ATZEKOZ AURRERA

Beste bizialdi bat altzari 'itsusiei'

Gaur izango du azken eguna Lufe enpresaren altzari itsusien dendak, Donostiako Bretxan. Itsusiak edo desberdinak direlakoan itzultzen dituzten altzariak daude erakusgai.

Lufek jarritako dendara begira geratzen zen jendea atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Donostiako Bulebarreko kaleak banaketako kamioiz beteta daude. Ilaran aparkatuta daude, eta nork bere helmugara eramaten ditu kaxak, barazkiz edo edariz betetako orgak, edo pakete txikiak. Banatzaileen anabasaren artean dabil jendea, eguneko lehen erosketak egiten. Bretxako karparen azpian dauden barazki eta fruta postuetara doaz erosleak, baina, aurretik, geldialdi bat egiten dute ia denek. Merkatuaren eraikinaren albo batean, kubo itxurako egurrezko eraikuntza bat dago, eta, kristal garden bati esker, barruan zer dagoen ikus daiteke. Etxe bat dirudi: ohe bat, sofa bat, egongelako mahai handi bat, aulkiak eta apalategiak eta guzti ditu. Bi emakumezko daude barruan, eta kanpoan begira gelditzen direnak «sartu lasai!» esanez gonbidatzen dituzte kuboan sartzera.

Lufe altzari enpresak jarri duen altzari itsusien denda da egurrezko kuboa. Asteazkenean ireki zuten gunea, eta gaur arte egongo da zabalik. Jendeak, itsusiak edo desberdinak direlakoan, erositako altzari batzuk itzuli egiten dizkio enpresari, eta altzari horiek dira, hain zuzen, dendan ikus daitezkeenak. Erakusgai dauden altzariak zozkatu egiten dira dendara joaten direnen artean, eta, altzari horietako bat egokituz gero, euro bat ordainduz lortuko du irabazleak. Egurrezko altzarien kontsumo arduratsua bultzatu nahi dute horrela.

«Konturatu ginen jendeak ez diola balioa ematen egurraren naturaltasunari», azaldu du Ines Arrillagak, enpresako administrariak. Lufek Euskal Herriko pinuak erabiltzen ditu bere produktuak egiteko; Azpeitikoak (Gipuzkoa), hain zuzen. Enborren atal guztiak erabiltzen dituztela azaldu du Arrillagak, eta horregatik sortzen direla uniformeak ez diren edo kolore berdina ez duten altzariak.

Jendeak «askotan» itzultzen omen ditu altzariak, Lufeko administrariaren hitzetan, ez direlako webgunean ageri direnak bezalakoak. «Bulegoan, langileen artean, oso preziatuak dira pieza hauek, eta pena handia ematen digu jendeak itzultzeak», aipatu du.

Sareetako ahoz ahokoa

Nahiz eta oraindik ez den eguerdia, jende ugari dabil kalean, eta geroz eta gehiago dira dendara gerturatzen direnak. Batzuk, lotsati, kanpoan geratzen dira; beste batzuk, zuzenean sartzen dira, galdezka: «Egia da altzari hauek euro bat balio dutela?».

Horietako bat da Mari Cruz Rodriguez, eta, merkatuko erosketak egin ondoren, denda ikustera joatea bururatu zaio. «Hemengo altzarietako bat lortzen badut, alabari emango diot, asko gustatzen baitzaizkio horrelako altzariak», kontatu du.

Sare sozialek euren lana egin dute, eta Whatsapp bidez izan dute askok Luferen egitasmoaren berri. «Niri lagun batek bidali zidan, atzo, eta, gaur, lanetik irten naiz tartetxo bat hau ikustera etortzeko», aipatu du Maite Crespok. Crespok ezaguna du Lufe, eta aukera bikaina iruditu zaio zozketarena. Ea altzariak itsusiak iruditzen ote zaizkion galdetzean, erantzuna argi du: «Ez. Zura zer den dakienak badaki horrelako gauzak dituela, hau da, ez dela perfektua».

Izugarrizko arrakasta izan du Luferen egitasmoak. Zozketarekin hasi eta egun bat pasatxora, 170.000 lagunek izena emana zutela kontatu du Arrillagak, eta kopuruak gora egingo duela. «Azkenean, naturaren zati bat dira gure produktuak», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.