ATZEKOZ AURRERA. Corsino Vela. Idazlea

«Dimentsio politikoa eta klase izaera eman behar zaizkio pandemiari»

COVID-19arena ez da osasun krisi hutsa, eta horixe nabarmendu nahi izan du Corsino Velak, kapitalismoaren krisiarekin eta berregituratze prozesuarekin lotuz, liburu batean, Kaxildaren eskutik.

BERRIA.
jakes goikoetxea
2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Ezizena du Corsino Vela (Asturias, Espainia, 1953). Sortzez asturiarra da, baina Katalunian bizi da duela hiru hamarkada baino gehiagotik. Ezizen horrekin sinatu izan ditu liburuak, gehienak kapitalismoari buruzko saiakerak. Iazko martxotik abendura, pandemia garaian, hainbat ohar idatzi zituen, eztabaidarako abiapuntu gisa. Azkenean, ordea, liburu batean bilduta kaleratu dira, Donostiako Kaxilda liburu dendaren eskutik: Capitalismo patologico (Kapitalismo patologikoa). Kaxildak argitaratutako lehen liburua da.

Krisi honen benetako erraiak agerian utzi nahi izan dituzu?

Liburuak hari bat du: pandemia eta osasun krisia kapitalaren krisi sistemikoan eta egiturazkoan kokatzea. Hau da, osasun krisiak ez dezala ezkutatu bizi garen eredu kapitalistaren benetako krisi erreala.

Ezkutatzen ari da?

Guztia osasun arazoan zentratu da, larrialdian eta premian. COVID-19ak sekulako protagonismoa hartu du, bizitzetan eta ekonomian duen eraginagatik, eta ezkutuan geratu da kapitalismoaren garapen ereduaren ondorioa dela.

Izaera politikoa kendu zaio?

Pandemia kokatzeko, dimentsio politikoa eta klase izaera eman behar zaizkio. Klase menderatzaileak gaixotasuna politikoki erabiltzen ari dira, eta pandemiak ez die berdin eragiten herritar proletariotuei edo aberatsei.

Lehen, ahaztua zirudien 2008ko finantza krisiak, eta pandemiak are gehiago ezkutatu du. Gizartea oraindik orduko ondorioak jasaten ari dela diozu. Nola eragin die pandemiak ondorio horiei?

Pandemiak larritu eta azkartu egin ditu. Orduan, bankuak erreskatatuta ere, ez ziren konpondu. Beraz, egungo pandemia bikoitza dela esan dezakegu: alde batetik, osasunarena; bestetik, sozioekonomikoa, kapitalaren krisiari dagokiona.

Pandemiak agerian utzi ditu gizartearen antolaketaren arrakalak. «Ataltze soziala» deitzen diozu.

Erreprodukzio sozialerako modu kapitalistaren usteltze egoera orokorrari dagokio. Pandemiak agerian utzi du, adibidez, kapitalaren kudeatzaile politikoen eta sozioekonomikoen gaitasunik eza. Baita kapitalismoaren beraren mugak ere gizarte harreman gisa: proletariotutako herritarrak babesik gabe utzi ditu pandemiaren aurka.

Urte honetan ikusitakoak ikusita, esaten zen pandemiaren osteko gizarteak ezin zuela izan pandemiaren aurrekoaren modukoa. Orain, ordea, lehengo normaltasunaren falta sumatzen dela dirudi.

Bai. Pandemiaren kolpe emozionalaren eta psikologikoaren eraginez, kontzientzia hartu genuen bizi genuen errealitateaz. Baina berehala berreskuratu zen klase menderatzailearen mezua edo promesa: normaltasuna, aurreko egoera, berreskuratzea. Osasun arazoa denez, txertoarekin dena konponduko dela diote. Hori da boterearen propaganda aparatua zabaltzen ari den falazia.

2008ko krisian bankuak erreskatatu ziren; orain, enpresa handiak.

Orduan indarrean jarri ziren ustezko konponbideak orain jarri nahi direnen oso antzekoak dira, ekonomia suspertzeko plana [Next Generation EU], esaterako. Bide berari jarraitzea da: desarrollismoa eta kapitala pilatzea.

Eusko Jaurlaritzaren proiektuen behin-behineko zerrendaren arabera, enpresa handienak, Iberdrola eta Petronor, dira onuradunik handienak.

Milioi askoko laguntza plan horren joera da kapitala are gehiago kontzentratzea.

Irabaziak pribatizatu eta galerak sozializatu berriro?

Galeren sozializazioa estatuen zorra handitzetik dator. Jakina, Europako suspertze plan horren kostua herritar proletariotuenen bizkar egongo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.