ATZEKOZ AURRERA

Garai bateko harremana berrituz

XVIII. mendeko patatxe bat egiten ari dira Albaola Itsas Kultur Faktorian. Lapurdiko eta Gipuzkoako kortsarioek garai hartan izan zuten harremana goraipatu dute aurkezpenean.

Xabier Agote, Xabier Alberdi, L'Ordre des Corsaires Basques elkarteko kideak eta Pottoroak abesbatzako abeslariak, atzo, aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Nagore Arin.
Pasaia
2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Bidasoa ibaiaren urek bereizten dituzteLapurdi eta Gipuzkoa, baina, hain justu, bereizten dituen gauza berberak batzen ditu kostaldean. Itsasoak ez ezik, bertan bizitako istorioek batzen dituzte: kortsarioenek, adibidez. Hain zuzen, kortsarioek erabili ohi zituztenen pareko patatxe bat da Juanita Larando, eta egiteko prozesuan dago oraindik. Atzo aurkeztu zuten, Pasaian (Gipuzkoa), Albaola Itsas Kultur Faktorian. Faktoriako langileez eta bertara joan ziren bisitari eta kazetariez ez ezik, Donibane Lohizune-Ziburuko kortsarioz bete zen tailerra; jantzi eta guzti etorri dira. Hamabost metro ditu patatxeak, eta Orioko (Gipuzkoa) Mutiozabal ontziolaren planoetan oinarrituta ekin diote lanari. Eraikuntzaren nondik norakoak azaldu dituzte, Xabier Agote Albaolako presidentearen eta Xabier Alberdi Albaolako ikerketa arloko zuzendariaren gidaritzapean. «Orain arte eraiki izan ditugun txalupen artean handiena da, eta XVIII. mendean du jatorria», adierazi du Agotek. Bizkortasuna da txaluparen ezaugarri nagusia, eta belaz zein arraunez hartzen du abiadura: hogei arraunlari eraman ditzake, eta bi bela handi ditu.

Kortsarioak, han eta hemen

Kortsario artean eman dituzte patatxearen eta ontzi motaren gaineko xehetasunak. Beltzez jantzirik, kapa eta guzti; horrela etorri dira L'Ordre des Corsaires Basques Donibane Lohizune- Ziburuko elkarteko kortsarioak. Donostiako armarria daramate lepotik zintzilik, hiru muturreko txapela buruan, eta kortsarioen grina begietan. Lotura estua dute patatxeekin; izan ere, «itsasontzi kutuna» zen kortsarioen artean. Herri batetik bestera mezuak bidaltzeko erabili ohi zituzten ontziak; kostaldea zaintzeko ere bai. Kortsarioek, ordea, itsasontzi handietara gerturatzeko eta marinelei estutzeko erabili ohi zituzten patatxeak. Alberdiren esanetan, «ontziak arinak eta azkarrak ziren, portu seguru baten bila joan, lurmutur jakin baten atzean etsaiak ote zeuden ikusi, edo kostaldearen zaintza egitea ahalbidetzen zuten; horregatik zen kutuna kortsarioentzat, maniobra ugari egiteko aukera ematen zuelako».

Alberdiren arabera, «XVII. mendean Euskal Herriko kosta kortsarioz beteriko habia bat zen». Lapurdikoen eta Gipuzkoakoen artean harreman ona zegoela ere azaldu du, hitzarmen baten bidez elkarri ez erasotzeko erabakia hartu baitzuten. Horixe bera nabarmendu zuen L'Ordre des Corsaires Basques elkarteko ordezkariak ere; haren hitzetan, hitzarmenaren bidez «sendotu egin zen Bidasoa ibaiaren alde bateko eta besteko kortsario guztien harremana».

Hori esan eta gutxira ekin dio ordezkariak Alberdi ohorezko kortsario izendatzeari. 2016. urtean, Agote izan zen ohorezko euskal kortsario, eta, aurtengoan, Alberdiri egokitu zaio. Haren jakinduria azpimarratuz egin du izendapena, baina, hori egin baina lehenago, elikagai batzuk jateko esan dio: «Izendatu baino lehen, elikagai hauek jan behar dituzu: antxoa, sardina eta atuna». Horrela, ordezkariak esandakoa egin du Alberdik, «kristoren gorputza» adieraziz, eta bisitarien barre artean.

Baionako Pottoroak abesbatza izan da patatxearen aurkezpena amaitzearen arduraduna. Hiru abesti kantatu dituzte; azkena, Euskal Herriaren eta euskalkiensinboloa: Bagare. Iragana oroitu dute, eta garai hura biziberritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.