ATZEKOZ AURRERA. Emilie Hallard. Argazkilaria

«Desiragarria nor den eta nor ez ezartzen duen hierarkia bat dago»

Pertsona ez-normatiboei egindako erretratuak bildu ditu Hallardek 'Les Corps Incorruptibles' argazki erakusketan. Biluzik daude, baina ez sexualizatuak, dioenez. Bilboko Bizkaia aretoan ikus daitezke.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Biluzik ageri dira biluzik ageri ohi ez diren horiek: lodiak, elbarriak, beltzak, zaharrak... Eta osorik erakutsi ditu Emilie Hallard argazkilariak (Orleans, Frantzia, 1979): hanka, soin, enbor eta buru. «Gorputz atal jakin batzuk soilik ateratzeak gorputza zatikatzen du, eta biolentzia eragin dezake». Bestelakoa da Les Corps Incorruptibles (Gorputz galbideratu ezinak) erakusketaren helburua: gorputz ez-normatiboak desiradun eta desiragarritzat aldarrikatu ditu Hallardek. EHUren Bizkaia aretoko Axular aretoan bisitatu ahalko dira erretratuok, Bilbon, martxoaren 10era arte.

Nola hondatzen da gorputza?

Gorputzean esku hartzen duzunean, fantasia handi batek hauspotuta. Hau da, pentsatuta sekulako gorputz bat izanda, arauarekin bat egiten duen gorputz bat izanda topatuko duzula bikotekidea, zure familiak eta inguruak onartuko zaituela, lan hobea aurkituko duzula... Denok esku hartzen dugu gure gorputzetan: kirola egiten dugu, ilea moztu, tatuaje bat egin... Baina zer dago horren atzean? Zoriontasun promes bat? Horrela hondatzen da gorputza.

Fantasiok, eta horiek akuilatzen dituzten mezuek, gehiago eragiten diete subjektu jakin batzuei?

Bai. Lehenik eta behin, emakumeoi. Baina gizonak ere ez daude salbu: lehen, presioek asko eragiten zieten gay direnei, baina kapitalismoak lortu du heterosexualek ere gaizki pasatu dezaten, konplexuak eduki ditzaten. Beste talde batzuk ere badaude, baina ikusezinagoak dira: pertsona arrazializatuak, dibertsitate funtzionala dutenak... Baita LGTBI kolektiboko kideak ere, ez dutenean heteroarauarekin bat egiten, esaterako. Egia esan, pertsona gehienek zapalkuntza sufritzen dute haien itxuragatik.

Gorputza kapital mota bat bihurtu da?

Bai, zoriontasunerako pasaporte bat baita. Eta zer gertatzen da gorputz horrekin gorputza iraungitzen denean, jada ez denean hain ederra, ugaltzeari utzi dionean? Gorputza politikoa da oraindik, 2023an.

Gorputz ez-normatibo bat, eta gainera biluzik ageri dena, nola sartzen da dinamika horretan?

Alde batetik, askotariko gorputzak erakusteko behar handi bat dago; baina, beste alde batetik, biluztasunak zaurgarritasuna eragin dezake. Mota askotako esperientziak bizi izan ditut argazki saioetan: gizonek ez dute emakumeen begiradapean egoteko ohiturarik, eta emakumeok gogaituta gaude gizonak begira edukitzeaz. Gizonek begiratuak izan nahi dute, baina emakumeek eta transek konplexu asko dituzte: une oro posturaz aldatu behar ditut ez dezaten denborarik izan pentsatzeko nola dauden, eta ez daitezen hasi bularra ateratzen, edo sabela ezkutatzen ahalegintzen...

Esan duzunez, gorputz ez-normatibo batzuk ez dira desiratzailetzat jotzen, ezta desiragarritzat ere.

Dibertsitate funtzionala dutenek etengabe aldarrikatzen dute bizitza sexuala izateko eskubidea. Baina, bestalde, kolektibo batzuk oso fetitxizatuak daude: esaterako, andre beltz eta asiarrak izaten dira hipersexualizatuenak. Desiragarria nor den eta nor ez ezartzen duen hierarkia bat dago.

Zure lanean hipersexualizaziorako arriskua igarri duzu inoiz?

Bai, eta argazki batzuk kendu egin ditut. Kontzientzia hartze batzuetarako denbora behar izan dut. Baina argazkietan ageri direnek ez dute gorputz lengoaia sexual bat, ez dute irribarre egiten, argazkilariari begira daude, eta, beraz, ikusleari... Garrantzitsua da modeloak objektiboari begiratzea, subjektu izateko eta ez objektu.

Zure begirada ere aldatu da?

Bai, eta kontu handiz ibiltzen naiz kolektibo jakin batzuekin. Erretratuan gehiago sakontzen ahalegintzen naiz, zerbait psikologikoagoa, konplexuagoa, sotilagoa bilatzen, pertsonaren agentzia sentitu dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.