ATZEKOZ AURRERA

Udako lana agurtzeko erromeria

Berrehun urteko tradizioari jarraituz, jendetza bildu da goizetik Olarizuko zelaietan, erromeriaz gozatzeko. Euskal Herriko hainbat produktu jarri dituzte salgai azokan, egun osoan.

Arabako babarrun nabarra dastatu ahal izan dute Olarizuko erromeriara joan direnek. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Egin dugu urteroko igoera», esan du adineko emakume batek, arnasestuka. Hura bezala, pozik iritsi dira ehunka lagun Olarizuko (Gasteiz) muinoko gurutzera, tradizioari jarraituz.

Adin guztietako jendea dago tontorrean, oso egun berezia baita gasteiztarrentzat Andre Maria egunaren —irailaren 8a— osteko astelehena. Izan ere, egun horretan Olarizuko erromeria egiten dute, eta halaxe egin zutenatzo ere. Oraindik ere bizirik dirau tradizioak, berrehun urte geroago.

XIX. mendeaz geroztik egiten da erromeria Olarizuko zelaietan eta muino gaineko gurutzean. Gasteizko nekazariek amaitutzat ematen dute baratzeko udako zikloa Olarizuko erromeriarekin batera. Horrez gain, bildutako uztagatik eskerrak emateko erritu ere bihurtu da.

Goizeko bederatzietan ekin diote egunari, mugarriak ikustera joateko urteroko ibilaldiarekin. Gasteizko Plaza Berritik abiatu dira: Lubiano eta Uribarri Arratzua arteko mugarriak ikustera joateko ibilaldia da. Udal Txistulari Banda dute lagun, ibilaldia atseginagoa izan dadin. Bide ederra da, halere, hamar kilometrokoa, gutxi gorabehera.

Ibilbidea erritmo bizian egiten ari da Ester Perez, lagunekin batera. «Asko gustatzen zaigu egun hau kuadrillan gozatzea», azaldu du, pozik. Olarizuko mugarriak eta gurutzea bisitatu ondoren, beheko zelaietako saltokiak ikusi, eta taloak jatera jaitsi da kuadrilla osoa.

Pixkanaka, jendea saltokietara hurbiltzen hasi da. Euskal Herri osoko saltzaileak daude han. Goierriko Taloak (Segura) izeneko saltokia da ikusgarrienetako bat. Oso ondo apainduta daukate, talo postu tradizional baten moduan, eta antzinako talogileen argazkiak dituzte horman. Elur Telleria da hartan lanean dabiltzan langileetako bat. Azaldu duenez, lehen aldia dute Olarizuko erromerian: «Ilusioarekin hartu dute eguna gasteiztarrek, eta espero dut jendea etortzea». Jendeari txistorra taloa probatzeko gomendatu dio, gainera, saltokiko «produktu izarra» baita.

Askok nahiago dute Olarizura goizez joan, arratsaldean jendetza egon ohi delako. Marian Eras eta Fernando Zulaikak ere nahiago dute goiza. Hain zuzen ere, urtero legez, saltokiak lasai ikusiko ditu bikoteak, eta ogia zein opilak erosi erromerian.

Eskolarekin eguna pasatzera joan diren haurren txango asko ere badaude. Irakasle izandakoa da Eras, erretiratu berria, eta «ikasle eta lankide izandakoekin egoteko» aprobetxatu nahi du eguna.

Herri bazkaria

Jendeak erromeriako saltokietan saltzen diren taloak eta produktuak probatu baditu ere, bazkalordurako txoko bat gorde du urdailean. Izan ere, jendetza dago Arabako babarrun nabarra dastatzeko herri bazkarian. Tripa bete ostean, berriz, harrera egin diete udalbatzako kideei. Udal Txistulari Bandak girotu du zeremonia.

Arratsaldea haur eta gazteentzako ekintzekin hasi da. Jolasak, erraldoi eta buruhandien kalejirak eta dantzaldiak daude, besteak beste. Esate baterako, Zirkinik Bez taldeak bertaratu direnen aldakak mugiarazi ditu.

Goizean goizetik nabaritu da bi urte igaro ondoren gasteiztarrak gogotsu zeudela Olarizuko erromeria berreskuratzeko. Horregatik, festa ez da gelditu egun osoan, eta zelaiko saltokiak jendez lepo egon dira etengabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.