ATZEKOZ AURRERA. Carles Mata. Castellers de Vilafranca taldeko lehendakaria

«Gaztelu hobeak ditugu lehiari esker»

Mataren 'colla'-ko kideek giza gazteluak eginen dituzte asteburuan Gipuzkoan. Kataluniako kultura kanpoan erakustea maite dute. Kide guztiak dira garrantzitsuak: «Talde lanaren balioa oinarrizkoa da».

BERRIA.
Iker Tubia.
2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Kataluniatik kanpo, munduan sei Plaça de nou daude; bat, Orion (Gipuzkoa). Hala deitzen zaie bederatzi mailako castel edo giza gazteluak egin diren plazei. Castellers de Vilafranca taldeak egin zuen, 2018an, eta igandean hartan izanen dira plaka bat paratu eta, agian, ekintza gogoangarri hura errepikatzeko. Bihar Ereñotzun izanen dira, eta, etzi, Donostian eta Hondarribian (Gipuzkoa). Carles Mata (Vilafranca del Penedes, Herrialde Katalanak, 1978) taldeko lehendakaria da.

Zer esan nahi du Euskal Herrian Plaça de nou bat izateak?

Pentsa: Katalunian asko ditugu, baina munduan soilik sei daude, tartean Oriokoa. Besteak Txinan, Indian, Italian eta Andorran daude.

Eta zuentzat zer balio du halako gaztelu bat hemen egiteak?

Handia. Hasteko, etxetik kanpo halako gaztelu bat egitea zaila da, jende asko behar delako: berrehun lagun gutxienez, eta bertako laguntzaileren bat. Aurretik genuen colla [talde] burua estropadazalea zen, eta horregatik joan ginen Oriora.

Badu zentzurik Kataluniatik kanpo gazteluak egiteak?

Bai, gure kultura zabaltzeko modu bat baita. Europako toki askotan egon gara, eta, 2019an, Kalifornian egon ginen zortzi mailakoa egiten Golden Gate zubian. Kataluniako kultura mundu osoan erakustea maite dugu.

Nondik heldu da gazteluak egiteko zaletasuna?

Tradizio honek 200 urte baino gehiago ditu, eta belaunaldiz belaunaldi igarotzen da. Vilafranca del Penedes inguruan [Bartzelona] mila bazkide ditugu. Jende gaztea egun batez etortzen da probatzera, baina, behin probatuta, ezin du utzi.

Zergatik lotzen du hainbeste?

Erronkarengatik batez ere, gaztelu hau edo bestea egiteko erronkarengatik. Gaztelu handiagoak eta hobeak ditugu lehiakortasunari esker. Bakarrik eginda ongi pasatzen duzu, bai, baina gehigarri bat behar da. Gure mailako taldeek baino hobeki egin nahi dugu, beti.

Colla horien artean adiskidetasuna edo lehia da nagusi?

Momentuaren arabera. Plazan gazteluak egiten, ez dago adiskidetasunik, baina, behin bukatuta, garagardoak hartzen ditugu elkarrekin.

Erakusketa edo lehiaketa da?

Lehiaketa bi urterik behin egiten da, Tarragonan. Egunerokoan, erakusketak egiten ditugu, baina, plaza batera joatean, lehiakideak aurkitzen dituzu, eta hobeki egin nahi duzu; beraz, beti izaten da lehia.

Bederatziko gaztelua da zailena?

Hamar mailakoa ere badago, eta hor 800-1000 lagun behar dituzu. Oinarriak oso konpaktua izan behar du, 600 pertsonekin egina.

Zein da egin duzuen erronkarik handiena?

Badira mugarri batzuk: hamarreko hiru eta hamarreko lau deitzen ditugunak, horiek dira handienak. Bederatziko dorrea amb folre hiru aldiz egin dugu, baina goraino igo ondoren erori egin gara beti. Izan ere, askoz ere hauskorragoa da.

Adin txikikoak igotzen dira goraino. Hori segurua da?

Ez dugu inor behartzen. Haurren arteko lehia ere handia da, denek igo nahi dute, eta kontent igotzen dira. Ikusgarria da, egiten ditugun gaztelurik handienetan 13-14 metro igo baititzakete. Batzuetan erortzen dira, noski, eta kirol guzietan bezala min hartzen ahal dute, baita bizikletatik erorita ere. Egun kaskoa eta aho babeslea daramatzate. Gainera, motel erortzen dira.

Babes neurriak hartzen dituzue?

Astean hirutan entseatzen dugu halakorik gerta ez dadin. Entseguetan sare bat erabiltzen dugu, zirkuan bezala, baina plazan ez dago halakorik. Aurretik ongi egin dugulako segurtasunarekin goaz.

Lekukoa bermaturik duzue?

Bai, noski. Gazte anitz ditugu sekulako gogoarekin: asko gozatzen dute, eta serio hartzen dute. Hamarkadaz hamarkada igaro da gogo hori. Nik 26 urte daramatzat gazteluak egiten, 44 urte ditut, eta bide luzea dut aurretik oraindik.

Zorabiatzen den jendea ezin da goraino igo?

Behean gelditu behar dute, baina behar-beharrezkoak dira. Gaztelu bat egiteko oinarri sendoa behar da lurrean; horiek gabe, ez gara deus. Parte guztiak oso garrantzitsuak dira. Egituran gora egiten dutenak gutxi dira, bai, baina gaztelua denen artean egiten dugu. Talde lanaren balioa oinarrizkoa da gurean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.