ATZEKOZ AURRERA

Iragana, liburu zaharretan jasoa

XX. mendean idatzitako liburuez gozatzeko aukera dago Gasteizko liburu zaharren azokan. Tokiko eta nazioarteko sei erakusmahai daude guztira, eta ekainaren 5era arte izango dira zabalik.

Gasteizko liburu zaharren eta bigarren eskukoen azokaren 27. aldia da aurtengoa; Urrezko Zeledonen plazan dago. RAUL BOGAJO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Zaharra dena berritu, edo bestela mantendu. XX. mendeko historia luzea jasotzen dute mahaietako liburu zaharretako orriek. Hainbat begik irakurri dituzten istorioak edo oraindik inork irakurri ez dituenak dira gehienak. Idazkeran igartzen da ez direla mende honetakoak. Liburu zaharrak dira, iragana kontatzen duten milaka lagin: nobelak, arte liburuak, eskuizkribuak, argazkiak... Hain zuzen, horrelako idatziez gozatzeko aukera dago liburu zaharren eta bigarren eskukoen azokan, Gasteizen.

Maiatzaren 25ean zabaldu zuten 27. azoka, Urrezko Zeledonen plazan. Besteak beste, helburu hauek ditu: liburu zaharren berreskurapena sustatzea eta bibliografiarekiko eta bildumazaletasunarekiko interesa bultzatzea. Horregatik, liburu zahar erabiliak eta bigarren eskukoak dira merkatuko erakusmahaietan aurki daitezkeen altxorretako batzuk.

Liburu horietako gehienak XX. mendekoak dira, baina badaude antzinakoagoak ere. Sei liburu dendatako lagunak parte hartzen ari dira azokan. Euskal Herrikoa da bat, eta nazioartekoak gainontzekoak: Asilo del libro, Sekhmet —Gasteizkoa den bakarra—, Torres de Valencia, Hamburgo, Maxtor eta La Ela.

Bada, horien liburuez gozatu nahi duenak ekainaren 5era arte izango du azoka bisitatzeko aukera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Faksimileak dira Maxtor liburu denda eta editorialaren mahaian atentzioa ematen dutenak: antzinako jatorrizko dokumentu eta liburuen kopia zehatzak dira. Pilar Rodriguez dago mahaiaren beste aldean, eta, esaterako, salgai ditu Arabako antzinako historiaren berri ematen duten liburuak. «1.700 liburu baino gehiago editatu ditugu», azaldu du, harro. Horrez gain, antzinako arte katalogoak ere saltzen ditu, eta badituzte haiek editatutako karta sorta zaharrak ere.

Deskatalogatutakoak asko

Liburuetako askoren orriek dagoeneko marroiaren eta horiaren arteko kolorea dute hartua. Hain zuzen, itxura hori daukate Francesc Reuna La Ela liburu dendako saltzaileak saltzen dituen liburu gehienek; izan ere, deskatalogatuta daude asko. «Hemen aurki daitezkeen liburu gehienak oso zailak dira beste inon aurkitzen». Hori da azokaren bereizgarrietako bat, Reunaren ustez.

Are, «prezio onean» saltzen dituzte, eta, beraz, Rodriguezek nabarmendu du «aukera ona dela» irakurleentzat normalean eskura izan ohi ez dituzten liburuak ikusi eta erosi ahal izateko.

Bitxia badirudi ere, gazte dezente ikus daitezke liburu zaharren artean saltzaileekin berriketan. Horietako bat da Beatriz Martin, nobela beltzeko liburuen irakurle amorratua. Ohituta dago «liburu denda modernoetara» joaten, baina badaki eskaintza hori baino zabalagoa dela. «Benetan irakurtzea gustatzen zaionarentzat, beharrezkoak dira azoka hauek». Ez da denbora asko egon azokan, baina liburu bat eskuan duela joan da.

Bada, Rodriguez eta Reuna «eskertuta eta pozik» daude Martinen gisako irakurleekin: gogoko dute Gasteiz. «Nabaritzen da gasteiztar asko irakurle amorratuak direla», goraipatu ditu Rodriguezek. Eta Reuna ere gustura dago jendearen erantzunarekin: «Espero zuten azoka ekainaren amaieran hastea, baina gasteiztarrek oso ondo erantzun dute, eta saldu ditugu liburuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.