ATZEKOZ AURRERA. Caitlin Moran. Idazlea

«Zorionez, gazte lodia eta itsusia izan naiz»

Umoreak zeharkatutako feminismoa da Moranena: modu dibertigarri batean dihardu zahartzeaz eta sexuaz, besteak beste, baina zorrotza da, era berean. «Hori da ideiak helarazteko modurik eraginkorrena».

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Umorea tresna politikotzat du Caitlin Moran idazleak (Brighton, Ingalaterra, 1975). Hura baliatzen du feminismoaren mila ertzez hitz egiteko, eta, zehazki, zahartze prozesua izan du jomugan azken liburuan, More than a Woman [Emakumea baino gehiago]. Bilbon egon da berriki, Ja umore jaialdian.

Emakumeek zahartzeko beldur handiagoa dute gizonek baino?

Bai. Hollywoodi erreparatuta, gizonek antzezten jarraitzen dute 70 urterekin, baina emakumeek, 35-40 urtetik aurrera, rol jakin batzuk izateari uzten diote.

Zaintzak beldurra areagotzen du?

Emakumeok egiteko asko ditugu. Gure lana dugu, zeinarekin dirua irabazten dugun; baina, aldi berean, izan behar dugu ama, zaintzaile, feminista, eta, gainera, sexy eta eder, eta umorea izan behar ei dugu etengabe molestatzen ez ibiltzeko.

Hollywood aipatu duzu. Ereduak izatea garrantzitsua da zahartzeko prozesuan?

Orain, Hollywood gizon zuri helduez beteta dago, eta andre gazte lirain eta ilehoriak gustatzen zaizkie. Baina sare sozialen bidez, emakumeek euren istorioak konta ditzakete. Ez dago zertan lan egin egunkari batean edo pelikulak egiten; soilik, munduari hitz egin behar zaio. Eta profil horiek jarraitzaile asko eta asko irabazten dituzte hilero, beste emakume batzuei erakusten baitiete ohiko jendeak baduela gantza, mitxelinak, eta ileak pubisean. Horretan datza feminismoa: emakumeek arazo bat dutenean, konpontzen dute.

Zahartzean, saihetsezina da porrot egin dela sentitzea?

Diskurtsoa da ederragoa zarela 15 urte dituzunean, eta hortik aurrera dena okertuko dela. Baina, zorionez, nerabe lodia eta itsusia izan naiz ni. Beraz, egoerak hobera baino ezin izan du egin. Baina zenbat eta helduagoa izan, orduan eta gutxiago inporta zaizkizu gauzak, adimentsuagoa zara, eta gezurtatu egiten duzu esaten dizutena; horregatik, gizarteak ez ditu nagusiak gustuko. Gazteek energia dute, eta, helduek, amorru hiltzailea; batera egin behar dute lan.

Molestatzeko ahalmena aldarrikatzen duzu. Nagusiago izate hutsagatik jada molestatzen duzu?

Bai, zahartuz zoazen heinean dibertigarriagoa baita dena. Ni pailazo bat izan naiteke, baina liburua bukatzean konturatzen zara esan dudana oso erradikala dela. Jendeak barre egiten du pentsatzen hasi baino lehen. Eta hori da ideiak helarazteko modurik eraginkorrena, jendeak bromak partekatu nahi dituelako, batez ere.

Sexuaz ere hitz egiten duzu. Molestatzeko beste modu bat?

Mundu guztiari gustatzen zaio sexuaz hitz egitea. Eta garrantzitsua da andreek benetan hitz egin ahal izatea sexuaz. Nik beti pentsatzen dut nerabeek nire liburuak irakurriko dituztela. Ez dut nahi sexua ikas dezaten pornografia ikusita; emakume helduagoek sexuaren errealitatea kontatu behar diete gazteagoei, esan iritzia izan dezaketela, dibertigarria izan behar duela, eta orgasmoa inportantea dela.

Liburua era ezkorrean hasi eta baikor bukatzen duzu. Itxaropena ere feminista izatearen parte da?

Izan behar du. Eta, gainera, nostalgikoek ez dute historia ezagutzen. Emakumeen historia da, funtsean, etengabe hobetzen ari den historia bat. Horregatik, hasten naiz azaltzen zein zaila den emakumea izatea, eta, gero, hitz egiten dut gauzak aldatzeko moduez. Nire liburuak erabilgarriak izan daitezen nahi dut. Liburu on batek bizitza alda diezazuke, idazle on batek dakien guztia jartzen baitu han. Eta horrela elikatzen zara.

Hurrengo liburua gizonentzako feminismoaz izango da. Andreek pedagogia egin behar dute?

Bai. Guk asmatu dugu hain zoragarria den feminismoa. Eskuineko jendea aritu izan da erakusten mutilei nola izan gizon: gogorra, boteretsua... Baina beldurrik edo zalantzarik badute, norengana jo dezakete? Gizonek ezin dituzte euren sentimenduak adierazi; uste dut feminismoak hori konpon dezakeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.