TXAPELA BURUAN. Laura Lopez. Coolangattan bizi den ortuellarra

«Australian oso jende gutxik erretzen du»

Itsasoari jarraika, bikotekidearekin joan zen Lopez Australiara. Aldizkako bisak berritzeari esker, bost urte daramatzate han. Errutina berri eta guztiz desberdinetara ohitzea erraza egin zaiola dio.

BERRIA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Sorterritik kanpo esperientzia berri bat bizitzeko asmoarekin joan zen Laura Lopez (Ortuella, Bizkaia, 1986) Australiara, bikotekidearekin, duela ia bost urte. Aurrezten hasi eta hegaldirako dirua lortu zutenean, bi aldiz pentsatu gabe abiatu zuten bidaia. Olatu eta hondartza zaleak dira, eta surflarien paradisua den Coolangatta herrian bizi dira egun, Australiako ekialdean. Hango bizimoduarekin, kaleko giroarekin eta klimarekin «txundituta» daude. Ikasketak eta lana uztartu dituzte legearen barruan bizi ahal izateko. Hainbat bisa berritu behar izan ondoren, pasaportea lortzeko daude.

Ze ordutan esnatzen zara?

05:15ean daukat alarma jarrita egunero, eta askotan ez dut behar izaten. Ikaragarria da eguzkiaren argiaren arabera bizitzea.

Zer egiten duzu egunerokoan?

Astean hiru egunetan egiten dut lan. Baina lanera joan aurretik, 06:00etan, gimnasiora joaten naiz; gero, etxean gosaldu, eta gutxi gorabehera 08:30etik 13:30era egiten dut lan. Arratsaldeetan, hondartzara, paseo bat ematera edo bizikletan ibiltzera joaten gara. Eta sarritan ilunabarra ikustera joatea gustatzen zaigu, lagunekin eta garagardo batzuekin. Hala ere, normalean 20:00etarako ohean egoten gara.

Bizitza soziala asko aldatu zaizue?

Ez dakit okerrera egin duen, baina iruditzen zait etxean gehiago gozatzen nuela. Ezin da alderatu. Batzuetan aspertu egiten naiz; planak falta ditut.

Bizimodua garestia da?

Bizioak dira garestiak, hau da, edatea, erretzea eta drogatzea oso garestiak dira. Gainerako guztia ez hainbeste, hots, irabazten dugunarekin proportzionala dela esango nuke. Tabako pakete batek, baina, 30 dolar balio du [18,3 euro], eta garagardo batek, hamar [sei euro].

Zerk eman zizun atentzioa gehien?

Norbait kalean erretzen ikustea oso arraroa da. Australian oso jende gutxik erretzen du. Bestalde, goizetan kalean dagoen bizitzak ere asko harritu ninduen. Hemengo 07:00akBilboko Kale Nagusiko 12:00ak dira.

Nolakoak dira australiarrak?

Kalean mundu guztiak agurtzen du. Oso zibikoak dira. Inork ez bezala zaintzen dituzte gauzak, baina egia da zerga handiak dituztela.

Zer moduz moldatu zara hizkuntzarekin?

Iristean, ingelesa ikasi behar izan genuen, oinarrizko maila genuelako. Nire hemengo lagun gehienak Hego Amerikakoak dira, eta gutaz barre egiten dute. Hasieran, egunerokoan, asko kosta zitzaigun. Hemengo ingelesa Cadizko [Espainia] gaztelaniarekin aldera daiteke. Dena mozten dute, eta ez da ezer ulertzen.

Zer-nolako lanak aurki daitezke?

Batik bat turismoaren sektoreari loturikoak. Baina eraikuntza ere aukera ona da esperientzia pixka bat izanez gero. Hazten ari den herrialde bat izanik, eraikuntza ahaltsu dago. Gazte askok jotzen dute horretara. Gaur egun, esango nuke gazteen erdiak ez doazela unibertsitatera, ondo ordaindutako lanak dituztelako. Ikasketei garrantzi gutxiago ematen zaie, eta bizimodua errazago ateratzen dute.

Zergatik da berezia Australia surflarientzat?

Beti egon da surfaren kultura oso barneratua. Klimaren ondorioz, jendea egunero hondartzara joaten da. Halaber, olatu onak eta ehunka hondartza daudenez, profesionalek etorri nahi izaten dute. Coolangatta, esaterako, munduko toki garrantzitsuenetako bat da surfa egiteko. Hemen egin izan dira nazioarteko txapelketetako zenbait proba, nire etxeko leihoaren parean.

Euskal Herrira itzuliko al zarete?

Ez dakit. Niretzat, egokiena litzake sei hilabete hemen egitea eta beste sei hor. Familia bat sortzen baldin badut, gustatuko litzaidake nire seme-alabak sozialki Australiakoa bezalako inguru zibiko batean haztea. Baina, era berean, iruditzen zait hemen kultur arloan pobreak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.