ATZEKOZ AURRERA. Philippe Lacote. Zinema zuzendaria

«Afrika erakutsi nahi diot munduari»

Boli Kostako kartzela batean gertatzen den istorioa kontatzen du Lacotek 'La nuit des rois' filmean. Iaz, Afrikaldia zinema jaialdian epaimahaiaren saria irabazi zuen, eta atzo jaso zuen saria Gasteizen.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Itzultzailea ondoan duela, galderak ilusioz erantzuten hasi da Philippe Lacote Boli Kostako zinema zuzendaria, ez baitago hain ohituta elkarrizketak egitera. Gasteizko Europa biltzar jauregian aurkeztu zuen atzo iaz Afrikaldia zinema jaialdiko epaimahaiaren saria irabazi zuen pelikula: La nuit des rois (Erregeen gaua). Film basati eta poetikoa da. Boli Kostako baso erdian dagoen La Maca izeneko kartzelara sartzen duten gaizkile txiki baten istorioa kontatzen du filmak. Iazko jaialdian, txundituta utzi zituen Afrikaldiko ikusleak. Atzo, berriz, Lacote zuzendaria gertutik ezagutu, eta harekin hitz egiteko aukera izan zuten filma ikustera joan ziren ikusleek. Zuzendariak nabarmendu duenez, oso garrantzitsua da Afrikaldia eta halako jaialdiak antolatzea, bi kontinenteen arteko «zubi lana» egiten baitute.

Dagoeneko ibilbide luzea duzu zinemagile gisa, ez?

Nire bigarren film luzea da, eta oso pozik nago izan duen harrerarekin. Baina askoz ere denbora gehiago daramat zinema egiten, eta ez bakarrik zuzendari lanetan, zinemagile handien ekoizlea ere izan naiz. Honetan hasi nintzenetik, beti galdetu izan didate gauza bera: «Zerk bereizten zaituzte zinemagile afrikarrak?». Ez da erraza erantzuten.

Zure kasuan, zer da?

Beti dago benetako zerbait nire filmetan, ezagutzen dudana baita hobekien erreproduzitu dezakedana. Nire kasuan, bereziki, Boli Kostako errealitatea erakusten dut. Nire herrialdean egunerokoan gertatzen diren gauzetan jartzen dut arreta. Azken pelikula honetan, kartzela batean gertatzen da istorioa; hain zuzen, nire ama arrazoi politikoengatik preso egon zen kartzelan.

Orduan, zure pelikuletako istorioak fikziozkoak izan arren, Afrikako errealitatearen isla dira beti?

Afrika erakutsi nahi diot munduari, eta garrantzitsua da pelikulek munduan zehar bidaiatzea. Izan ere, Afrika aipatzen denean, ez da bakarrik txabolez hitz egin behar, miseria ere aipatu behar da. Aldi berean, bitxia izan arren, munduko beste edozein lekutan baino jende aberats gehiago ezagutu dut Afrikan. Ez da erraza kontinentearen egoera pantaila handian aurkeztea, askotan oso arrotza baita. Nik argi daukat gure kultura eta errealitate hori ikusarazi nahi dudala nire filmetan, nahiz eta fikziozko istorioak kontatu.

Beraz, errealismo magikoaren estilo artistikoan inspiratzen zara?

Ikus daitekeenaren eta ikusten ez denaren arteko zerbait erakusten dute nire filmek, errealitatea eta fikzioa nahasten dira. Lerro estu ikusezin batek banatzen ditu biak. Beraz, esan dezaket nire filmak errealismo magikoa ere badirela.

Afrikan bizi den errealitatea kontatzeko garrantzitsuak al dira Afrikaldia eta halako jaialdiak?

Bi kontinenteen arteko zubi lana egiten dute Afrikaldia bezalako zinema jaialdiek. Horregatik, zinemaldi hau existituko ez balitz, hemengo jende askok ez luke sekula pelikula afrikarrik ikusiko. La nuit de rois pelikulari eta zinemaldi honi esker, arrazakeria, xenofobia eta gizarteko bestelako gizarte arazoei aurre egiten zaie.

Zergatik egin zinen zinemagile?

Zinema baten ondoan jaio nintzen, eta bizitza osoa eman dut filmak ikusten. Gogoan dut gaztetan Bruce Lee-ren film bat ikusten ari nintzela, eta eszena batean atzetik erasotzen ziotela. Orduan, ikusle batbere aulkitik altxatu zen, eta erasotzailea zegoen pantailaren zatia sastakatu zuen. Orduan jakin nuen nagusia izatean zinemagile egingo nintzela.

Uste duzu Afrikako zinemak artistikoki asko eskain dezakeela?

Ezberdina da, eta esango nuke bere berezitasunak dituela. Uste dut mundu mailako zinema itotzen ari dela, mundua bera itotzen ari den moduan. Argi daukat Afrika izango dela munduaren etorkizuna, nire kontinenteak ekarriko duela zerbait berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.