ATZEKOZ AURRERA. Facu Diaz. Umorista

«Zuen serio ospe hori ez duzue merezi»

Hiru urte daramatza Diazek Twitchen zuzenekoak egiten. Astelehenetik ostegunera, goizean. Asteburuetan, antzokiak betetzen ditu Se pudrió todo bakarrizketarekin. Larunbatean izan zen Bilbon.

ALIZIA LOPEZ.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Herrira datorren bakoitzeansarrera guztiak saltzen ditu Facu Diaz umoristak (Montevideo, 1993). Se pudrió todo bakarrizketarekin bira egiten ari da, eta Bilbon izan zen aurreko larunbatean. Iazko azaroan ere egon zen, baina azken hau berezia izan da, grabatu egin baitu.

Zergatik erabaki duzu showa Bilbon grabatzea?

Funtsean, Campos Eliseos antzokia nik ezagutzen dudan politenetako bat delako, eta iruditzen zaidalako estetikoki luxua dela grabazio baterako. Gainera, oso ondo ateratzen zait emankizuna Bilbon. Oso kementsuak dira showak bertan. Esan dezagun baldintza perfektuak daudela.

Zer dauka berezia Euskal Herriak hain harrera beroa egiteko beti?

Nik uste estereotipoen kontua dela. Batzuk hain urruti iristen dira, kaltetuek eurek sinisten dituzte. Oso jende serioaren ospe hori baduzue, baina nik ez dut pertzepzio hori, ez da egia. Niretzat, birako show onenetarikoa da. Eta hori aitortzeko modu bat ere bada.

Twitch-eko kanalean goizero aritzen zara, eta asteburuetan, berriz, biran.Zer moduzkoa da nagusirik ez izatea?

Askatasun sentsazioa da aurkitzen ari naizen gauzetako bat. Izugarria da, egia da. Nik irudikatu ahal izatea nire ibilbidea eta nire karrera. Ezingo nuke egin publikoa lagun izango ez banu; haiek ordaintzen dituzte sarrerak eta harpidetzak. B aldea badauka, gutxien azalarazten dena sarri: finantzak. Dena doa gehiago egunean-egunean, eta asko berrinbertitu behar dira irabaziak.

Ignatius Farray umoristak sarri aipatzen du ezkerrari punk apur bat falta zaiola. Ados zaude?

Nacho eta biok lagun handiak gara, eta iritzi askotan bat gatoz; baina ez guztietan. Hori da bat. Nik uste dut irudikeria hutsa dela hori. Eskuinaren garaipen diskurtsiboa da-eta orain haiek matxinada direla pentsatzea. Beste bat da sinetsarazi digutela puritanismoa eta zuzentasun politikoa orain ezkerraren kontuak direla. Uste dut nahasteko modu bat dela hori.

Zer nahastu?

Bidezko protesta eta erantzuteko eskubidea nahasten dituzte, jendeak gustuko ez duenari erantzutea zentsurarekin nahasita. Nik uste dut komikoei norbaitek erantzuten dienean, eta esaten digunean ez dugula ondo egin edo errespetua falta egin dugula, ez zait zentsura saiakera iruditzen hori. Erantzun besterik ez digute egiten. Orain, auzitara eraman eta horren bidez beldurtzen saiatzea, hori zentsura da. Eta zentsura beti etorri da leku beretik.

Bakarrizketaren zati batean, euskal gatazka sartu duzu umorea egiteko, eta oso ondo hartzen du jendeak. Zure ustez, zergatik?

Beti nabarmendu izan dut gidoia bera izan ohi dela estatu osoan, bai nire ikuskizunetan, bai Miguelekin [Maldonado] egiten nituenetan. Eta harrigarria da material berak berdin funtzionatzea estatu osoan. Agertokian sortzen duzun klimaren araberakoa da-eta dena. Guk, gainera, abantaila handi bat dugu: publiko oso fidela eta emankorra dugu, ondo ezagutzen gaituena. Jendeak badaki nor garen, eta gaiak beste era batetik jotzeko aukera ematen digu; konfiantza giro horrekin zerikusia du. Soka askatzen saiatzen garen txakurrak gara.

Baloratzen da ogibidea, ala batzuentzat txiste egileak besterik ez zarete?

Oso berandu aritzen gara. Berandu diren orduetan programatzen gaituzte, eta teknologikoki ez da kontuan hartzen stand-up show batek zenbait baldintza dituela; batzuetan, mikrofono batekin nahikoa duen mutil bat naizela uste dute.

Ez da zailagoa oholtzara heltzea, bertan irautea baino?

Tabernetan aukera handia dago. Hor atera dezakezu burua apur bat, eta jendaurrean aritu: ez soilik familiaren eta lagunen aurrean. Egia da zaila dela, mikro ireki batean ondo moldatzeak ez baitu ezer esan nahi; baina ate garrantzitsua da, eta jendeak aprobetxatu egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.