«Gero eta libreago sentitzen naiz»

Itsasoaren eta migrazioaren auzia landu ditu Cormenzanak Madrilen paratutako 'Vortices' erakusketan. Proiektuaren bidez, gizartea migrazioaz sentsibilizatu nahi du, «guztien» auzia baita.

BERRIA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun

Vórtices migrazioaren inguruko erakusketa inauguratu berri du Iruña Cormenzana (Iruñea, 1976) artistak Madril erdialdeko Medinaceliko Jesusen elizan. Elizaren kanpoaldean jarri dituzte erakusketa osatzen duten hogei muralak, herritarrek kaletik bertatik ikusteko.

Zein da erakusketaren ardatza?

Hiru alor elkartzen ditu: alde batetik, elizako monje kaputxinoak daude, bertzetik beraiekin lan egiten duen Sercade gobernuz kanpoko erakundea —migratzaileekin egiten dute lan—, eta, azkenik, erakusketaren hirugarren adarra nirea da. Nik proposatu nien artea kanpoaldera eramateko, herritarrek ikus zezaten zer lan egiten duten haiek migratzaileekin.

Nola sortu da erakusketa egiteko aukera?

Lanak lan gehiago ekarri ohi du berekin. Iruñeko ospitale bateko horman mural bat margotu, eta prentsan azaldu zen. Haiek hori ikusi, eta nigana jo zuten. Garairako oso ausartak izan dira. Emakumea naiz, ezezaguna, Madrildik kanpokoa, eta hala ere nire obrekin beraien eraikina forratzen utzi didate. Jende aparta da.

Migrazioaren auzia da erakusketaren funtsa. Zer erakutsi nahi izan duzu erakusketaren bidez?

Proiektu honekin, migrazioaz sentsibilizatu nahi dut jendea, guztion auzia baita. Migrazioa beti egon da, baina egia da orain ikusgarriagoa dela, edo errazago ikusten dela. Orain da ikusgarriena den unea.

Hogei muralek osatzen dute erakusketa. Zer adierazi nahi duzu?

Muralen bidez, itsasoaren bi aldeak kontrajarri nahi izan ditut. Batzuentzat itsasoa plazer eta deskantsurako da; aldiz, bertzeentzat abandonua eta heriotza dela erakutsi nahi izan dut. Eliza inguratzen duten hiru kaleak—Cervantes, Lope de Vega eta Jesusen Plaza forratu ditut itsasoaren kontrastea adierazteko, eta, horrela, mural bakoitzean historia bat adierazi dut. Uretan abandonatutako gorpu bat ikusten da, bakardade momentu hori, momentu intimo hori.

Nolakoa izan da sormen prozesua?

Batzuetan hagitz gogorra izan da. Niri lantzen ari naizen gaian sartzea gustatzen zait, eta baziren itota sentitzen nintzen une batzuk. Zaila izan da, ni kanpotik ari naizelako begira eta beraiek bertze errealitate bat dutelako. Haien historian murgiltzea izan da gogorrena.

Nola azaleratu duzu hori?

Gorputzak puztuta daude, denak koloreen bidez haragiztatzen saiatu naiz, pertsona horiei bizitza bat ematen. Beraiek historia kontatzeko eta gu hunkitzeko.

Artea errealitatea erakusteko bide da?

Bai. Artea errealitatean bizi da, nahiz eta bakoitzak bere erara azaleratuko duen, artea pertsonala baita. Artistak gizartean parte hartzen saiatzen gara. Zorte hori dugu, gainera, bertzeei erakustekoa.

Horrelako lan bat egitean, jendearen zer erreakzio bilatzen duzu?

Jendeak hausnartu dezan bilatzen dut, ez bertze deus.

25 urtetik gora daramatzazu artista gisa lanean. Nola definituko zenuke zure sorkuntza?

Muralean egiten den pintura gustatzen zait, metroak eta metroak margotzen uzten dizulako, ez daukalako amaierarik. Kartoiarekin ere lan egitea izugarri gustatzen zait; kartoiarekin ere laguntasun moduko bat lortu dut.

Urteekin, artea ulertzeko duzun modua aldatu dela uste duzu?

Ni neu aldatu naiz; gero eta libreago sentitzen naiz. Beti sentitu izan naiz libre, baina, ezagutza lortzen ari zaren heinean, gero eta askatasun handiagoa lortzen duzu. Biziagoa ere bihurtzen da, nahiz eta beti den bizia.

Madrilen erakusketa inauguratu berri duzu. Baduzu bertze proiekturik esku artean?

Orain pixka batean deskantsatuko dut. Azken proiektua hagitz latza izan da. Baina beti izaten dut bertze zerbait esku artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.