Nazioak, estatuak: erabaki eskubidea. Nazioarteko jardunaldiak. Graham Avery. Oxfordeko Unibertsitateko irakaslea

«Zalantzatik irtenbideak bilatzera igaro ohi da Europa»

J. O.
jon olano
Donostia
2014ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Ongi ezagutzen du Graham Averyk (Gales, 1943) Europako Batasuna. 33 urtez aritu zen Europako Batzordearentzat lanean, eta European Policy Centre-ko aholkularia da.

Zer ondorio atera daitezke EBn eman diren muga aldaketen inguruan?

Europan azken 20 urteotan muga nazionalen aldaketa ugari izan dira. Estatu berriak sortu dira, eta horietako ugari Europako Batasuneko kide dira. Azken hamahiru urteetan EBk hamar kide berri ditu, eta horietatik zazpik azken hamarkadetan lortu edo berreskuratu dute independentzia. Bestalde, Europako itunetan, independentziaren auzia ez da aipatzen. Itunetan azaltzen da nola egin EBko kide, nola utzi kide izateari, baina ez nola banandu daitekeen estatu kide bat bi estatu kidetan. Horregatik dira Katalunia eta Eskoziako auziak galdera berri bat EBrentzat.

Eta zein jarrera hartuko duela uste duzu?

Esperientziak erakutsi du EBk ez duela politika espliziturik independentziaren aurrean; estatu kideen konstituzioak errespetatzea da bere politika. EBko kide batek ere ez du zalantzan jartzen Espainiako Konstituzioaz Madrilek egiten duen interpretazioa, ez baitu nahi Madrilek haren konstituzioa interpretatzea. Beraz, ezin da espero EBk zuzenean esku hartzea, baina esperientziak dio hasieran estatuak independentziarekiko zalantzati azaltzen badira ere, independentzia berehalakoa denean arazoei konponbide bat bilatzearen alde agertzen direla.

Zein da EB independentziaren kontrako jarreratik irtenbideak bilatzera igarotzen den unea?

Europako politikarientzat oso zaila da jakitea noiz den beharrezkoa besteen kontuetan parte hartzea, baina nire ustez, gero eta kezka handiagoa dagoela Europako Batasuneko hiriburu ezberdinetan. Eskoziaren kasuan, EB neutrala izan zen, eta eskoziarren emaitzaren zain geratu zen. Madrilek hausnartu beharko luke Eskoziako irakaspenez; adibidez, erabakitzeko eskubidea nahi izatea ez dela independentzia nahi izatearen berdina.

EB: estatu batasuna ala herritarren batasuna?

Europako Batasuneko herritartasuna garatzen ari den kontzeptua da, eta oraindik ez gara garapen horren amaierara iritsi. Noski, EBko herritarrek duten oinarrizko eskubideetako bat Europako Parlamentuan botoa ematekoa da. Horrek erakusten du EB estatuen batasuna baino askoz gehiago dela. EBren oinarrizko ideian gizakiak daude. Egia da, hala ere, EBko herritartasuna lortzeko estatu kide bateko hiritar izan behar zarela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.