ATZEKOZ AURRERA. Miren Asiain. Ilustratzailea

«Ilustratzea ez da zerbait apaintzea»

Kolore apalek, paisaia zabalek eta fantasiazko eguneroko elementuek osatzen dituzte Asiainen lanak. Askeago sentitzen da irudiekin hitzekin baino. Badu zer kontatu. Nola? Bide horren bila ari da.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herritik at, Txinan, Argentinan, Mexikon, Espainian eta Italian izan dira. Orain, Iruñeko Laba aretoan dira Miren Asiainen (Iruñea, 1988) lanak, hilabete osoan. Sari anitz bilduak ditu ilustratzaileak: Iberoamerica Ilustra eta Euskadi literatura saria, tartean. Herrialde askotatik jasotzen ditu enkarguak. Haren irudien gerizpean izan da solasaldia, haren irudiei buruz.

Ilustrazioari gehiago erreparatzen zaio orain? Hala dela uste duzu?

Baietz uste dut; argitaletxeak ohartu dira: liburuak saltzeko azalak behar dituzte, baina oraindik ez gaituzte benetan behar bezala tratatzen.

Zergatik gertatu da hori?

Gaur egun dena da oso berehalakoa, eta dena da irudia. Ilustrazioa azkar sartzen da begietatik.

Zuen lana ez da behar bezala aitortzen? Adibiderik jar dezakezu?

Album liburuak egiten ditut, irudiz sortutako liburuak. Oraindik ere, idazlearen izena jartzen dute, baina liburu horiek batera egiten ditugu ilustratzaileok eta idazleek. Gainera, irudiek dute pisurik handiena. Oraindik ez zaio baliorik aitortzen; arte txikitzat hartzen da.

Zure irudietan, esku bihurtzen diren ibaiak ikus daitezke, balea bihurtzen diren hodeiak... Errealitatetik fantasiara jotzea maite duzu?

Horrela suertatzen da. Irudiarekin oso aske sentitzen naiz; hitzekin, aldiz, asko kostatzen zait adieraztea: beti nabil hitzik egokiena bilatzen. Izan ere, irudiak sortzean, burua ez ezik gorputza ere erabiltzen dugu.Irudietan naturatik edo egunerokotik hartzen ditut elementuak, baina badaude subkontzientearekin nahasten diren gauzak, eta, marrazten ari zaren bitartean, horrelako gauzak suertatzen dira.

Beraz, hobe litzateke elkarrizketa hau irudien bidez erantzutea?

Bai. Irudiekin lortzen dut mundua nola ikusten dudan adieraztea.

Kolore apalak dira nagusi zure irudietan. Zergatik? Ikuspegiagatik?

Proiektu bakoitzean, paleta ezberdina erabiltzen dut. Adibidez, ilustratu ditudan azken liburuetako bat oso koloretsua da, eta kolore indartsuak ditu. Baina azkenean ahuntza haitzera doa. Nork bere gustua du.

Atzerrian erakutsi dituzu lanak. Zure irudiak unibertsalak dira?

Irudiak unibertsalak direla uste dut. Askotan esan didate ekialdeko kutsua dutela nire irudiek. Uste dut espazioaren trataeragatik dela: espazioari pertsonaiei baino garrantzia handiagoa ematen diedalako.

Zergatik da hain garrantzitsua espazioa zuretzat?

Nik beti sentitu dut ikusle naizela bizitzan, kanpotik begiratzen diodala. Txikitan, erretratuak egiten nituen, baina, orain, ez. Kontatu nahi dudana ez dago aurpegi batean. Zabaltasuna behar dut: hor dago kontatu nahi dudana.

Ilustrazioa une bat da, baina istorio oso bat kontatzen du?

Bai. Iradokitzeko beharra dut: gustatzen zait irudietan norberak nahi duena pentsatzea, eta nik sortutako pertsonaiei jartzen dizkiedan konnotazioak besteek nahi bezala irakurtzea.

Zer kontatu nahi duzu?

Beti ari naiz zerbaiten bila, baina ez dakit zeren bila nabilen. Proiektu bat bukatzean erdizka gelditzen naizenez, sortzen jarraitzen dut.

Nola izaten da lan prozesu hori?

Orain arte, enkarguak jaso ditut, normalean editorialenak eta idazleenak. Testua irakurtzen dut, hausnartu, erreferentziak bilatu, ideiak batu... Musika talde bat bada, entzun, entzun eta entzun, eta ea zer iradokitzen didan, eta horrekin jolastu. Jolastea asko gustatzen zait, keinu bat egitea zerbaitekin...

Eta hor utzi besteek aurkitzeko?

Bai. Ilustrazioa ez da zerbait apaintzea: zerbait kontatzen dugu, eta arte bat da bere hartan. Testua aitzakia da. Hortik hegan egiten dut, nire eremura eramaten dut, eta beste zerbait sortzen dut. Poema bilduma batean, esaterako, errepikatzen den pertsonaia bat sar dezaket, eta horrelakoak. Gero erne ibili behar da gauza horiek aurkitzeko.

Zure proiektuekin ari zarenean, nola egiten duzu?

Argitaratu nuen lehenengo liburua nirea izan zen. Orain, nirea egiten ari naiz berriz, baina bilaketa prozesuan nago. Ez dakit ondo nola kontatu nahi dudan. Irudiekin badakit nondik jo, baina ez dakit forma nola eman. Prozesu luzea izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.