Sinn Fein: «'Brexit'-a mehatxu erreala da bake akordioarentzat»

mikel rodriguez
2019ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Britainia Handian bezain egun aztoratua izan zuten atzokoa ondoko uhartean, Irlandan. Irla bitan banatzen duen muga da brexit-a gauzatzeko oztoporik handiena, eta hango hedabideetan berri eta adierazpen larrituak ugaritu egin ziren atzo akordiorik gabeko egoera baten arriskuarengatik. Muga gogor bat berrezartzeak ekonomian eta mugimenduan ezar litzakeen zailtasunak dira Irlandako herritar anitzen lehenbiziko kezka, baina egoera horretara itzultzeak nazionalisten eta unionisten arteko bizikidetzan kalterik egin ote dezakeen da funtsean larritasunik handiena sortzen duena.

1998ko Ostiral Santuko Akordioak bukatu zuen 1960ko hamarkadan piztu zen gatazka armatua. Sinn Fein alderdi errepublikanoak atzo ohartarazi zuen brexit-ak arriskuan jar lezakeela itun harekin lortu den egonkortasuna. «Brexit-a mehatxu erreala da. Elkarrekin lan egin behar dugu akordioa defendatzeko. Ezin da muga gogor bat itzuli», adierazi zuen Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidenteak Washingtonen, AEBetako Kongresuko Irlandaren Lagunak taldea osatzen duten ordezkariekin egin zuen bilera batean. Herenegun CNN kateari elkarrizketa bat eman zion McDonaldek, eta erran zion akordiorik gabeko brexit-a ezarriz gero, Sinn Feinek Irlanda osoa errepublika bakarrean batzeko erreferendum baten alde eginen duela.

Autonomia, arriskuan

Bakea egonkortzeko ezaugarri garrantzitsuak izan ziren su-etena eta armagabetzea, muga ezabatzea eta Ipar Irlandan autonomia ezartzea. 2017ko urtarriletik gobernu autonomoa osatu ezinik ari dira alderdiak, eta Londresek hartu du hainbat eskumenen ardura. Michael Gove Erresuma Batuko Ingurumen ministroak atzo Komunen Ganberan adierazi zuen akordiorik gabeko brexit batekin Londresek autonomia kendu beharko liokeela Ipar Irlandari, hango alderdiak gobernua osatzeko ados paratu ezean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.