Sindikatuek ordezkarien erdiak izango dituzte jokoan ekainera bitarte

Hurrengo bederatzi hilabeteetan hauteskunde sindikalak abiatuko dituzte Hego Euskal Herriko lantoki handietako gehienetan.

Hauteskunde sindikaletarako ELAren kanpainaren aurkezpena. Erdian, Mitxel Lakuntza idazkari nagusia. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Mugimendu eta ardura handiko hilabeteak datozkie Hego Euskal Herrian ordezkaritza duten sindikatuei. ELAk publiko eginiko datuen arabera, aurtengo urritik 2023ko ekainera arteko epean Hego Euskal Herriko lantokietako delegatuen %47 aukeratzeko hauteskundeak egingo dira. Egun, ELAk du gehiengoa (%36), eta kopuru hori handitzeko asmoz aurkeztuko da, Gehien behar duzunean... lelopean. LABek gaur emango du kanpainarako bere asmoen berri.

Urrian hasiko da hauteskunde sindikalen epe trinkoa delakoa. Bederatzi hilabeteko tarte bat da, eta lantoki askotan egiten dira bozketak. «Hauteskunde sindikaletara deitu zen lehen aldian, tarte horretan egin ziren bozketetako asko, eta lau urtean behin errepikatzen den pilaketa bat da», azaldu du Joseba Villarreal ELAren hauteskunde arduradunak. Eta ordezkarien beste %53? Bozketak epe trinkotik kanpo egiten dituzten lantokiak dira.

Epe trinkoan lantoki handi gehienetako hauteskundeak egiten dira, publikoak eta pribatuak. Eremu publikoan, esaterako, Eusko Jaurlaritzako administrazio publikokoak egiten dira, hezkuntzakoak, udaletakoak... Osakidetza eta Ertzaintza dira salbuespena, tarte horretatik kanpo egiten baitira.

Eta pribatuan? «Imajinatu daitezkeen metalgintzako enpresa handi guztiak daude. Esaterako, urrian Bellotan eta Cie Automotiven egingo dira. Gasteizko Mercedesekoak ere aurki dira, eta Nafarroako VWekoak, maiatzean», aletu du Villarrealek. Azken bi horiek langile gehien dituzten Euskal Herriko lantegiak dira.

Hego Euskal Herriko lantokietan 24.335 ordezkari daude egun, eta 11.591 jarriko dira jokoan ekainera arte. Egun —ekainekoa da azken neurketa—, ELA da ordezkari gehien duen sindikatua (%35,95); CCOO da bigarrena (%20,06); LAB hirugarrena (%19,08), eta UGT laugarrena (%14,31). Sindikatu txikiagoek edo enpresa edo sektore jakin batzuetakoek %10,57ko ordezkaritza dute.

Azken hauteskundeetako bilakaerari erreparatuz gero, ELA %36ren inguruan dabil 2006az geroztik. LABek goranzko joera du, eta %15,6tik %19ra igo da azken hamasei urteetan. CCOOk, berriz, jaitsiera txiki bat izan du, %21etik %20ra, eta UGT da ordezkari gehien galdu dituen sindikatua: 2006an %17,4ko ordezkaritza zuen, eta %14,3koa egun. ELA da ordezkari gehien duen sindikatua, eta baita epe trinko honetan, batezbestekoetan, jokoan gehien dituena ere. Berriz hautatu behar diren ordezkarien %37 haienak dira; %21,6, LABenak; %17,8, CCOOrenak, eta %13, UGTrenak.

ELA kopuru hori handitzeko asmoz aurkeztuko da hauteskundeetara. «Gehien behar dutenentzat benetako tresna bat izan nahi dugu», nabarmendu du Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak kanpainaren aurkezpenean. Alde horretatik, nabarmendu du akordio guztiak ez direla berdinak, eta «akordio onak» ELAren bitartez lortzen direla: «Esperientziak erakutsi digu borroka eta grebarik gabe ezin dela akordio onik lortu. ELAk bakarrik du patronalaren xantaiari aurre egiteko gaitasuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.