ATZEKOZ AURRERA. Ester Plans. Escamot Catala taldeko dantzaria

«Musika kalera atera nahi dugu berriz»

Herri kantua eta dantza pasio ditu Plansek: «Kantatzeak eta dantzatzeak alaitu egiten gaitu». Escamot Catala taldearekin etorri da gaur Euskal Herrira, jendea plazan dantzan paratzeko asmoz.

BERRIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Zortzigarrenez Euskal Herrian izanen da Escamot Catala musikari eta dantzari taldea, balfolka plazara eraman eta herritarrekin dantzatzeko asmoz. Gaur Iruñean izanen dira; bihar, Lizarran (Nafarroa); eta hurrengo bi egunetan, Gautegiz-Arteagan (Bizkaia). Jendea dantzara aterako dutenetako bat izanen da Ester Plans (San Vicenç de Castellet, Herrialde Katalanak, 1962).

Urtero etortzen zarete abendu hasieran. Nola hasi zineten Escamot Catala proiektuarekin?

Folk jaialdietan ezagututako adiskideen arteko solasaldietan agertzen zen Euskadin bira bat egiteko ideia, txantxa gisa, baina azkenean egitea erabaki genuen. Lehenbiziko urtea berezia eta ederra izan zen, eta, gaur egun, irrikaz egoten gara bidaia berezi hau egiteko.

Nor zarete Escamot Catala?

Adiskide talde batetik sortu arren, Katalunia osora zabaltzen da sarea; nahi duenak parte hartu dezake. Folk musikak, kantuak, dantzak eta filosofiak batzen gaitu. Karriketan eta plazetan dantzatzen gara, eta folk munduari lotutako elkarteekin harremana egiten dugu.

Ez da talde egituratu bat, beraz?

Ez dago mailaketarik; guzien artean egiten dugu. Dantzei dagokienez, kantuen ordena ez dago zehazturik. Dantzaldiak aurrera egin ahala, zer jo erabakitzen dute musikariek. Onak dira, agudo hartzen dute, eta berez egiten du aurrera saioak.

Zergatik aritzen zarete karrikan eta ez oholtza gainean?

Folk musika beti izan da herriari oso lotua; baita gizarte eta protesta eduki handikoa ere. Beraz, musikariek eta karrikako jendeak ahalik eta hurbilen egon behar dute. Dantza batzuk errazak dira, eta jendea dantzara gonbidatzen dugu. Hori garrantzitsua da, jendearengana agudo iristea eta elkarrekin gozaraztea baita herri musikaren muina.

Inprobisazioak zer eskaintzen die herri dantzei?

Freskotasuna eta bat-batekotasuna ematen die, une bakoitzera egokitzea eta gozatzea. Musikariak hasi daitezke kanta tradizional batekin, eta bat-batean beste batekin nahastu, baita kanta moderno batekin ere. Une bereziak dira, goititzen zaituztenak, eta ohartzen zara noraino ailegatu daitekeen musika. Bat-batekotasunak biziarazten gaitu; dantzariok musikara egokitu behar dugu, eta ederki pasatzen dugu.

Zer sentitzen duzu dantzan?

Txikitatik aritu naiz herri musikan, kantuan. Modu honetan, musikaren erroetara iritsi eta hori gorputzarekin adierazten dut. Bizirik sentiarazten nau, alai, eta jendearengana hurbiltzen nau.

Besteekin batera egiten baituzu dantza, ez bakarrik.

Publikoko jendearekin dantzatzen garenean, lotura bat sortzen da, bibrazio on bat, kantatzeak eta dantzatzeak alaitu egiten gaituztelako.

Errepertorioan ez dituzue soilik Kataluniako dantzak, ezta?

Nahastu egiten ditugu hangoak eta hemengoak, eta zenbait genero landu: balsa, mazurka, eskotisa... Noski, abesti katalanak sartzen ditugu: sardanak, jotak... eta Euskal Herriko fandangoak, jauziak...

Zer egoeratan dago Katalunian herri musika eta dantza?

Herri musika, sarri, eskoletara mugatzen da; Lehen Hezkuntzara batik bat. Esbart taldeak daude, baina horiek ikuskizunak egiten dituzte nagusiki. Nolabait hau gorde da sardanen bidez, baina badirudi zaharren kontu bat bihurtzen ari direla. Musika karrikara atera nahi dugu berriz. Bada dantzatzen den jendea, baina ez da ohikoena. Bartzelonan ostiralero dago dantzaldia, baina zaila da herritar guziei zabaltzea.

Zein da zailtasuna?

Bizitzeko dugun manera. Kontsumoan oinarritutako kultura dugu, kontsumo azkarra gainera, eta Internet desmasia. Karrikako kultura galtzen ari gara, eta pandemiak hori areagotu du.

Nola eragin dizue pandemiak?

Gogorra da: ezin izan dugu inon lasai dantzatu. Baina, horrez gain, herri kultura gaizki tratatu dute. Aurretik ere bai. Kataluniako Herri Kulturaren Departamentuak formakuntza eta diru laguntzak ematen zituen, kantak berreskuratu... Mugimendu handia zegoen, eta krisi ekonomikoekin kolpetik gelditu zen dena. COVID-19ak larritu du egoera, ezin baitzen karrikara atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.