Cebek: «Ehun pertsona Bizkaia kaltetzen ari dira»

xabier martin
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Bilboko aireportuko langileek erabaki dute beren lanaldiak gauera ez luzatzea Eurokopa jokatzen den bitartean (uztailean), eta deliberazio horrek mindu egin du Cebek Bizkaiko patronala. Iñaki Garcinuño presidenteak esan zuen atzo lantalde horren «eskubidea» dela lan hitzarmenak jasotakoa betearaztea, baina «kalte ekonomiko argia» eragiten ari zaiela Bizkaiari. «Lan erreforma kritikatzen da desorekak sortzen dituelakoan enpresariaren alde, baina hemen lan itun bat dago, zeinak modua ematen du ehun pertsonak garapen ekonomiko bat galarazteko eta kalte egiteko ekitaldi baten onura espero duen gizarte bati». Erantsi zuen errealitate horrek islatzen duela «langileen eta sindikatuen botere handia». Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Garcinuñok azaldu zuen ez duela ulertzen «egoitza guztien artean» Bilbo izatea bakarra gaueko hegaldirik gabe Eurokopa jokatzen denean. «Txanda batzuk baizik ez dira egun gutxi batzuetan».

«Azal lodiko» langileak

Egungo lan araudiak eragiten duen langileen aldeko ustezko desoreka gehiago aipatu nahi izan zituen Cebekeko buruak, eta sindikatuen ordezkariak jarri zituen miran. «Ordu sindikalak beharrezkoak dira ekintza sindikala egin dadin, baina portzentaje handi batean aitzakia dira ostiralean pagatutako baimena lortzeko». Berehala egin zuen ñabardura bat ordezkari sindikal guztiak zaku berean ez zituela sartu nahi adierazteko. «Ez naiz ari esaten ordezkari sindikal guztiak azal lodikoak direnik; hautapen horiek beren lankideek ere egiten dituzte».

Lan istripuen kopuruak urte hasieran izan duen gorakadaz ere galdetu zioten Garcinuñori. Bada, harentzat, «demagogia handia dago» gai horri buruz. Lan istripu larriek %20 egin dutela behera esan zuen, eta sindikatuei eskatu zien «zuhur» joka dezatela inori erantzukizuna hartzea galdegitean.

Urtea hasi denetik 11 dira beharrean hildako langileak, eta Zaldibarko luizian beste bi langile daude desagerturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.