Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. David Cacchione. Banda Bassotti taldeko kidea

«Kultura erabili dugu borroka brigada gisa»

Atzera begira, Banda Bassotti taldearen ibilerak jaso ditu Cacchionek bere memoria liburuan. Musikaren bidez borrokarako deia egiten jarraitzen dute: «Ezin dugu pentsatu betiereko porrota garenik».
IDOIA ZABALETA / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2021eko irailak 14

Erromako Banda Bassotti taldea ezaguna da Euskal Herrian, lotura estua baitu aspalditik. Taldea sortu zutenetako bat da David Cacchione (Erroma, 1960), eta Iruñean eta Altsasun (Nafarroa) izan da bere memoriak biltzen dituen liburuaren gaztelaniazko itzulpena aurkezten: Toda una vida. Memorias de un obrero internacionalista.

Zergatik erabaki duzu zure memoriak idaztea?

Duela bi urte Angelo Sigaro hil zen, eta ohartu nintzen heriotza gertu dela; beraz, bizi izandako guzia idaztea pentsatu nuen. Horrekin batera, azaldu nahi nuen nola lau lagunek oharkabean komunitate bat sortu dugun. Banda Bassottirekin egon gara Palestinan, Nikaraguan, Sirian, El Salvadorren, Venezuelan, Kuban... musika bidaiak ziren, bai, baina baita elkartasun internazionalistako bidaiak ere.

Lau lagunen burutazio bat izan zen Banda Bassotti?

Lau gazte langile ginen, gauza asko egitera iritsi direnak inguruko babesari esker. Posible da gauza asko egitea gogoa baduzu, eta beti gauzak erdizka uzten ez badituzu. Musika banda alor bat da, baina mugimendu transbertsal bat da gurea.

Nola sortu zenuten taldea?

1970eko hamarkada hondarreko mugimendutik heldu gara. Lehenbizi, elkartasun ekimenak antolatzen hasi ginen: behin, El Salvadorri elkartasuna adierazteko eta misilak erosteko kontzertua antolatu genuen: bost milioi lira lortu genituen gerrillari emateko.

Liburuan diozu kanta on asko egin dituzuela, baina zuen indargunea dela jotzen duzuen hori zaretela. Hori da arrakastaren gakoa?

Noski, kontzertuetara etortzen den jendea identifikatzen da Stalingrado eta antzeko kantekin. Jendeak badaki gatazka eremuetara joaten garela. Ez dugu soilik kantatzen, borroka egiten dugu. Jarraitzaile asko gurekin etortzen dira elkartasun karabanak antolatzen ditugunean; harreman estua dugu haiekin.

Euskal Herriarekin duzuen harremana zergatik da hain estua?

Brigadak antolatu genituen Nikaraguara, eta bueltan haien aldeko kontzertu bat antolatu genuen. Adiskide batek Kortaturen zinta ekarri zuen Nicaragua Sandinista kantarekin, eta gonbidatzea pentsatu genuen. 1987an etorri ziren, gero gu sanferminetan izan ginen; geroztik askotan jo dugu elkarrekin. Erromatik beti ikusi dugu Euskadi kultura eta borroka eredu gisa.

Internazionalismoa oholtzatik defendatu behar da?

Bai, gu borrokarekin loturik gaude. Altsasuko gazteen aldeko pankarta kontzertu guztietan atera dugu. Kontzertu bat ez da mitin bat, baina beti saiatu gara kultura borroka brigada baten gisa erabiltzen.

Konpromisoaz eta militantziaz mintzo zara liburuan. Ezin zuen bestela izan zure bizitzak?

Ez. Maite dut goizean esnatu eta ispiluari begiratzean lotsarik ez sentitzea. El Salvador eta Nikaraguako nekazariekin egon gara, Donbassen aurreko egunean bonba bat zartatu zen tokian egon gara... Haiekin identifikatu eta haiengatik borrokatu behar dugu.

Etengabe aipatzen duzun borroka asko aldatu da?

Dekoratua aldatu da, baina kapitala betiko bera da; beraz, komunistek batasuna lortu behar dugu borrokatzeko. Batasunik gabe, ez goaz inora. Italian azken 30 urteetan borrokaren bidez lortutako eskubide asko galdu ditugu langileok.

Nola pitz daiteke borroka hori?

Pentsatzea aski litzateke, eta ez aditu telebistek diotena. Telebista eta egunkariak industria handien eskuetan daude; beraz, informazioa da irabazi beharreko lehenbiziko bataila.

Bizitzari errepasoa emanda, zer irakasbide atera duzu?

Beti egin dugu sinesten genuen hori; batzuetan, ez dugu burutu, baina saiatu gara. Ezin dugu pentsatu betiereko porrota garenik.

Zer asmo duzue aurrerantzean?

Diskoa grabatu berri dugu, eta Kubaren aldeko elkartasun kanpaina abiatu dugu. Karabana bat antolatu nahiko genuke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Medikuak amari esan zion naturaren fenomeno bat nintzela»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Legorreta jaioterrian talidomidak kalte egindakoen aldeko lasterketa egin dute berriki, eta Garmendia «oso harro» dago herrikideez. Borrokalari petoa da, eta artista. 'White Lines' telesailean aritu da, aktore.
1 ©BOB EDME / EZEZAGUNA

Biluztasunaren atzetik

Amaia Igartua Aristondo

Uztailetik, zigortuta dago Hendaiako hondartzan nudismoa egitea: Ipar Euskal Herrian, baimendutako guneetan soilik egon daiteke biluzik. Hegoaldean, berriz, edonon, tokiko udalek ez badute nudismoa debekatzeko araurik onartzen.
Olivia Colman eta Josh O'Connor <em>The Crown</em>-eko protagonistak, telesaileko eszena batean. ©BERRIA

'The Crown'-ek lortu du garaikur gehien Emmy sarietan

Olatz Esteban Ezkati

Zazpi sari eskuratu ditu. Komedian, 'Ted Lasso' gailendu da, eta telesail laburrik onena 'The Queen's Gambit' izan da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Tubia

Informazio osagarria

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna