Iñigo Peña. Piraguista

«Ea urtea biribiltzerik dugun beste domina batekin»

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Kerman Garralda Zubimendi.
2017ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Munduko Kopan eta Europako Txapelketan urreak irabazi ostean, Iñigo Peña (Zumaia, Gipuzkoa, 1990) K21.000 mailan dominen borrokan ibiliko da, oker handirik ezean. Domina bilduma osatzeko falta zaion bakarra da.

Zer moduz topatu duzu ura?

Pista ezaguna dut, laugarren aldia da jada hona natorrela. Gustura aritzen naiz hemen.

Urduri zaude lehiatzen hasi aurreko orduetan?

Ez. Oraingoz lasai nago.

Azkenean ez zara K4 mailan lehiatuko.

Uko egin diogu ez delako olinpiar proba, eta, ondorioz, K4a bigarren mailako helburua zen. Gainera, federazioak ere ez zuen argi zeinek osatuko zuen taldea, eta nahasgarria zen guztia. Azken orduan, gure tokiari uko egin eta K2an zentratzea erabaki dugu.

Orduan, zein helburu duzu K2an? Ezinbestean irabaztea?

Irabaztea beti da zaila, eta Munduko Txapelketa batean are eta gehiago. Dominen lehian egotea emaitza ona izango da.

Irabaztea zaila dela diozu, baina aurten dagoeneko Munduko Kopan lortu duzue urrea.

Aurtengo denboraldia ikusgarria izan da, bi Munduko Kopa irabazi baititugu; batean, gainera, munduko marka hobetuz. Europako Txapelketan ere urrezko eta brontzezko dominak irabazi ditugu. Eta orain urteko lehiaketarik garrantzitsuena: Munduko Txapelketa. Ea urtea biribiltzerik dugun beste domina batekin.

Urteko txapelketarik garrantzitsuenean ezin duzu hutsik egin. Presioa nabari duzue?

Munduko Txapelketan ezer gertatuta ere, urtea oso ona litzateke, izugarrizko emaitzak lortu baititugu. Era berean, emaitza on horiek guztiek konfiantza ematen digute, ez presioa. Aurreko txapelketetan ikusi da onenen parean gaudela gutxienik, edozein proba irabazteko gai garela, eta horrek konfiantza handia ematen digu Munduko Txapelketan lehiatzeko.

Nola mantentzen duzue sasoia? Maiatzean dagoeneko irabazten zenbiltzaten.

Ustez, sasoirik onena orain izan behar dugu, prestaketa guztia Munduko Txapelketara bete-betean iristeko antolatu genuelako. Eta nik uste horrela dela. Egia da maiatzetik oso indartsu gaudela, baina Europako Txapelketara baxuago iritsi ginen, abuztuan hautaketa probetara eta Munduko Txapelketara ondo sentituz iristeko.

Eta nola eusten diozue irabazteko grinari?

Munduko Txapelketan motibaziorik ez da falta. Gainera, ez dut dominarik Munduko Txapelketan, eta lehendabizikoa lortzeko gogo handia dut.

Zeintzuk izango dira aurkaririk zailenak horretarako?

Faborito nagusiak alemaniarrak dira, Olinpiar Jokoetako eta Europako txapeldunak direlako. Ukrainarrak ere oso indartsu daude; hungariarrak, serbiarrak... Lauzpabost selekzio egongo gara dominengatik borrokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.