ATZEKOZ AURRERA. David Argindar. Argazkilaria

«Herrietako frontoiek asko hitz egiten dute»

Frontoia ez da pilotalekua bakarrik, eta pareta ere ez horma bakarrik. Argindarrek 'Paretaren mintzoa' izeneko erakusketan jarri duena da horren lagin eder bat. «Ohartu gabe, dena egiten dugu frontoietan».

MAIALEN ANDRES / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Andoain
2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Bazen behin gizon bat kamera bati itsatsia. Izan frontoian, zelaian, kantxan edo hipodromoan, edo izan elkarrizketa baterako zitan. Halaxe agertu da David Argindar (Donostia, 1973). Paretaren mintzoa erakusketa ondu du, Euskal Herrian deskubritu dituen frontoirik berezienei ateratako argazkiekin. Apirilaren 10era arte dago ikusgai, Bilboko Terminal aretoan.

Hitz egiten dizute paretek?

Bai. Ez dakit nola azaldu, baina bai.

Eta zer esaten dizute?

Denetik. Pentsatzen hasten zara, eta zenbat gauza egin diren gure herriko frontoietan, pilotan jokatzeaz aparte. Asko hitz egiten dute.

Badute lengoaia propio bat?

Bai. Askotan akordatzen naiz Oteizak zioenaz: nola den espazio huts bat, baina bete egiten duguna. Afariekin, mitinekin, kontzertuekin... Herriko gunea dira frontoiak.

Frontoiak ez dira, beraz, pilotalekuak bakarrik?

Pilotan jokatzea han egiten den gauzetako bat da.

Oteizak espazioa, eta zuk argia?

Argazkilaritzan, bai. Frontoien kasuan, ez horrenbeste. Espazioa asko aldatzen da argiaren arabera, baina frontoietan gehiago interesatzen zait espazioa.

Ez daude bi frontoi berdin.

Berdinik ez dago.

Aberastasuna da hori.

Hori du honek polita.

Zenbat dituzu?

Ehundik gora.

Ezberdina dute hotsa ere. Ez zara horrekin saiatu?

Bururatu zitzaidan, baina berandu konturatu nintzen horretaz, eta argazki asko eginak nituen jada. Baina ederra litzateke guztietara pilota batekin joan eta soinua grabatzea.

Zergatik frontoiak?

Bizitza frontoietan egin dut. Gros nire auzoan, frontoi asko daude. Ikastolako jolasak frontoian egiten genituen. Saskibaloia, futbola... Gure kantxak eta zelaiak frontoiak ziren. Afariak, bertso saioak... Ohartu gabe, dena egiten dugu frontoietan.

Obsesio bihurtu dira?

Bai, ziurrenik bai. Familiakoek baietz diote. Kokoteraino daude.

Zenbat kilometro egin dituzu?

Ez ditut zenbatu. Bestelako lanak tokatzen zaizkidanean, beti aprobetxatzen dut mapan begiratu eta inguruan zer frontoi dauden ikusteko.

Baina Kubara kamerarik gabe...

Ez nuen eraman! Bizikletan joan ginen, eta ez dakit zergatik egin nuen hori. Bazeuden bai frontoiak.

Herri edo herrialdeen nortasuna islatzen dute frontoiek?

Baztango frontoiak hango harri gorriarekin eginda daude, Ipar Euskal Herrian koloretsuak dira, Gipuzkoan oso xumeak, soilak. Baina izaten dira sorpresak ere.

Adibidez?

Loiukoa. Jendeari erakusten diot argazkia, eta denek uste dute Ipar Euskal Herrian dagoela.

Eta zer zerikusi dauka frontoiak hipodromoarekin?

Batere ez. Enkargu batengatik hasi nintzen han, ez nuen ezagutzen, baina kateatu egin nau.

Mundu ezezagun samarra da.

Erabat. Beti pentsatzen dugu Madrilgo jendea egoten dela, elitista dela... Baina oso giro euskalduna dago hipodromoan. Horregatik sortu genuen zaldilasterketak.eus.

Zergatik argazkilari?

Txikitatik izan dut alboan kamera bat. Aitak marraztu egiten zuen, baina beti edukitzen zuen kamera bat. Bulegoan museo txiki bat daukat argazki kamera zaharrekin.

Freelance. Hitza da polita, baina bizimodua?

Alde onak eta alde txarrak dauzka. Free hori oso ona da, eta zure gustura ibiltzen zara, baina bezeroak lortu behar izatea da zailena.

Ondo ari zara lanean?

Gustura nago. Berandu hasi nintzen freelance; hasiera zaila izan zen, ez nuen inor ezagutzen, baina gerora nire lanak hitz egin du nire izenean.

Presentzia ari dira galtzen kazetariak eta argazkilariak?

Bai, eta pena da. Gauzak telebistaz edo pantaila baten bidez ikustea ez da gauza bera. Bertan dagoenak gauzak ikusten ditu, eta badaki nora begiratu. Argazkia klubak edo enpresak bidaltzen badu, jada galbahe bat pasatu dute haiek. Gauza asko galdu egiten dira bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.