Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Ibai Ganuza eta Xabi Makuso. Motxila 21eko kideak

«Erakutsi dugu Downen sindromea dutenek ez daukatela mugarik»

Musika erregistro guztiak menperatzen dituztela erakutsi du Motxila 21 talde iruindarrak bere bigarren diskoan. Hagitz maitatuak sentitzen dira, eta gogoz daude disko berria oholtzan aurkezteko.
JAGOBA MANTEROLA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larretxea Agirre -

2021eko apirilak 27 - Iruñea

Goitik behera beltzez jantzita eta hatzekin rockeroen ikurra eginez sartu da Ibai Ganuza (Iruñea, 1990) Motxila 21 musika taldeak Iruñeko Txantrea auzoan duen entsegu lokalera. Bertan zain dauka Xabi Makuso (Iruñea, 1976) taldeko boluntario eta baxu jotzailea. Downen sindromea duten zenbait gaztek eta haiekin batera jotzen duten musikari boluntarioek osatzen dute taldea. Amalurra izeneko bigarren diskoa kaleratu berri dute.

Bigarren diskoa kaleratu berri duzue. Pozik zaudete emaitzarekin?

IBAI GANUZA: Bai, noski!

XABI MAKUSO: Oso-oso pozik. Sekulako lana izan da. Urteetako lana daramagu, eta diskoan argi erakusten dugu musika erregistro guztiak menperatzen ditugula.

Zaila izan da grabaketa?

I.G.: Grabazio estudiora sartzear ginela harrapatu gintuen COVID-19aren pandemiak, eta ezin izan genuen grabatu irailera arte.

Entseguekin ere hasiak zarete, ezta?

X.M.:Taldean 24 kide gara, eta, nahiz eta lokal handia dugun, 60 metro ingurukoa, segurtasunagatik taldeka hasi gara, proba moduan. Asteartero lau gazte etortzen dira, hiru edo lau boluntariorekin. Alde batetik, bateriak taldetan banatu ditugu, eta, bertzetik, haizezko instrumentuak. Neurri guztiak hartzen ditugu, baina, oraingoz, kontuz ibili behar da.

Diskoa aurkezteko gogoz zaudete?

I.G.: Bai, noski. Inoiz baino gogo handiagoz. Ez dut pentsatu ere egin nahi zer egingo dudan lehen kontzertuan; ziur aski, kamiseta eta guzti kenduko dut [barreak].

Nola oroitzen dituzu taldean hasi zinetenekoak?

X.M.: Duela zortzi urte sartu nintzen. Hala ere, hasieratik ezagutzen nituen, lehen kontzerturako musika ekipoa eskatu zidatelako. Musika ekipoa paratu genien, eta jende zoragarri hau ezagutu nuen. Geroztik taldera engantxatuta egon naiz.

Ibai, zu ere ez zaude hasieratik, ezta?

I.G.: Ez. Hasieran ez nuen sartu nahi ere, eta musika irakasleak beti erraten zidan sartzeko. Hasieran, desastre bat izan zen, baina, gero, hobetuz joan zen. Djembeak jotzen hasi nintzen; ondotik, tinbalak, eta, azkeneko, kutxa. Eta, orain, bateria ikasten ari naiz Jose Landarekin. Klaseak primeran doaz!

Dantzaria ere bazara, Ibai?

I.G.: Motxilan dantza ere egiten dut; anitz gustatzen zait. Kontzertu batean Fermin Muguruza etorri zen, eta harekin dantzatu nuen.

Hainbat musikari entzutetsurekin ere kantatu izan duzu. Berezia da zuretzat hori?

I.G.:Bai, noski! El Drogasek behin baino gehiagotan atera izan nau berarekin kantatzera, eta, orain, Mareak ere ateratzen nau. Bederatzi kontzertutan egon naiz bira honetan, eta bederatzietan atera naute oholtzara kantatzera.

Kontzertu anitz eman dituzue. Zein izan da bereziena?

I.G.:. Londresen egin genuen bat, eta izugarri ongi pasatu genuen. Eta Italiako bira.

X.M.: Bira bat egin genuen Italian. Zortzi egunean hiru kontzertu egin genituen, eta gainontzeko denbora elkarbizitza izan zen. Izugarri polita izan zen. Zentralen kontzertu bat egin genuen gonbidatu bereziekin, eta hori ere berezia izan zen.

Taldea sortu zeneko hasierako helburua bete duzue?

X.M.: Taldearen helburuetako bat da munduari erakustea Downen sindromea duen batek edozer egiten ahal duela, eta ez daukala inolako mugarik. Uste dut hori egunero demostratzen ari garela. Munduko bestarik garrantzitsuenean suziria piztu genuen! Eta, gainera, herritarrek hala erabakita.

Maitatuak sentitzen zarete?

I.G.: Oso maitatuak.

X.M.: Oso onartuak sentitzen gara. Joaten garen leku guzietan tratatzen gaituzte izugarri ongi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Denok dugu atera nahi duen artista bat barruan»

Itsaso Jauregi

Artista izatearen inguruan hitz egin du Intxustak, baita CG Arte dendaren bilakaeraz ere: «Arreta handia eskaini behar zaio egunerokoari, eboluzioan ez galtzeko; beti adi egon behar duzu».
 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

«Elebitasunaren kontrako iritziek ez dute zerikusirik zientziarekin»

Iker Tubia

Elebidun batek garun isuri bat duenean, hizkuntza bakarra erabili ohi da afasia tratatzeko. Hori aldatu nahi du Blanco-Elorrietak. Elebidunen burmuinaren funtzionamendua ikertzen dihardu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...