ATZEKOZ AURRERA

Grabitaterik gabeko lur hartzea

Bilboko Arte Ederren Museoaren kanpoaldeko Txillidaren eskultura Hernaniko Txillida Lekura lekualdatu dute, obrak bukatu arte. Haren pisuak eta formak prestaketa lanak korapilatu dituzte.

Hainbat behargin Txillidaren pieza prestatzen, kamioira lekualdatzeko, atzo, Bilboko Arte Ederren Museoaren kanpoaldean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Hogei urte baino gehiago zeramatzan zintzilik, 2000tik, Bilboko Arte Ederren Museoko atariaren aurreko lursailean. Handitze obrak abiatu zituztenean ere, eta ingurua hesitu, aldamioak jarri, pasabideko baldosak kendu eta ibilgailuak han-hemenka aparkatu zituztenean ere, horiei denei konpainia egiten zirauen Eduardo Txillidaren Lugar de encuentros IV (Topalekuak IV) eskulturak. Flotatzen. Eta ohiko lekutik mugitu zutenean ere, flotatzen jarraitu behar zuela zirudien, garabi handi baten besotik dingilizka. Publikoarentzat ostera ikusgai egon dadin, Txillida Lekura (Hernani, Gipuzkoa) lekualdatu zuten eskultura atzo, eta han egongo da, basoan, Bilboko museoko obrak bukatu arte.

«Grabitatearen aurkako borrokaz mintzo da eskultura. Eta, mugitu dutenean, kasik luma bat dirudi», adierazi zuen Miguel Zugaza Arte Ederretako zuzendariak, Txillidaren hausnarketak gogora ekarriz. Baina piezak 13,5 tona ditu; hala, lasaiak eta kontrolatuak izan ziren mugimenduak; errepikakorrak, halabeharrez. Hogei behargin ingururen laguntzarekin, bi ordu baino gehiago behar izan zituzten pieza bere tokitik hamar metrora ipinitako kamioira eramateko.

Teknikoki konplikatua

Garabiari helduta, altzairuzko egiturara lotzen zuten hari apurrak ebaki zituzten. Zintzilik jarraitzen zuen piezak, eta orobat zintzilik egin zuen bidearen lehenengo zatia. Baina egonkortu beharra izan zuten. Hori izan zen, hain justu, prozesuaren buruhausteetako bat. «Txillidak alde artistikoa eta teknologikoa uztartu zituen, baina eskultura hori ikuspuntu artistiko hutsetik eginda dago», Mireia Massague Txillida Lekuko zuzendariaren hitzetan. «Zintzilik egoteko dago pentsatuta, ez lekualdatzeko».

Hau da, ez zen sortua izan azalera batean bermatuta egon ahal izateko. Forma abstraktuez eta hutsuneez osatutako pieza bat da, eta ez du oinarririk; hortaz, oinarria sortu behar izan zioten garraiorako. Altuera ezberdinetako hiruzpalau egurrezko asto kokatu zituzten artean flotean zegoen piezaren aldamenean, eta garabiak egitura horretan pausatu zuen eskultura. Lur hartuta, teknikarietako batek garabitik askatu zuen.

Hainbatetan egin zuten maniobra hori obra kamioira igo baino lehen, aldi bakoitzean hiruzpalau metro baino ez baitzituen aurreratzen. Patxadatsua izan zen prozesu osoa. Eta hausnartua. Gabonen aurretik ari baitziren lekualdaketa antolatzen, Maria Jose Ruiz Ozaita Arte Ederretako Kontserbazio eta Zaharberritze Saileko buruaren arabera. Lehen aldia da hain lan pisutsua maileguan uzten dutela. «Ainguraketa osoa askatu behar da: pentsatu behar da nola bermatuko den pieza garraiatzen den bitartean, hiru arbola daude maniobra zailtzen dutenak...».

Kamioian kokatu, egonkortu eta estali ondoren ere, prozesuak ez zuen abiada handirik hartu. Pisu handietarako egokitutako kamioi batean garraiatu zuten eskultura, 12 metro luze eta ia 3 zabal zen ibilgailu batean. Mutur bakoitzean auto bat joan zen, bidaia kontrolatzeko, eta segizioak hiru ordu inguru behar izan zituen Hernanira heltzeko. Hilabete batzuen ondoren, kontrako bidea egingo du lanak: Arte Ederretako obrak burutzean, Bilbora itzuliko da, baina ez lehengo tokira; museo berriko atarian egongo da ordutik aurrera, barruan zintzilik, hobeto kontserbatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.