ATZEKOZ AURRERA. Massil Allache. Artista

«Mundu ezezaguna da xaboi burbuilena»

XVI. mendeko saltzaile frantziar baten rolean jarrita ondu du Allachek 'Xaboi saltzailea' ikuskizuna: forma, kolore eta testura ezberdinetako xaboi punpuila eta anpuluen mundu magiko bat.

- / BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Berriogoitiko (Nafarroa) bere etxeko garajean ikasi zuen Massil Allachek (Iruñea, 2002) xaboi burbuilak egiten, moketa handi bat lurrean botata. Antzokietara eraman du itxialdi garaian idatzitako lana: Xaboi saltzailea. Teatros Magicos konpainia gaztearen pieza bat da.

Magoa, ilusionista, artista...

Gauza ezberdinak egiten saiatzen naiz beti: magoa, ilusionista, aktorea, dramaturgoa, zuzendaria...

Eta xaboi saltzailea ere bai?

Baita hori ere.

Nondik nora sortu zen ideia?

Ikuskizun bat sortu nahi genuen hemen oso tradizio gutxi duen gai bati buruzkoa: xaboi burbuilak. Mundu ezezaguna da askorentzat. Nahi genuen ikuskizun bat umeak dibertituko zituena, eta helduak harrituko zituena. Itxialdi garaian hasi nintzen lana sortzen, eta itxialdiaren ostean estreinatu genuen.

Xaboi burbuilen inguruan dugun iruditeria zera da, kaleko artista bat, balde handi batekin, eta soka lazodun batekin plisti eta plasta.

Eta hori baino askoz gehiago da. Jendeak ez daki xaboi burbuilekin gauza asko egin daitezkeela. Ez dira bi makila eta balde bat. Koloretako burbuilak egiten ditut, burbuila karratuak, triangelu formakoak, baporearekin egindakoak, kearekin egindakoak, suarekin, helioarekin... Ahalik eta elementu gehien erabiltzen saiatzen naiz, emaitza ere ahalik eta ikusgarriena izan dadin.

Eta non ikasten da hori?

Erabat autodidakta naiz: etxeko garajean, lurrean moketa bat jarrita, behin eta berriz entseatuz.

Zenbat aldiz galdetu dizute: «Baina xaboi horrek zer du?».

Askotan, baina ez dago aparteko sekreturik. Xaboi kontzentrazioaren araberakoa da dena. Oinarria, ordea, berbera da: ura, detergentea eta glizerina. Burbuilek sendotasuna izan dezaten erabiltzen da glizerina. Gehiago mugitzea lortzen da horrela, eta joko handiagoa ematen dute burbuilek.

Badago teknika bat, baina badago istorio bat ere: XVI. mendeko Frantziaraino joan zara.

Testuinguru bat jarri nahi nion ikuskizunari: ez zedila izan burbuilak egitea bakarrik. Mezu bat ere eman nahi nuen. Horregatik bururatu zitzaidan porrot egindako xaboi saltzaile baten pertsonaia sortzea. Ez du xaboirik saltzea lortzen, harik eta egun euritsu batean ura eta bere xaboia nahi gabe nahasten zaizkion arte. Burbuilen mundua deskubritzen du orduan, eta horri esker hasten da arrakasta lortzen. Gainditzeari eta sormenari buruzko mezu bat eman nahi nuen: ia ezerezetik abiatuta egin daitezkeen sormen lanei buruzkoa.

Ez da zure ikuskizun bakarra.

Teatros Magicos konpainian hiru ikuskizun dauzkagu oraintxe ikusgai, eta beste bat estreinatuko dugu abenduan. Ikusgai dauzkagunak: Lo imposible se hace realidad (Ezinezkoa errealitate bihurtzen da) magia eta ilusionismo ikuskizuna, Yo nunca (Nik sekula ez) gazteen artean dagoen droga kontsumoari buruzkoa, eta Xaboi saltzailea. Abenduan estreinatuko duguna, berriz, Alzheimerren gaitzari buruzkoa izango da, eta libretoa ontzen ari gara orain.

Oso jende gaztea zarete.

Hain zuzen, Teatros Magicos konpainia duela urte eta erdi sortu zen, gazteen artean antzerkia sortzeko behar horretatik abiatuta. Kultura hori gazteen artean hedatu nahi dugu, baina helburua da ahalik eta ikusle gehienengana iristea. 18-30 urte arteko jendeak hartzen du parte, baina horrek ez du esan nahi gure lanek adin tarte horretako jendearentzat bakarrik izan behar dutela.

Eta zu nolatan artista?

20 urte dauzkat, eta 10 nituenerako etxeko garajean aritzen nintzen txotxongiloekin eta burbuilekin jolasean. Sortzen. Herri txikia denez nirea [Berriogoiti], aukera asko eman dizkidate beti, bai herriko jaietan eta bai bestelako ekitaldietan. 10 urte nituenetik utzi didate erokeria hauek guztiak egiten. Sekulako zortea da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.