ATZEKOZ AURRERA. Gaspar Maza. Antropologoa

«Esparru publikoa ez da existitzen: atzean beti dago arduradunen bat»

Ekoizpen ereduaren aldaketak eta turismoak, besteak beste, 'zonbi espazioak' sortzen dituzte, Mazaren arabera: amaitu gabeko proiektuz beteriko lekuak dira. Haien inguruan hitz egingo du bihar Bilbon.

UNIVERSITAT ROVIRA I VIRGIL.
amaia igartua aristondo
2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Ez dago bizirik, baina ezta erabat hilda ere; hondarrak geratzen dira, eta bukatu gabeko proiektu mordo baten zantzuak; bizilagunak ditu, baina ez urte osoan. Zonbi espazio bat da, hain justu, artea eta hirigintza uztartzen dituen Idensitat elkartearen arabera. «Zatituta dagoen leku bat da, esku hartu dutelako hainbat eragilek, eta bakoitzak bere arrastoa utzi nahi izan duelako», Gaspar Maza (Santander, Espainia, 1962) antropologoak eta Idensitateko kideak azaldu duenez. Zonbi espazioez hitz egingo du bihar Bilboko Zorrotzaurreko Open gunean, 12:00etan, Urbanbatek eta Azkuna zentroak antolatuta, Behatokia egitasmoaren barruan.

Zonbi bilakatutako espazio batzuk ikertu dituzue Idensitaten. Zerk sortzen ditu halako guneak?

2012an hasi genuen proiektua, Gorg auzoan, Badalonan [Katalunia]. Oso desartikulatuta zegoen: hiri industriala izateari utzi, eta zerbitzu hiria izatera igaroa zen. Hango lantegietan ez da ezer ekoizten dagoeneko; soilik banaketarako balio dute. Valentziako portuan [Herrialde Katalanak], —Amerika Kopa eta 1 Formulako zirkuitua egon ziren tokietan—, etekinak lehenesten dituzten hainbat agentek esku hartzeak eginda zituzten, eta errai espazial batzuk topatu genituen.

Zer dira errai espazialak?

Arrastoak dira, bukatu gabeko proiektuenak eta abandonatutako lekuenak. Zorrotzaurren, adibidez, hitzaldia hartuko duen eraikina errai espazial bat da: Artiach fabrika. Orain, galletak beste toki batean egiten dira, baina eraikina han geratu da.

Turismoak ere zonbi espazioak sorrarazten ditu?

Aldagaietako bat izan daiteke. Proiektu handi horiek guztiak hirietan daude. Turismoa agertzen da, eta dena egiten da haren arabera; eremuok baldintzatzen ditu.

Horrekin lotuta, aktibatu eta desaktibatu egiten diren guneak sortzen dira, diozuenez.

Bai, garaiaren arabera. Pertsona batzuk hirian bizi dira neguan, eta udan gune horietara bidaiatzen dute; orduan, guneok aktibatzen dituzte, lehenago ez baitzen inor bizi haietan. Horretaz konturatu ginen, adibidez, Magalufen [Herrialde Katalanak]: lau poliziatik laurehunera igaro da, kontrolatu beharreko okupazio bat jazo baita.

Zer ardura dute erakunde publikoek zonbifikazioan?

Kontuan izan behar dugu ez direla gauza bera esparrua eta publikoa. Kapitalismoak bereizi egin ditu: batetik, eremuetako esku hartzeak daude, eta, bestetik, pertsonengan egiten direnak. Askotan, administrazioek eragiten dute eremuetan, baina ez publikoengan —pertsonengan—, eta alderantziz. Seguruenik, hortik distortsioak etor litezke.

Arteak elementuok lotu ditzake?

Lagun dezake esparru publiko bat marrazten, baina ez aldatzen. Hala ere, nik asko sinisten dut esku hartze artistikoetan. Uste dut geratzen den konponbide bakarra direla.

Zer da, egun, esparru publikoa?

Joera dago pentsatzeko esparru publikoa publikoarena dela, baina ez; eremu pribatizatu bat da, non agintzen duten konpainia handiek edo udalak —zoruaren jabea da—. Baina esparru publikoa ez da existitzen, atzean beti baitago arduradunen bat.

Zonbifikazioa memoria kolektiboaren desagerpenarekin ere lotzen duzue. Memoria berreskuratzeak lagun dezake eremu horiek bereganatzen?

Memoria berreskuratzean, berreskuratzen ditugu iraganarekiko identifikazio batzuk: ezabatu diren lanak oroitzen ditugu, edo kontatzen dugu nola bizi zen senide bat toki jakin batean... Adibidez, Zorrotzaurren ofizio batzuk berreskuratu nahi dituzte, museifikatuta.

Museifikazioak badu arriskua?

Zonbifikazioa sustatu lezake, pertsonak objektu bihur baititzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.