Frantziako Tourra

Benetan ari da

Julian Alaphilippek ezustea eman du erlojupekoan: irabazi egin du, eta lehen postuari eutsi dio. Oro har, alde txikiak egon dira faboritoen artean
Julian Alaphilippe ahalegin betean, atzoko erlojupekoan.
Julian Alaphilippe ahalegin betean, atzoko erlojupekoan. YOAN VALAT/ EFE Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko uztailak 20
Julian Alaphilippe (Deceuninck-Quick Step) beste dimentsio batean sartu da. Orain arte, kausarik gabeko iraultzaile bat izan da. Dinamitari bat klasiko handien eta astebeteko itzulien ehizan. Txirrindularitza ausartaren ikur, edozein bazterretan erasoa jo eta atzera begiratzen ez zuen ero maitagarria zen. Dumasen mosketarien itxura du, bizartxoa eta bibote fina, eta mosketarien adoreari ohore egin izan die. Haren kredoa hori izan da, zaleak erotu dituena, baina atzoko erlojupekoak aldatu egingo du. Elastiko horia galduko zuela zioten pronostikoak zapuztu, eta aurpegia aldatu dio Frantziako Tourrari. Lider iritsi zen banakako lanera, eta lider irten da Pauetik (Okzitania). Mugarri guztietan Geraint Thomasek (Ineos) baino denbora hobeak egin zituen, eta hamalau segundo lehenago gelditu zuen erlojua. 1.26ren aldea du sailkapen nagusian. Alaphilippe benetan ari da.

Liderrak mezua bidali zion atzo tropel osoari: ez du elastiko horia erantzi nahi. Garesti salduko du. Frantzia osoaren ilusioa piztu du, eta kendu nahi dionak izerdia bota beharko du. «Aurrerantzean, agian, lehiatzeko modua aldatu beharko dut», esan zuen atzo, helmugan. Dena aldatu da. Azalpenaren aurretik, baina, bizpahiru bota esan zuen: «Ezin dut sinetsi!». Alaphilippe ez da errena erlojupekoetan, baina ezta ere espezialista handi. Halere, zaleen oihuak hauspotuta, hegan egin zuen, gorabeheraz jositako ibilbide deseroso eta makur batean. Lehen mugarrian (7,7 km), Steven Kruijswijk (Jumbo) baino bost segundo bizkorragoa izan zen. Bigarrenean (15,5 km), Thomasek egin zuen bigarren markarik onena, sei segundora, eta, hirugarrenean (21, 9 km), galestarra izan zen bigarren, bost segundora.

Elastiko horiak hegoak eman zizkion Alaphilipperi. Orain, ikusi behar Pirinioetako hordagoari nahikoa diren ala ez. Mendate luzeko egunetan txakalaldiak izan ditu aurreko urteetan, baina sasoi puntu honekin, nork jakin. Oraingoz, hautagai serioa da. Eta beharko du fin ibili, atzo Thomas bigarren izan zelako, baina hark ez zuen erlojupeko txarra egin. Maila ona eman zuen, eta tarte politak lortu zituen beste faboritoekiko. Oro har, espero baino alde txikiagoak izan ziren, baina aurkari zuzen asko urrun ditu taldekako erlojupekoari eta haize-babesen segadari esker. Bide batez, orain ez dago eztabaidarik Ineoseko liderraren inguruan. Egan Bernalek 1.22 galdu zuen taldekidearekiko, eta 1.36ra dago orain nagusian. Dave Brailsford ezagututa, kolonbiar gazteari morroi lana egokituko zaio.

Erlojupeko proben balantzea egitea ez da erraza, baina ezinbestean irabazleen eta galtzaileen zerrenda egin behar da. Indartuta irten ziren, esaterako, Steven Kruijswijk (Jumbo), 45 segundo galdu baitzituen bakarrik; Thibault Pinotek (FDJ), 49; Enric Masek (Deceuninck-Quick Step), 58; eta Rigoberto Uranek (E. Fisrt), 36. Bizkarrekoa hartu zuten, aldiz, Egan Bernalek, Adam Yatesek (Mitchelton) eta Nairo Quintanak (Movistar). Azken horiek ez zuten egun ona izan, eta 3.55era daude sailkapen nagusian. Arkea Samsic taldeak atzo baieztatu zuen Quintana fitxatu duela hurrengo sasoirako, baina albistea ez zen izan motibaziorako iturri berezia.

Quintanak, esaterako, Mikel Landak baino denbora txarragoa egin zuen. Murgiarrak,izan ere, lan txukuna egin zuen: 1.45 galdu zuen Alaphilippekiko, eta sei minutura dago sailkapenean. «Ondo sumatu dut nire burua; gustura nago eginikoarekin. Italiako Giroan bezala sumatzen ditut hankak». Erne, gaur du bere onena emateko aukera. Galtzaileak aipatzean, baina, Wout van Aert (Jumbo) nabarmendu behar da. Erlojupeko bikaina egiten ari zen, baina istripu larria izan zuen, helmugatik kilometro batera. Bihurgune bat oso itxi hartu, eta eskuineko izterra metalezko hesi batzuetan trabatu zitzaion. Lurrera erori, eta zauri handia egin zuen izterrean. Min keinu nabarmenak egin zituen, eta anbulantzian eraman zuten ospitalera. Bart, ebakuntza egin behar izan zioten izterreko zauria ixteko.

Gaur, Tourmalet

Gaur, etapa motz eta menditsua jokatuko dute. Tropelak Tarbes eta Tourmaleteko gainaren arteko 117 kilometroko ibilbidea egin behar izango du. Txirrindulariek Soulor igoko dute lehenbizi (11, 9 kilometro eta %7,7), eta, amaitzeko, Tourmalet ezaguna. Hemeretzi kilometroko igoera da, batez besteko %7,4ko pendizarekin. Helmuga tontorrean dago. Min egiteko indarra duenak, gaur badu non eraso.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna