Gasteizko jaiak

«Ondo gozatzea dagokigu, pribilegiatu batzuk baikara»

Txikien eguna ospatuko dute gaur Gasteizen. Berganzo eta Ferrera arduratuko dira aurten Edurne eta Zeledon Txiki antzezteaz. Andre Maria Zuriaren plazan izango da jaitsiera.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Andre Maria Zuriaren jaietako egun handia igarota, txikienen txanda izango da gaur: Txikien Eguna ospatuko dute, eta, azken urteetan egin bezala, aurten ere Edurne eta Zeledon Txiki izango dira protagonistak. San Migel elizako dorretik jaitsiko dira haiek ere, eta Elaia Berganzo (Gasteiz, 2010) eta Unax Ferrera (Gasteiz, 2010) arduratuko dira antzezteaz gero. Eguerdian izango da ekitaldia. Karraxi kuadrillako kidea da Ferrera, eta Zeledon Txiki antzeztuko du; Berganzo, berriz, Hegotarrak kuadrillako kidea da, eta Edurneren rola jokatuko du. Biek adierazi dute «hunkitu» egin zirela hautatuak izan zirela jakin zutenean.

Zer zaudete, urduri ala gogotsu zuen egun handirako?

FERRERA: Urduri nago, baina gogotsu ere bai. Beraz, bietatik.

BERGANZO: Ni urduri nago.

Aurreko urteetan ikusiko zenuten Zeledon Txiki eta Edurneren jaitsiera. Inoiz pentsatu al zenuten hautatuak izango zinetela?

FERRERA: Inoiz ez dut hori pentsatu, baina tokatu zait.

BERGANZO: Nik inoiz ez dut imajinatu izan zitekeenik.

Noiz eta nola jakin zenuten aurtengo Zeledon Txiki eta Edurne izango zinetela?

FERRERA: Gogoratzen dut Errege egunean izan zela, opariak irekitzen ari nintzenean. Gutun bat zegoen opari guztien artean, eta ireki nuenean hau irakurri nuen: «Zeledon Txiki izateko aukeratua izan zara». Asko hunkitu nintzen, eta ezin izan nion negarrari eutsi. Ohore bat da hau; guri tokatu zaigu, baina gutxi batzuek bakarrik bizi dezaketen zerbait da. Horregatik, ondo gozatzea dagokigu, pribilegiatu batzuk baikara.

BERGANZO: Nire gurasoak eskolara etorri ziren jaiei buruzko hitzaldi bat ematera. Bideo bat jarri zuten, eta bideoan esan zuten Edurne izateko hautatua izan nintzela. Asko poztu eta hunkitu nintzen ni ere hori entzutean; betidanik amestu dudan zerbait da.

Zer esaten dizuete lagunek?

FERRERA: Oso pozik daudela Zeledon Txiki izango naizelako.

BERGANZO: Zorte handia dudala eta aukera hau asko gozatzeko esan didate.

Gainera, bi urte eman dituzue lagunekin festaz gozatu ezinik. Aurten berezia izango da, ezta?

BERGANZO: Bai. Oso pozik gaude lagunekin gozatu ahalko dugulako. Azken bi urteak gogorrak izan dira guretzat ere.

FERRERA: Gogorra egin zait niri ere: barrakarik gabe, lagunekin egoteko aukera askorik gabe... Ziur inoiz baino gehiago gozatuko dugula.

Azken asteetan kazetarien galderei erantzun behar izan diezue, askotariko argazki eta bideoak egin... Eroso sentitu zarete?

BERGANZO: Egia esan, eroso sentitu gara, eta ez gara kexatzen; ez digute traba handirik egin.

Dantza ere egingo duzue. Ondo ikasi al duzue koreografia?

BERGANZO: Bai, erraza da.

FERRERA: Apur bat ahaleginduta segituan ikasten den dantza bat da.

Eta nola igarotzen dituzue jaiak gurasoen kuadrillekin?

FERRERA: Kalez kale, dantzatzen eta asko disfrutatzen.

Noiz hasi zineten jaietan parte hartzen blusa eta neska gisara?

FERRERA: Txiki-txikia nintzenean. 2 urte nituela hasi nintzen gurasoekin jaietan ateratzen, baina ez naiz oso ondo oroitzen.

BERGANZO: Ni ere sei hilabete nituela irten nintzen lehenengoz kuadrillan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.