TXAPELA BURUAN. Oskar Anduiza. Alemanian bizi den bermeotarra

«Esperientzia berri bat bizitzeko asmoz etorri nintzen Alemaniara»

Sei urte dira Oskar Anduiza Alemaniara joan zela. Esperientzia bat bizitzera joan zen, aukera berrien bila, baina asmo jakinik gabe. Gustura dago, baina «lehenago edo beranduago» itzultzea da plana.

BERRIA.
Nagore Arin.
2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Esperientzia berri bat bizitzera joan zen Alemaniara Oskar Anduiza (Bermeo, Bizkaia, 1985). Sei urte igaro dira joan zenetik: lana aurkitu zuen, eta geroztik han bizi da, Ravensburg hirian.

Zer dela eta joan zinen?

Beti joan nahi izan dut atzerrira denboraldi bat pasatzera, eta tokia ez da izan inoiz inportanteena. Nekatuta nengoen lan baldintza kaskarrekin. Alemanian bizi den lagun batek esan zidan lan eskaintza handia zegoela: jende bila ari zirela. 2013ko irailean esan zidan hori, eta abendurako Alemanian nengoen.

Sei urte pasatu dira ordutik. Zer moduz igaro dituzu?

Egia esan, azken sei urteak hegan igaro dira. Denbora horretan, nire bikotekidea ezagutu dut, eta aita izan naiz. Gustura nabilela esan daiteke. Laster ohitu nintzen, bai egoerara bai lekura.

Joan zinenean, denbora luzean gelditzeko asmoa zenuen?

Ez. Esperientzia berri bat bizitzeko etorri nintzen, luzerako izango zen edo ez jakin gabe eta asmo jakinik gabe. Gustura zaudenean, denbora oharkabean pasatzen da.

Erraza izan zen eguneroko martxa hartzea eta egokitzea?

Alemaniara lan kontratu batekin heldu nintzen. Alemaniak oso leku serio eta zuzena dirudi, lan giroan bereziki, baina nire esperientziak guztiz aurkakoa erakutsi dit. Oso toki alaia aurkitu dut, eta lan giroa ere bikaina da. Enpresa berean nabil lanean; oso gustura nago.

Zertan egiten duzu lan?

Ordenagailuko birusak ikertzen hasi nintzen, baina gaur egun UX izeneko diseinuen [Erabiltzailearen Esperientzia] ikertzailea naiz. Inork ez du aplikazio konplexu eta zail bat nahi. Erabiltzaileentzat erosoagoa izateko asmoz, hainbat programa erabiltzeko erraztasunak ikertzen eta diseinatzen ditut. Nahiko berria da lana, baina oso erakargarria da: psikologia eta sormena biltzen ditu.

Arlo horretan lan egiteko aukera gehiago dago han hemen baino?

Etorkizuna duen esparru bat dela esango nuke, eta oraindik gehiago zabalduko dela uste dut. Gero eta enpresa gehiago konturatzen hasi dira Erabiltzaileen Esperientziak merkatuan duen garrantziaz, bai Alemanian, bai mundu zabalean. Baldintza hobeak bai, baina ez nuke esango lan egiteko aukera gehiago dagoenik.

Zerk harritu zintuen gehien?

Alemaniarren seriotasuna ez da hainbesterako, hegoaldean batez ere. Ni bizi naizen aldean guk uste baino alaiagoak eta irekiagoak dira. Gainera, uste nuen baino erlijiosoagoa da herrialdea. Lorategi txiki bat nuen lehengo pisuan, eta igande batean txukuntzea erabaki nuen. Txukuntzen ari nintzela, emakume bat garrasika agertu zen. Ez nuen ezer ulertu. Lankide batek azaldu zidan gertatutakoa: igandeetan ez da lanik egin behar, eta atseden eguna errespetatu egin behar da.

Zer moduz alemanarekin?

Nire ahultasunik handiena da. Apur bat ikasi dut, eta noizbehinka heltzen diot ikasten jarraitzeari. Kontua da lantokian ingelesez hitz egiten dugula, eta, etxean, batez ere gaztelaniaz. Ez dut asko erabiltzen. Hala ere, oraingoz ez dut galdu ondo hitz egiteko esperantza.

Izaten duzu herriminik?

Herrimina gero eta handiagoa da kanpoan zenbat eta denbora gehiago daramazunean. Urtean hiru aldiz joaten gara Euskal Herrira, baina oso laburrak egiten dira bisitak.

Zeren falta sumatzen duzu?

Familiarena eta lagunena ez ezik, hainbat ohituraren falta ere sumatzen dut etorri nintzenetik: kuadrillarekin portura zurito batzuk hartzera joatea eta pintxoak jatea; tabernako giroa, kaleko giroa, euskara entzutea... Baina eguraldiaren falta, adibidez, ez dut sumatzen.

Aurrera begira, hor imajinatzen duzu zeure burua?

Asmoa lehenago edo beranduago Euskal Herrira itzultzea da. Egoera apur bat hobetu beharko litzateke horretarako, lan munduari begira batez ere.

Koronabirusa ere iritsi da horra...

Bai, baina hemen ez dute indarrean jarri etxean egon beharra. Hala ere, etxean gelditzeko eskatu dute, eta jendeak eskaera errespetatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.