ATZEKOZ AURRERA

Gatazkaren zuzeneko kontaketa

Bilboko BAT dorrean League of Legends online bideojokoaren lehiaketa bat antolatu dute. Bataila jokoa da, baina futbol partida bat bezala kontatu dute, eta sarraskiak txalotu dituzte ikusleek.

Jamalus Orion taldeko kideak League of Legends jokoaren norgehiagokan, atzo, Bilboko BAT dorrean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Komentaristek solas patxadatsua eten dute bat-batean, haietako bat gertatzen ari zenaz jabetu eta «erne!» bota duenean. Gudu zelaian dagoen gerlari bat inguratu berri dute bi areriok, hasi zaizkio botatzen suzko bolak, tximista ikusgarriren bat edo beste; aliatu gehiago bildu dira, eta, ezpatakada jarioarekin, berehala xehatu dute aurkaria. Hari laguntzera joandako borrokalaria izan dute jomuga gero, eta ziztuan txikitu dute hori ere, komentaristen iruzkin kartsuek lagunduta. Ikusle batek jauzi egin du sarraskia biribildu dutenean, pozari eutsi ezinda.

Odolik ez dago, ordea. Estrategia bai, nabarmen. Ordenagailuei so daude bi taldeak: bakoitza bost lagunez osatuta dago, eta, atzetik, gidariak argibideak ematen dizkie, plana orrazten —denak dira gizonak—. Bataila betean ari dira, nor gailendu: Jamalus Orion edo Escribas Gaming. Ehun talde baino gehiagori irabazi ondoren, League of Legends online bideojoko arrakastatsuaren Ekaitz Zirkuituko Bilboko geldialdiko finalera heldu dira. Hiribilduko BAT dorrean jokatzen ari dira norgehiagoka, Gamegunek eta Euskaltelek antolatuta, eta, publikoaren erreakzioak gorabehera, ezein jokalarik ez du soa desbideratu pantailatik. Aretoan kokatutako pantaila handi batean ikus daiteke gatazkaren garapena, eta, beste ertzean, etengabeko berriketan ari dira Javier Cepero eta Gorka Rodriguez komentaristak. Gerra birtual bat da, futbol partida bat balitz bezala kontatua.

Aletzen ari dira erabakiak, azaltzen aukeratutako pertsonaien indargune eta ahulguneak. Bidea irekiko duen norbait hautatu ei dute bi taldeek. Maskara metalikodun Viktor doa Jamalus Orionekoekin, esaterako, etsai txikien oldarraldiak erraz garbitzen dituena, Ceperoren hitzetan, eta, hari entzunda, aukeraketa saihetsezina dirudi; ile granate bizi eta aurpegiera jostaridun Vi da Escribas Gamingekoen apustua, eta Heimerdinger panpina herratsua ere gehitu dute ekipora, besteak beste.

Gerlari mardulak, laguntzaile nanoagoak, defentsa dorre erraldoiak. Horiek denak batu diramapa sinple batean: zelaia zirkularra da, hiru bide ditu —goikoa, erdikoa eta behekoa—, baditu kanpamentuak, badaude deigarriago dekoratutako atalak ere, baina mapan belar iluna gailentzen da zoruan. Pare bat ordu eman dituzte han gerlariek; hiru saiotan ebatzi da partida, Jamalus Orion taldearen alde.

Zaleentzako elkargunea

Txaloak eta imintzioak aditzen dira ekitaldian, baina erantzun dakioke gatazkari, baita diskretuki ere. Lagun taldearekin batera etorri dira Ivan eta Irene bizkaitarrak, eta isilik ikusten ari dira dema, tarteka iruzkin laburrak eginez, kasik ahapeka. League of Legendsen jokatzen dute, eta zaletasunak akuilatuta bertaratu dira BAT dorrera. «Adiskideak batzen garenean, mota horretako ekitaldietara joatea gustatzen zaigu. Lagunekin egoteagatik egiten dut, funtsean», esan du Ivanek.

Antzeko interesak dituztenak ezagutzeko ere baliagarria da, Ireneren arabera. «Dibertigarria da, hemen ez baitira egiten halako gauzak. Jokoa gustatzen zaion bertoko jendea ezagutzen dugu, eta, horrela, ez dugu zertan Madrilera joan haiek bisitatzera». Lasai dago Irene norgehiagoka horretan, baina aitortu du asaldatuago ibiltzen dela bere taldeak jokatzen duenean, Bisonsek alegia. «Biziagoa izaten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.