ATZEKOZ AURRERA. Ander Izagirre. Kazetaria

«Giroa basatiagoa da; ez da horren neurtua»

Pedalen erritmoan eta hitzen kolpean ondu du Izagirrek 'Cómo ganar el Giro bebiendo sangre de buey' izeneko «abentura liburua». Istorioak eta historia uztarri berean. Bihar hasiko da beste 'abentura' bat, Turinen.

JON URBE / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Egin gabeko joana bidaia bihurtuta. Pandemiak zapuztutakoa itxialdiak, etxeak eta jakinduriak bilakatu dute liburu. Cómo ganar el Giro bebiendo sangre de buey izena du Ander Izagirreren (Donostia, 1976) azkenak. Sagueseko milazka zuhaitzen alboetan lotuta dauden bizikletak ez bezala, ahanzturatik eta herdoiletik erreskatatu ditu Giroko istorioak, eta Italiako historia.

Idi odola ez da dopina?

Dopina lege kontua da. Eta urte askoan ziklistak saiatu ziren edozein gauza hartzen errendimendua hobetzeko. Izan zitekeen idi odola duela 120 urte, gero izan ziren anfetaminak, eta gero etorri zen dopinaren kontrako legea.

Ez da dopinari buruzko liburu bat.

Ez, baina presentzia handia dauka, hala izan duelako Giroaren historian ere. Ziklismoa kontatzea ez da santuen bizitza kontatzea; dena kontatu behar da: argia eta iluna.

Zeri buruzkoa da orduan?

Abentura liburu bat da. Protagonistak ziklistak dira, baina ziklista horiek batzuetan mundu gerrako partisanoak dira, faxistak dira, edo emakume iraultzaileak dira.

Mussolinik ez zituen txirrindulariak maite?

Ez. Mussolinik eta faxismoak maite zituzten abiadura, makinak, autoak, hegazkinak... ziklistak ziren antzinako gizarte baten arrastoa: jende pobrea, argala... Ez ziren gizaki faxista indartsu horren eredu.

Zer da txirrindularitza? Epika, tragedia edo komedia?

Denetik du, eta horrek egiten du erakargarri. Mugatzeak pobretu egiten du. Dena epika bihurtzen badugu, puztuta gelditzen da. Epika horri gehitu behar zaizkio komedia eta tragedia. Hildakoak daude, tranpak daude, alde ilunak daude... Ez dira denak heroiak eta pertsonaia argitsuak. Badira oso ilunak, traidoreak, iruzurtiak...

Kirolik literarioena da?

Ez dakit modu horretan neurtu daitekeen, baina oso literarioa dela, zalantzarik ez. Abentura handi bat delako, oso baldintza eta jokaleku berezietan egiten delako —ez da estadioetan egiten, mendi basatietan egiten da, elur jausiak gertatzen dira, bide kaskarrenetan...—, eta giza portaeraren aldaera guztiak agertzen direlako. Aldagai guztiak ditu literatura ona egiteko.

Galdetu daiteke Tourra edo Giroa, zein duzun nahiago?

Tourrak pisu historiko ikaragarria dauka, eta probarik globalena da, baina jada ez da horren basatia. Giroak oso presente dauka, kirolaz gain, abentura bat ere badela. Giroak asko zaintzen du hori, baita XXI. mendean ere. Oraindik sartzen ditu strade bianche-ak, sartzen ditu hiru mila metroko mendate berriak jakin gabe handik pasatzeko baldintzarik egongo den, Giroan gertatu dira azken urteotan kapitulurik liluragarrienak edo harrigarrienak. Tourra askoz ere kontrolatuagoa dago, Tourrak nahi duelako audientzia eta atentzioa mantendu azken ordura arte. Oso produktu neurtua da. Proiekzio globala dauka, 1 Formulak bezala edo futbol liga handiek bezala. Giroa oso txirrindularitzazaleentzat da. Abentura basatiagoa da; ez da horren neurtua.

Zer da Youtubeko txirrindularitza?

Gure gizartean gertatzen den fenomeno bat da. Askok uste dute ez garela gai pazientzia izateko, ez liburu batekin, ez pelikula batekin, ez kirol proba batekin. Adibidez, Espainiako Vueltak asko egin duen zerbait da: etapa motzak jarri, eta hamar minutuko igoera basati batean dena erabaki. Badirudi hamar minutu horiek ikustea nahikoa dela. Hori egun batean erakargarria izan daiteke, baina ziklismoak jakin behar du iraupen luzeko kirol bat dela, ikusleok pazientzia hori landu behar dugula, eta, askotan, gauzarik interesgarrienak gertatzen direla mendiko hiru etapa jarraian etortzen direnean, eta hirugarren egunean. Jakin behar dugu gauzak pixkanaka egosten direla, eta errezeta on bat ez dela azkarren egiten dena, emaitza zaporetsuena lortzen duena baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.