LABen afiliazioa %4 igo da, gazteen artean gehien

jokin sagarzazu
2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
2019. urtea «oso ona» izan da LABentzat, afiliazioetan bederen: 1.658 kide batu ditu:%3,96 gora. Egun, 43.547 afiliatu ditu. Emakume gehiagok bat egin dute: 841ek; gizonak 832 dira. Eta afiliatu berri gehienak 18-30 urte bitartekoak dira: 1.153, kide berri denen % 69,5.

Eskualdeka, Ipar Euskal Herrikoetan izan ezik —%5,43 behera, 29 kide gutxiago—, beste guztietan gora egin du afiliazioak. Nafarroako Erriberan eta Erdialdean izan du igoerarik handiena ehunekoetan: %10,53. Kopuruan, Gasteizen eta Arabako Errioxan: 343 afiliatu berri. Igoerarik txikiena, aldiz, Urola Kostan eta Debagoienean —ez da %1era iritsi—. Iruñerrian eta Pirinioetan ditu kide gehien: 5.289. «Datuok erakusten dute bide onetik goazela, gure proiektuarekiko atxikimendu gero eta zabalagoa delako», azpimarratu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak.

LABeko buruak hauteskunde sindikaletako emaitzak ere nabarmendu ditu. Sindikatuak 5.797 boto gehiago eskuratu zituen iaz—73.220 guztira—. Egun, %18,93ko babesa dauka Hegoaldean, eta bigarren indarretik —CCOOtik— gertuago dago, puntu batera; lehen indarrak, ELAk, %36,45eko babesa dauka. LABen helburua da «epe ertainean» Hegoaldeko bigarren sindikatua izatea.

Borroka molde berriak

Datu horiek eta aurrera begirako erronkak azalduko dituzte martxoaren 26an, Gasteizen egingo duten Biltzar Arteko Batzarrean. Han, besteak beste, «borroka molde berriak» aztertuko dituzte. «Ofentsibara egindako greba orokor batetik gatoz, eta horrek indarra ematen ditugu borroka sindikal berriak irekitzeko», azaldu du Aranburuk.

Horrekin batera, LABek «sindikalismo feminista bateranzko trantsizioarekin» jarraitzeko helburua jarri dio bere buruari, bai eta ekosozialismoan eta «klase subjektuaren berrosaketan» urratsak egiteko ere. Programa sozioekonomiko bat osatu eta aurkezteko xedea du, halaber, eta herri burujabetzaren bidea defendatzen jarraitzekoa, otsailaren 5ean, Bilbon, ELArekin eta Kataluniako CSC eta Galiziako CIG sindikatuekin batera aurkeztutako agendaren ildotik. «[Espainiako] Estatuan ireki den fase politiko berriaren aurrean, gobernuaren eta EAJren apustua da egungo erregimena mantentzea. [Gernikako] Estatutua 40 urtez bete gabe egon ondoren, ezin da garaipen bezala hartu transferentziak itundu izana», salatu du Aranburuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.