ATZEKOZ AURRERA. Flavia Alvarez-Pedrosa, 'Flavita Banana'. Ilustratzailea

«Denok gara politika, nahi gabe bada ere»

Zuri-beltzezko figurak, detaile gutxikoak, eta esaldi garratzak: erraz ezagutzen da Flavita Bananaren estiloa. Ja jaialdiak Bilboko metroan ikusgai jarri ditu haren lanetako batzuk, hilaren 15era bitartean.

MARIO GUZMAN/ EFE.
amaia igartua aristondo
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Umore «atsegina eta tristea» dute Flavia Alvarez-Pedrosa Pruvost Flavita Banana-ren binetek (Oviedo, Espainia, 1987). «Garrantzitsuena da ez dutela min egiteko helbururik». Ja jaialdiaren barruan, lan horietako batzuk ikusi ahal izango dira Bilboko metroko Abandoko eta Zazpikaleetako geltokietan, urriaren 15era bitarte.

Ilustratzaile feminista zara. Ikuspuntu hori falta zen?

Bai, ez hainbeste gaien aldetik, baizik eta ordezkapenaren aldetik: adibidez, binetak gai orokorrekoak izatea, baina emakumezko pertsonaiak agertzea; andreak ordezkatuta egon gintezen arlo guztietan, ez soilik guri dagozkigunetan.

Hasieratik argi zenuen?

Emakumea izanda, zaila da bakarrik gizonak agertzen diren marrazkiak egitea. Baina egia da mugarria izan zirela andre irakurleen inguruko binetak. Kontuan izanda, gainera, irakurle gehienak emakumezkoak garela.

Inoiz esan duzu orain ilustrazio «politikoagoak» egiten dituzula. Nolakoa izan da aldaketa?

Graduala izan da: hasieran gai pertsonalagoak edo etxetiarragoak jorratzen nituen. El Pais egunkarian argitaratzen hasi nintzenean, eremu politiko gehiagotara ireki nintzen. Ausartzea izan zen, batez ere, batzuetan andreok hezten gaituztelako gai horietan sar ez gaitezen; baina pentsatzeko gaitasun bera dugu.

Politikoegia izateko arriskua sumatzen duzu?

Ez dut uste inork eskubidea duenik besteak baino politikoagoa izateko, denok garelako politika, nahi gabe bada ere. Feminismoaren aldetik, aktibismo puntu bat ere badago, mugimenduak jarraitzaileak irabazteko xedea; hortaz, garrantzitsua da gauzak argi agertzea, neure burua ez mugatzea, inoiz ez delako gehiegi. Nire kasuan, uste dut gakoa dela hori umorearen bidez egitea, izan dadila toki atsegin bat, parte hartzera animatzeko.

Umorearen subjektua gizona izan da normalean. Etsaitasuna nabaritu duzu inoiz?

Ez, nire lan esparruan, egunkarietako binetenean, ez dagoelako jende asko; lehia gutxi dago. Baina umorearen kontu hori egia da, eta uste dut arrazoia historikoa izan dela: umorearekin lotutako ogibide bat garatzeko, denbora librea behar da, eta andreek beti izan dugu lanen bat, etxea gobernatu beharra...

Umore ezkorra da zurea?

Irudi lezake, errealitatea erakusten dudalako. Baina optimista da, egiaz, asmoa delako jabetzea aldaketa bat egin behar dela.

Zuria eta beltza erabiltzen dituzu, eta detaile gutxi. Komunikazioa errazagoa da horrela?

Bai, distrazioak kentzen dira. Asmoa da irakurleak mezua barneratzea. Lan egiteko ere komenigarriagoa zait, errazagoa delako.

Identifikagarriagoa ere bada. Horrek presioa eragiten du?

Ez, abantaila bat da. Presioa izan daiteke norbaitek berarentzako deserosoa den modu batean marrazten duenean, eta ezin duenean moldatu. Ni eroso nago.

Beraz, estilo identifikagarria lortzea izan liteke presio bat?

Noski, hasiberriei asko gertatzen zaie. Ez dute haien estiloa aurkitzen, denetarik egitea gustatzen zaie... Uste dut garairik ederrenetariko bat dela, denetarik probatzen zabiltzalako, baina, aldi berean, ez duzu gozatzen, estilo propioa aurkitu nahi duzulako.

Zure estiloa ere aldatu da. Trazu femeninoa-ren inguruan hausnartu izan duzu, eta ukatu egin duzu.

Trazu femeninoa asmatutako kontzeptu bat da, eta ni erori egin nintzen hor. Oihartzuna izan zuen orain dela sei-zazpi urte, emakumezko ilustratzaileen liburuak gehiago saltzen hasi zirenean: irudi delikatu eta atseginak ziren, eta trazu garbia zuten. Eta, kolorea bazegoen, apalagoa zen, argi askokoa eta itzal gutxikoa. Ideia horiek alboratu nituenean, pintzela nahi nuen moduan erabiltzen hasi nintzen: lerro irregularragoak eta lodiagoak, dena ilunago... Erosoago nago estilo horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.