bilatzailean egilearen izena sartuta—, baina azken paragrafoan ematen ditu Aiestaranek ordura artekoaren gakoak. Efektu kolpe bat: istripu bat. «Ez daukat hurbileko bizipenik horren inguruan, baina badut istripuan hildako jendearekiko halako zera bat, fijazio moduko bat. Ez dut asko idatzi horri buruz, baina bai nahiko erraz jotzen dudala horretara. Azkar etortzen zaizkit horren inguruko gauzak burura. Hortik etorriko zitzaidan ziurrenik hau ere. Garbi neukan testuari bukaera ezohiko bat eman nahi niola; kutsu literario hori eman».

Ez da Aiestaranen idatziek lortzen duten lehen saria. Gazte mailako hainbat lehiaketatan nabarmendu da, baita bertsotan ere. Euskal Filologia ikasten ari da Gasteizen. 19 urte ditu orain. «18 urte bete arte izan dut aukera hainbat lehiaketatara aurkezteko. Orain, zailagoa egiten zait jarraitzea. Itsaso handiago batean sartzearen modukoa da. Baina asko idazten dut, eta horrelako lehiaketa ez hain profesionalak, ez dutenak eskatzen ia nobela bat idaztea, asko eskertzen ditut, eta badira idaztearen munduan gabiltzanon gazteontzat pizgarriak».

Alpeak ez dituela ezagutzen, eta bidaia horrek asko «emango» diola dio Aiestaranek. Ametsetako bidaiari buruz galdetuta, buruan askotan India izaten duela dio. Kronikaren zain hemen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Pasioari esker heldu naiz nagoen lekuraino»

Olatz Enzunza Mallona

Aspalditik ari da dantzan Krego, 12 urterekin hasi baitzen dantzatzen. Egun, Euskal Herriko dantzaririk beteranoenetako bat da, eta oraindik ere ez du erretiroa hartzeko asmorik. Dantzaren mundua oraindik «ezezaguna» dela azpimarratu du.
Mikel Zumeta Donostiako Zinemaldiko BERRIAko kritikarietako bat, atzo, Maria Cristina hotelean. ©JON URBE / FOKU

Allenen hiria, ohiko Donostia

Urtzi Urkizu

Donostiako turismo bulegoak ibilbide bat prestatu du Woody Allenen 'Rifkin's festival' filmeko eszenetako tokietan oinarrituta. Bide osoa oinez edo bizikletaz egin daiteke.
Ramon Olasagasti. ©Irati Saizar Artola - Gipuzkoako Hitza

«Idaztearekin zerikusia duen lanbide bat nahi nuen, garbi nuen»

Irati Saizar Artola - Gipuzkoako Hitza

Lanbide ezberdinetan arituagatik, mendia eta natura beti izan ditu gertu Olasagastik; kazetaritza lanetan, itzulpengintzan zein sortze lanean, mendia izan baitu gehienetan oinarrian. Mendiaren inguruan dabil orain ere, komiki bat idazten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna