ATZEKOZ AURRERA. Maria Pilar Zuriarrain. Txistularia

«Zorionez, emakumeak indar handia hartzen ari gara txistuan»

Txistua izugarri maite du Maria Pilar Zuriarrainek, txikitatik. Euskal Herriko Txistulari Elkartearen zilarrezko domina jaso duen lehen emakumea da. Txistularien Facebookeko talde bat kudeatzen du.

GORKA RUBIO / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko urriaren 17a
00:00
Entzun
«Kalez kale ibiltzen den txistularia naiz ni», Maria Pilar Zuriarrainek (Zizurkil, Gipuzkoa, 1953) argi du zer gustatzen zaion. Euskal Herriko hainbat txokotan izaten da txistua jotzen hainbat talderekin, eta ez da nekatzen diren horietakoa. Duela hamar bat urte, Munduko Txistulariak Facebookeko taldearen ardura hartu zuen, eta gaur egun 800 jarraitzaile inguru ditu. Talde horrekin egindako lanarengatik, Euskal Herriko Txistulari Elkarteak zilarrezko domina eman zion larunbatean. Sari hori jaso duen lehen emakumea izan da Zuriarrain.

Nolatan hasi zinen txistua jotzen?

Txikia nintzela, herrira oso apaiz berezia etorri zen, eta gauza berri asko hasi zen egiten. Zinema moduko bat martxan jarri zuen guk filmak ikusteko, dantza eskolak antolatu zituen... eta, besteak beste, txistu eskolak ere jarri zituen martxan. Ni ahizparekin hasi nintzen. Gerora, nire ahizpak utzi egin zuen, eta handik urte batzuetara, nik ere bai. Baina, 50 urte bete nituenean, berriro hasi nintzen txistua jotzen.

Zergatik hartu zenuen erabaki hori?

Niri beti gustatu izan zait txistua. Tuteran [Nafarroa] bizi izan nintzen urte batzuetan, eta han animatu nintzen berriro txistua jotzera. Hasiera ez zen erraza izan. Handik urte batzuetara, Tafallara [Nafarroa] joan nintzen. Han, beste herri batzuetako txistulari taldeekin ibili nintzen.

Leku askotan ibilitakoa zara, beraz.

Asko mugitu naiz, eta leku askotan bizi izan naiz. Joan naizen leku bakoitzean saiatu naiz talde bat topatzen.

Larunbatean, hainbeste urtez txistu munduan ibili ostean, omenaldia egin zizuten. Espero al zenuen?

Arraroa egin zitzaidan hasieran, domina niri eman behar zidatela esan zidatenean. Nik uste nuen soilik txistulariei ematen zietela sari hori, eta Munduko Txistulariak Facebookeko taldea kudeatzegatik saritu naute ni. Eurek esan zidatenez, txistua munduan zabaltzeagatik eman didate.

Zuk sortu al zenuen talde hori?

Ez, nik ez nuen sortu. Angel Espinosak sortu zuen; Txilekoa da bera. Nik argazkiak-eta jartzen nituen nire Facebookeko horman, txistuarekin lotutako ekitaldiren batera joaten nintzenean. Espinosa nirekin harremanetan jarri zen, talde hori eramateko, eta, geroztik, nik eramaten dut. Hamar bat urte daramatzat horretan.

Zer egiten duzu talde horretan?

Lehiaketak, argazkiak, albisteak argitaratzen ditut. Taldean dagoen jendeak bidalitakoak izaten dira; haien bideoak eta argazkiak argitaratzen ditut. Lan handia da. Komunitate handi bat gara: 800 pertsonatik gora.

Zilarrezko domina hori jaso duen lehen emakumea izan zara.

Poza eman zidan hori esan zidatenean. Emakume oso onak daude txistu munduan. Bilbon badago 15 urteko neska bat oso ona dena; Hernaniko txapelketa irabazi zuen. Zorionez, emakumeak indar handia hartzen ari gara txistuan.

Bilakaera bat egon dela ikusi duzu, zu hasi zinenetik?

Bai, zalantzarik gabe. Ni joaten naizen txistulari taldeetako batean, emakumeak gehiago dira gizonak baino, pentsa. Gauzak aldatu dira behintzat.

Dirudienez, txistua musika instrumentu bat baino gehiago da zuretzat.

Hala da, zalantzarik gabe. Nik maite dut txistua; bestela ez nintzateke hainbeste mugituko. 70 urte ditut, eta oraindik alde batetik bestera, herriz herri ibiltzen naiz txistu kontuekin. Azken finean, euskal giroa gustatzen zaidalako egiten dut hori. Nire garaian, dena debekuak ziren, eta euskal giroa eta jaia dagoen lekuetan egotean asko gozatzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.