TXAPELA BURUAN. Munia El Marhoum. Herbehereetan bizi den lakuntzarra

«Herbehereetan lehen hitza nederlanderaz egiten dute beti»

Erasmus programaren barnean joan zen El Marhoum Utrechtera. Hilabete bat pasatuta, koronabirusaren krisiak harrapatu zuen: aurrez aurreko saioak eten, eta 'online' jarraitu du lanean. Laster da bueltan.

BERRIA.
Nagore Arin.
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ezustean eta etxetik urrun harrapatu du koronabirusak Munia El Marhoum (Lakuntza, Nafarroa, 1999). Ikastera joan zen Utrechtera (Herbehereak), eta, hilabete pasatuta, konfinatu egin behar izan du.

Erasmus programa dela-eta bizi zara Utrechten, ezta?

Bai. Urtarrilaren amaieran etorri nintzen, eta apur bat arraroa izan da: lehen hilabetean unibertsitatera joan nintzen, eta, hortik aurrera, online jarraitu dugu. Erasmus kontzeptua erabat aldatu da.

Beraz, bi aldiz egokitu behar izan duzu beste testuinguru batera...

Hasieran hemengo bizimodura egokitu behar izan nuen. Gerora,koronabirusaren krisia lehertu eta hankaz gora jarri zen guztia, baina hori guztioi gertatu zaigu.

Zuk aukeratu zenuen hara joatea?

Arraroa izan zen; izan ere, Kanada eta Erresuma Batua nituen lehen eta bigarren aukera gisa. Erresuma Batura joateko aukera lortu nuen, baina azkenean ez nintzen joan,brexit garaiarekin bat egingo zuela medio. Hala, Utrechtera etortzeko aukera sortu zen, baina hasieratik nuen hirien zerrenda horretan.

Zerk harritu zintuen gehien?

Ez direla sozialki horren irekiak. Herrialdeari buruzko irudi irekia dugu: inklusiboak direla, guztiaren alde daudela, guztia legezkoa dela... Horrela da, bai, baina pertsonalki indibidualistagoak direla esango nuke. Han ikuspegi sozialagoa dugu: komunitate izaera handiagoa dugu. Uste baino konformistagoak dira: zalantzan jarri gabe jarraitzen diete ideia eta lege guztiei.

Lakuntzaren antza du bizimodu eta erritmo aldetik?

Badaude nahiko antzekoak diren hainbat gauza, batez ere erritmoari dagokionez. Lakuntzatik Bilbora joan nintzen gradua ikastera, eta Lakuntza eta Bilbo ez dira, inola ere, antzekoak. Lakuntza eta Utrecht, aldiz, parekatu daitezke: lasaiagoak dira. Desberdintasunei begira, bakoitza bere gisara joaten dela nabarmenduko nuke.

Aisia ardatz, aukera zabala dago?

Antzoki ikusgarri bat dago hiriaren erdigunean, baina ezin izan gara joan... Kulturalki eskaintza zabala dago hor. Bestalde, parke eta gune berde ugari daude, eta hondartza faltsu bat ere bai. Aukera asko dago:aurkituko duzu gustuko zerbait.

Izan duzu bidaiatzeko astirik?

Bai, Belgikara joan ginen, Bruselara eta Gantera. Pisukide batekin joan nintzen. Halaber, oso erraza da Herbehereetan bidaiatzea; izan ere, txikia da dena. Unibertsitateko lan guztiak amaitzean Herbehereetan bidaiatu nahiko nuke: barregarria izango litzateke hona etorri eta ia Utrecht soilik ikusita itzultzea.

Zer moduz hizkuntzarekin?

Ingelesarekin ongi moldatzen naiz, baina nederlanderarekin, gaizki.Lehenengo hitza nederlanderaz egiten dute beti; ez dute sumatzen atzerritarra zaren edo ez. Aniztasun handiko tokia da, eta hori oso alde ona da. Ulertzen ez duzula ohartzen badira, ingelesera pasatuko dira. Hitzarmen akademikoan ezin izan nuen nederlandera hizkuntza gisa hautatu; beraz, ez dut ikasi.

Nola eragin dizu itxialdiak?

Klase asko online jaso ditugunez, bigarren zatiko ikaskideak ez ditut ezagutu ere egin: faltan sumatu dut jendearekin hurbiltasuna izatea. Orain dena da posta elektronikoz, eta azalpen bat aurrez aurre edo posta elektroniko bidez jasotzea ez da gauza bera. Euskal Herrian baino hobeto egon naiz: ez da erabateko konfinamendua ezarri. Hala ere, erronka izan da psikologikoki ongi eta osasuntsu mantentzea.

Une honetan, zein da egoera?

Egonkortu da egoera; neurriak arindu egin dituzte. Lehen binaka atera gintezkeen kalera, baina orain gehiago ere atera gaitezke.

Formakuntza da zu Utrechten egotearen arrazoia. Etorkizunean, egingo zenuke antzeko zeozer?

Neure buruari askotan galdetu diot ea pikutara joan ote den aukera hau: ez da nik espero nuen bezala izan. Lehen hilabetea ongi joan zen, eta, egoera arraroa izan bada ere, asko ikasi dut; izan ere, ideia batzuekin etorri eta beste batzuekin itzuliko naiz. Herrialdea ezagutu dut, baita jendea ere... Egingo nuke berriz ere, baina beste leku batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.