ATZEKOZ AURRERA. Xabier Lezama. Artista

«Ikurrak funtsezkoak dira oraindik ere»

Distopia irudikatu du Xabier Lezamak, adimen artifizialarekin sortu dituen irudien bitartez. Euskal mitologiako izakiak etorkizunean jarri ditu, iruditeria berriztuta, transmisioa egiteko.

BERRIA.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Xabier Lezama eskultoreak (Zalla, 1967) adimen artifiziala erabili du etorkizuneko euskal mitologia irudikatzeko. Midjourney erabilita egin dituen irudiak liburu batean bildu ditu, et bilduma horrekin erakusketak egitea da haren asmoa. «Berebizikoa» iruditzen baitzaio mitologia transmititzea.

Zergatik duzu hain gogoko mitologia?

Agian Enkarterriko herri txiki batean jaio nintzelako, Zallan. Herria mitologiagatik da ezaguna batez ere, eta han oso zabalduta egon ziren naturaz gaindiko izaki gaiztoak, aztikeriak eta sorginkeriak; zallarroi azti eta sorgin deitzeko usadioa dago, eta San Pedro baseliza begiko gaizkiaren kontrako erromesaldien gunea izan zen urte luzez.

Zerk eraman zintuen liburua egitera?

Ikuspegi orokorra emateko eta euskal mitologia ezagutarazteko asmoak. Iraganeko mitologia oso zaharkituta dago ikuspegi historiko eta kulturaletik, eta ikusmenetik harago doazen balio sistemak bereganatzeko irudimenezko iraultza horren katebegia da liburua, etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko.

Askotan zaila da euskal mitologia transmititzea eta artea eta halako kontzeptuak azaltzea, are gehiago benetan ulertzen ez dugunean; hala ere, irakurketaren bidez, magikoki sartzen gara eskulturaren munduan, eta behatzeko gaitasuna garatzen dugu; horrek, zalantzarik gabe, arte sentsibilitatea pizten du gerora.

Zer galdera egin zenion adimen artifizialari?

Artearen hasiera Goi Paleolitoan dago, Homo sapiens-en garaian; adierazpen horien aitzindari izan zen, adimenagatik, eta, 40.000 urte geroago, adimen artifiziala sortu da. Hauxe galdetu nion: «Nolakoa izango da euskal mitologia 3. milurtekoan, hurrengo urteetan, hurrengo hamarkadetan eta gainerako mendeetan?».

Adimen artifizialak ba al du mugarik?

Pedro Domingos konputazioko zientzialariak The Master Algorithm [Algoritmo nagusia] liburua idatzi zuen, eta hark esana da adimen artifizialerako muga erreal bakarra giza etika dela. Nabarmendu izan du garrantzitsua dela etika adimen artifizialean funtsezko faktoretzat hartzea, hura modu arduratsuan garatu eta aplikatzeko.

Egiletza kontuengatik, arriskutsua da irudiak horrela sortzea?

Testuaren bidez, zer nahi duzun zehazki definituta, adimenak irudi bakar bat sortzen du, existitzen ez dena eta errepikatuko ez dena. Logikoki, huts ugari egiten ditu, eta beti behar izaten da gizakiaren esku hartzea.

Ulertzen dut sistemak elikatu dituztenek royaltyak edo ordaina jasotzea. Baina, gero sorkuntzak benetakoak badira, ez dut inolako eragozpenik ikusten irudi horien eskubideei dagokienez.

Liburua osatu ondoren, erakusketa bat prestatzen hasia zara, ezta?

Agora Galleryrekin hitz egiten ari naiz, New Yorkeko galerietan erakusketa bat egiteko. Gustatuko litzaidake lana Rekalde aretoan ere erakustea. Dena den, ekainaren 30era arte, Mexikoko Yilaob kultur zentro digitalean egongo naiz.

Zer sinbolo falta da euskal kulturan?

Sinbologiak gizarte guztietan du garrantzia. Pentsa liteke gizarte modernoak arrazionalagoak garela, zeinuen eta emozioen gaia ez dela hain garrantzitsua, baina, egiatan, ikurrak funtsezkoak dira oraindik ere. Sinbolo erlijioso, kultural, tribal eta identitarioak behar ditugu, baina arriskua ere badaukate, sinboloak bokazio murriztailea baitu funtsean.

Nola lotu zinen eskulturarekin?

10 urte baino ez nituela, buztinezko buruak, oinak eta eskuak egiten aritzen nintzen. Horiek moldatu, eta etxean genuen egur xaflaren labean egosten nituen; horren ondoren, kolorea ematen nien, eta arropak jantzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.